Eguna: 11-4

  • 2009-11-4. Udalak eta Foru Aldundiak euskara sustatzeko hitzarmena sinatu zuten.
  • 1986-11-4. Izarraitz pilotalekuan omenaldia egin zioten Cesar Valverde zenari; pilotazale porrokatua izan zen.
  • 1986-11-4. Herriak adierazi zen benetan gaizki portatu zirela fraideak herriarekin, zalantzan jarririk biztanleen odol garbia eta kaparetasunean ukiturik. Martin Eleizalderekin eta Pedro Arriagarekin batera, Juan Lopez Ondarra, Domingo Arandia, Inazio Agirre eta Inigo Alzagari eskribauarekin San Agustin komentura joan eta albistearen berri emateko eskatu zieten, ondoren priorea eta fraideei galdetuz euren artean sortutakoak ziren edo ez abokatuaren hitzak.
  • 1986-11-4. Fraideekin eginiko bileran jasotako aktaren berri eman zuten, Juan Benantxio Dareto abokatuaren jokaera salatu zuten, eta prioreari eskatu zioten hari adierazteko herriak jarri zuen auziaren berri. Prioreak, ordea, esan zuen ez zela horrelakorik egiten ausartzen, aurrez bere probintzialarekin harremanetan jarri gabe. Prioreak zioen herriaren ordezkariek beharreko neurriak hartu gabe ez zirela geldituko adierazi ziotela.
  • 1925-11-4. Karmelo Etxegarai hil zen, Gernika-Lumon.
  • 1914-11-4. Erretoreak egin zuen gonbitearen berri eman zuten: hurrengo igandean Udalari parrokiko meza nagusira korporazioan agertzeko eskatzea, elizkizunean eliza kontsakratuko zela-eta.
  • 1912-11-4. Udalak herri ordenantza berriak onartu zituen.
  • 1867-11-4. Herritarrek eta Pauleko (Espainia) San Vicente Konferentziako kideek herriari txostena aurkeztu zioten, eta jakinarazi igande-eskola martxan jartzea erabaki zutela, goizeko zortzietatik bederatzi eta erdiak bitartean zabalik izango zela, astegunetan eskola alde batera utzi eta lanera joan behar izaten zuten gazteentzat, baita nahi zuten helduentzat ere. Umeen herri eskolako lokala eskaintzea erabaki zuen Udalak, eta beharreko luma eta tinta ordaintzea herriak.
  • 1867-11-4. Nuarbe auzoko biztanle batzuek, idatzi baten bidez, bertako elizak nolako egoera zuen adierazi zuten: hezetasuna agertzen zuela toki guztietan eta txikiegia gelditu zela azkenaldian. Konponketa lanak egitea eskatu zioten herriari, eta bertako biztanleek ekartzeko behar ziren materialak. Eskaera, Urrestillako eta herriko erretoreen eskuetara pasatzea erabaki zuten.
  • 1729-11-4. Jakinean izanik nolako prezioa zuten behi eta ahari haragiek inguruko herrietan, agintariek hurrengo lehen larunbatetik aurrera batarena eta bestearena zerbait altxatzea erabaki zuten, eta pregonariaren bidez zabaldu zuten albistea. Eskribauari, berriz, agindu zioten haragiaren hornikuntza egiten zuenari -Joan Larralderi- esatea herriarekin eginik zeukan eskritura osorik bete beharko zuela, zigorrik jaso nahi ez bazuen, hil behar zituen idiak sokarekin loturik enparantzara ateraz.
  • 1729-11-4. Kalteak sortzen zirela kontuan izanik, pregonariaren bidez zabaldu zuten herri barruko inork, aurrez herriko agintarien baimenik lortu gabe, ezingo zuela txerririk erosi hazteko asmoz.
  • 1646-11-4. Herriak San Agustin monastegiarekin zituen auziei buruz hitz egin zuten Herri Batzar nagusian. Martin Elizalde eta Pedro Arriaranek zeukaten herriaren ordezkaritza auzietan, eta haiek agertu zuten guztiaren berri.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan