Eguna: 12-16

  • 2019-12-16. Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohi azpeitiarraren eta Ainhoa Intxaurrandieta kontsortzioko presidente ohiaren aurka zigor espedientea irekitzea onartu zuen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, errauste planta gelditzeagatik.
  • 2019-12-16. Uztarriaren bulegoa Perez Arregi plazatik Dinamoa sormen gunera lekualdatu zen.
  • 2017-12-16. Maite Iriarte pilotariak eta Iker Bueno saskibaloi entrenatzaileak jaso zituzten Azpeitiko 2017ko kirolari onenen sariak.
  • 2013-12-16. Corrugados Lasaoko ekoizpena gelditzeko asmoa agertu zuen Alfonso Gallardok.
  • 2010-12-16. Domusa enpresak Zilarrezko Q saria jaso zuen bere kudeaketagatik.
  • 2008-12-16. Pako Aristik Euskaltzaindiaren Antzerki saria irabazi zuen, 'Josu Dukatiren proposamena' lanarekin.
  • 1981-12-16. Ilunpe Pilota Elkartea inauguratu zuten Azpeitian.
  • 1928-12-16. Keixeta (47 urte), Inazio Iriarte Igartza urrestildarraren aurka neurtu zen, 45 ontzako zortzi enbor ebaki eta 8.000 metro lasterka egitera. Keixetak bere lana 54.20an egin zuen; Igartza, berriz, erretiratu egin zen hamaseigarren biran.
  • 1912-12-16. Abeta urtegira Agustin errekako urak ekartzeko eginiko lanen likidazioa onartu zuten.
  • 1907-12-16. Ganadu hiltegi berriko arautegia onartu zuten, aho batez. Inauguratu ondoren, abereak bertatik kanpo hiltzea debekatu zutela adierazi zuten bando bidez.
  • 1889-12-16. Pedro Alejandro Rekondo arkitektuari Azoka plaza estaliaren planoak eta aurrekontua eskatzea agindu zioten alkateari.
  • 1889-12-16. Alkateak egindako gestioak medio, Anastasio Belokik herriaren argikuntzarako proposamen berria aurkeztu zuen.
  • 1867-12-16. Aurreko egunean Joxe Manuel Larrañaga alkatea, Meliton Izeta, Juan Joxe Aizpuru eta Inazio Mugerzak idatzitako gutun baten berri eman zuten. Eskutitz horretan azpeitiarrak herritik atera gabe lan egiteko nahiari erantzunez, Azpeitian fabrika bat sortzeko aukera azaldu zuten. Horiek Zarautzen fabrika handia zuten, eta Eusebio Gurrutxaga, Caio Vea Murgia eta Felipe C. Nuñezi herrian beste lantegi bat jartzeko laguntza eskatu zieten, eta lehenengo bilerarako behintzat prest zeudela adierazi zuten. Udalak ideia gogoz bultzatzea erabaki zuen, eta mila duro emateko prest zela agertu zuen, baita alkatearei ahalmen osoa emateko ere gestioak egiteko.
  • 1846-12-16. Uztailaren 6an hartutako erabakia aztertu zuten; hau da, kaparetasuna lortu gabe ziren herritarrak agintaritzarako onartzea, gainontzean trebetasuna eta zuzentasuna agertu zutenak gai baitziren horretarako. Alkatea eta Joxe Joakin Etxeberria izendatu zituzten lehen batzarrerako, agintaritza eskura zezaketen biztanleekin osatutako zerrenda prestatzeko.
  • 1813-12-16. 1812ko maiatzaren 23ko dekretuari jarraiki, Urrestillak bere Udala alkatea, bi erregidore eta prokuradore batez osatu behar zuela adierazi zuen Diputazioak ofizio baten bidez. Horrez gain, lurrak banatzea agindu zuten, Azkoitiko alkatea lekuko zutela.
  • 1777-12-16. Herriko teilariaren esanetara eta ofizioa ikas zezaten herriak jarritako Inazio Egiguren eta Pedro Odriozola gazteei ordaintzea erabaki zuten. Lehenari, sei hilabete eta hamar egunetan lan egiteagatik 126 erreal eta hamazazpi marai ordaindu zioten. Bigarrenari, sei hilabete eta erdiko lanagatik, 117 erreal.
  • 1763-12-16. Lamiosena zubiaren inguruan arropa garbitzaileentzat egokitutako iturria eta aska ordaintzea erabaki zuen herriak.
  • 1763-12-16. Landeta etxetik Harzubira bitartean egindako bidea ordaintzea erabaki zuten, eta langileei soldata agindu zieten.
  • 1735-12-16. Herriak kanporatutako hemezortzi soldadu txandatzeko, parrokien bidez deialdia egitea erabaki zuten, herrian bizi ziren gazte bakoitzak ezkutu bat eman zezan haiei ordaintzeko Eguberri bigarren eguna bitartean. Horrela ez baldin bazen, zozketa egingo zuten taldea osatzeko.
  • 1666-12-16. Martin Garatetxea maisu harginari azken uholdeak eramandako Barrenolako zubiari eta Landeta eta Harzubiko zubietan izandako kalteei buruzko iritzia eskatzea erabaki zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan