Eguna: 12-10

  • 2012-12-10. Maria Jesus Garmendia hil zen. Urteetan Erregeen kabalgatan lanean ibili zen lanean, eta Udalaren omenaldia jaso zuen sansebastianetan. EAko zinegotzi ere izan zen Udalean, 1987tik 1995era.
  • 1981-12-10. Lehenagotik lurraldeko epaitegia eta kartzela izandako lur saila Segurtasun Sozialeko Diruzaintza Nagusiaren eskuetan jarri zuten, bertan lurraldeko Osasun Zentroa sortzekotan.
  • 1953-12-10. Perdillegi baserria eta honen lurrak berriro tasatzeko Tolosako Kandido Muñagorri izendatu zuten baserriaren nagusiek, eta alkateari eskatu zioten berak ere peritu egokia aukeratzeko tasatze lanerako.
  • 1953-12-10. Zestoako alkatearen gutunaren berri eman zuten. Eskutitzean, uholdeetan izandako ezbeharrean hil zirenak gogoratzeko egin nahi zuten monumentuari buruz ari zen. Gutunari erantzutea erabaki zuten, monumentuari buruzko xehetasunak jakiteko eta Urola aldeko alkateen bilera egiteko proposatuz. Batzar horretan alkateek aurrekontuaren berri jakin zezaketen, udaletxean azaltzeko ideia horren nondik norakoak.
  • 1944-12-10. A. Indakoetxea eta Klemente Arrue neurtu ziren 10.000 metrotan Azpeitiko zezen-plazan. Indakoetxeak irabazi zuen, 39.19.4/5ean beteta lana. Arrue 4.300 metro 15.09an egin ondoren erretiratu egin zen.
  • 1928-12-10. Joxe Martin Goenaga 'Atxunberria' aizkolaria hil zen, Azpeitian.
  • 1847-12-10. Hilaren 6an politiko nagusiak idatzitako gutun bat irakurri zuten, baita Urrestillako Udala osatzeko hauteskundeei buruzko ordena erreala ere, hilaren 1ean emana. Ordena errealak aurreko hilean emandako agindua ezerezean utzi zuen, eta adierazi ez zela hauteskunderik egin behar Urrestillak Azpeitiko herriarekin bat eginik zituen gauza guztiak banatu eta lurraldeak seinalatu artean. Azken erreal ordenaren xehetasunak Urrestillako erregidore Pedro Ezeizari jakinaraztea eskatu zioten herriko fidelari, ezin izan baitzuen batzarrera joan.
  • 1711-12-10. Olazko eta Elormendiko San Pedro ermitetako lekaimeek ekaitzek eta haizeak batez ere teilatuan eragindako kalteen berri eman zuten. Udalak erabaki zuen auziaren inguruko neurriak abenduaren 27ko Herri Batzarrean erabakitzea.
  • 1636-12-10. Erregearen zerbitzuan eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak aginduta herriko konpainiak Frantziara eginiko irteera aztertu zuten. Izan ere, herriak soldaduei ordaintzeko zilarrezko bi mila dukat zentsuan eskuratzea erabaki zuen, eta erdiak lehen unetik Pedro Rezustari eman zizkion, administratzaile izendatuz. Hilaren 12rako kontuen berri ematea eskatu zioten Pedro Rezustari, herriak bi mila dukat itzultzeko erarik egokiena zein zen erabakitzeko.
  • 1636-12-10. Kontuan izanik Frantziara irten baino lehen eta hamabost egunean zehar Manuel Arsuarez kaboa ahalegindu zela herriko konpainiarekin ariketak egiten Donostian, zilarrezko ehun erreal hari ematea erabaki zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan