Eguna: 11-3

  • 2017-11-3. Ezkurra II.ak eta Ionek irabazi zuten Azpeitiko XVIII. Erremonte Txapelketa, finalean Etxeberria IV.a eta Endika 40-26 garaituta.
  • 2017-11-3. Kataluniako Gobernuko hainbat kideren espetxeratzea gaitzetsi zuten Udalak eta 300 inguru herritarrek, plazan egindako elkarretaratzean.
  • 2010-11-3. Alaitz Olaizolak 'Mikel eta Mikaela' liburua kaleratu zuen.
  • 2004-11-3. 2002ko Elegante Egunean Jose Mari Bastida orduko alkatearekin izandako liskarrengatik bina urteko kartzela zigorra eta isunak jaso zituzten bederatzi gaztek.
  • 2001-11-3. Urrian Pumori (Nepal) mendian hil ziren Beñat Arrue azpeitiarrari eta Iñaki Aiertza aizarnazabaldarrari agurra egin zieten Izarraitz frontoian eginiko omenaldian.
  • 1966-11-3. Urolako Kultur Mankomunitatearen lehen Gestora Batzordea sortu zuten.
  • 1941-11-3. Joxe Urbieta 'Takolo' jaio zen. Mendizalea izan zen. Esaterako, euskal espedizio batek Everest munduko mendirik handiena igo zuenean -1980an-, taldeko kidea zen Takolo.
  • 1909-11-3. Riff lurraldeko borrokan ziren hamalau herritar soldaduk alkateari idatzi zioten gutunaren berri eman zuten. Laguntza eskatu zioten, eta Udalak haietako bakoitzari 17'50 pezeta bidaltzea erabaki zuen.
  • 1909-11-3. Herriko garbitokian egin nahi zituzten konponketa eta egokitze lanen planoak eta aurrekontua onartu zituen Udalak.
  • 1897-11-3. Diputazioari 3.989'23 pezeta ordaintzea erabaki zuten. Herriari tokatzen zitzaizkionak ziren epaitegiko gastuei aurre egiteko -1896ko azaroaren 15etik, 1897ko ekainaren 30era bitartekoak-.
  • 1894-11-3. Joakin Iriarte Agirrezabal jesuita jaio zen. Irakaslea eta idazlea izan zen, eta haren lanak batez ere 'Razón y Fé', 'Pensamiento', 'Hispania' eta 'Gregorienum' aldizkarietan argitaratu zituzten.
  • 1886-11-3. Ziriako Barrenak, beste herritar batzuekin bat eginik, marrazki eskola herrian martxan jartzeko eskatu zuen, Teodoro Erentxunek irakasle lanetarako zeukan trebetasuna aprobetxatuz. Udalari egokia izan zitekeela iruditu zitzaion, eta Joxe Inazio Zudupe erregidoreari gaia ongi aztertzea agindu zion.
  • 1811-11-3. Herrian zegoen Frantziako tropa eta honekin eginiko gastuen berri kontsulatuari aurkeztea erabaki zuten, aurreko hilean eginikoak 52.182 erreal eta 23 marai zirela esanez, eta berak aurreratutako laguntza 31.000 errealekoa zela.
  • 1730-11-3. Herriko basoetan sua egitea behin baino gehiagotan debekatu bazuten ere -horretarako baimena basoak erosten zituztenek baino ez zuten-, parrokien bidez berriro erabaki eta adierazi zuten mila maraiko isuna eta zortzi eguneko kartzela zigorra agindua betetzen ez zuenarentzat.
  • 1697-11-3. San Agustin monastegiko alderdi batzuk nahiko gaizki eginak zeudela esan zuen maisu harginak.
  • 1670-11-3. Kexa zenez herrian harakinak ardia saltzen zeudenez ahariaren tokian -eta honen prezioan, gainera- herriko fidelari gertatzen zenaren berri jakiteko agindu zioten, zigorra ezartzeko.
  • 1656-11-3. Herritarrak haserrea zeuden, sagardorik ez zutelako salgai jarri nahi bera zutenek. Hori gogoan izanik, Udalak Martin Erkizia eta Lorentzo Iruretari deitu zien, eta agindu zien sagardoa zutenen zerrenda osatzeko berehala, zozketa baten ondoren salgai jar zezaten txandak izendatuz.
  • 1641-11-3. Udalbatzarrean ahotsa eta botoa izanik, orduan agertu ez ziren kaparetasuna zuten herritarrei 400 maraiko isuna ezartzea erabaki zuten.
  • 1584-11-3. Errebalean Pedro Otxa Eizagirrek, testamenduaren bidez, herriko behartsuentzat sortua zuen ospitalea zegoen. Ondoren, Santxa Eizagirre alabak eta Pedro Fernandez Olaberria semeak hartu zuten. Baina Esteban Arriaranek eginiko eskritura baten bidez, bertan sartu ziren agustindar fraideak, behartsuak bidali ondoren. Herriak gestioak egitea erabaki zuen, berriro etxea eskuratzeko.
  • 1569-11-3. Parrokiko aterpean haur utzi bat zegoen eta haztea erabaki zuten herriaren aldetik, inguruko herrietako alkateei ahaleginak egitea eskatuz, haurraren gurasoak nortzuk izan zitezkeen jakiteko.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan