Eguna: 12-18

  • 2016-12-18. 1936ko gerran jazarriak izan ziren Urolako Burdinbideko langileak –40 azpeitiar, tartean– omendu zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Tabakaleran.
  • 2010-12-18. Bosgarren edukiontziaren aldeko hitzarmena sinatu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Urola Erdiko Mankomunitateak.
  • 2010-12-18. Eguzkiñe Peña Realeko jokalaria izendatu zuten 2010eko azpeitiar kirolari onena.
  • 2009-12-18. Leire Aranbarrik Euskal Herriko Boulder Txapelketa irabazi zuen Arrasaten.
  • 2009-12-18. Unai Iparragirrek jaso zuen Azpeitiko Kirolari Onenaren Saria.
  • 2006-12-18. Alaitz Olaizola azpeitiar idazleak Toribio Altzaga antzerki saria jaso zuen, 'Joanes itxaropenaren semea' obragatik.
  • 2005-12-18. Denis Uzin herritarra hil zen, Baqueiran (Herrialde Katalanak) snow egiten ari zela.
  • 2004-12-18. 2004ko kirolari onenen sariak banatu zituen Udalak, udaletxean. Ilunpe Pilota Elkarteari eman zion lehen saria.
  • 1983-12-18. Igerileku estalia inauguratu zuten Azpeitian.
  • 1949-12-18. Martin Garziarena eta Inazio Orbegozo 'Arriya I.a' neurtu ziren, hamar enbor 54 ontzakoak eta bi 108koak ebakitzeko. Garziarenak irabazi zuen; 77.57an egin zuen bere lana. Arriya I.a, berriz, erretiratu egin zen, 57.18 egin ondoren.
  • 1939-12-18. Herriko gauzainei gerrikoak, linterna, pistolak eta astean gau bat libre ematea erabaki zuten.
  • 1911-12-18. San Inaziori buruz eta herriak egindako eskaerari erantzunez Karmelo Etxegaraik prestatutako idatzia irakurri zuten, eta aho batez onartu zuten.
  • 1893-12-18. Joxe Alberdi Pildainek eta Joxe Ramon Juaristik Santo Tomas egunean Kristina enparantzatxoan 2. zenbakia zuen etxearen aurrean dantza taldea bil zedin debekatzeko eskatu zuten idatzi baten bidez. Izan ere, ikuskizun lizuntzat eta bat-batean mozteko modukotzat -txistulariei enparantza Nagusian jotzeko aginduta- jotzen zuten. Alkateari eman zioten iruditzen zitzaion eran jokatzeko ahalmena.
  • 1893-12-18. Agustin Jauregi erretorearen gutunaren berri eman zuten. Eskutitzarekin batera parrokiko organoa konpontzeko apezpikuari eginiko baimen eskaera eta Akilino Amezuak eginiko konponketari buruzko Bilboko Santiago basilikako organista Aurelio Vallek eginiko txostena zetozen. Gutunean, konponketa 24.000 pezeta kostatu zela adierazi zuen erretoreak eta Udalak agindutako 10.000 pezetei beste mila pezeta gehitzeko eskatu zion. Agintariek mila pezeta horiek ez ematea erabaki zuten; izan ere, 1892ko abuztuaren 22an 10.000 pezeta eman zituzten.
  • 1893-12-18. Eusebio Gurrutxagak herriari bere fabrika eskaini zion, 28.500 pezetatan. Udalak ikusirik fabrika erostea egokia izan zitekeela herritarrei lana emateko, ahal izanez gero erostea erabaki zuen.
  • 1813-12-18. Agintariek deituta, Enparan aita-semeak, Alzaga, Iturriaga, Maiora, Altube, Errazti eta Zuazola bildu ziren agintariekin, horien oniritzia jaso nahi baitzuten gai batzuez. Herrian zen Ezpeleta jeneralak egindako idatzia irakurri ondoren, soldaduentzat egin beharreko hornikuntza aztertu zuten, eta guztien artean erabaki zuten herritarrei kontribuzioa ezartzea larrialdi horretan laguntza lortzeko. Sukalde bakoitzeko hamabi erreal ordaindu beharko ziren hilean, baina adierazi zuten ordainketa horren ordez gurdi bat egur eman zitekeela hilean. Hala, pertsona bat izendatzea onartu zuten lehen hilabetean eta egun bakoitzean beharko zen egurra inguratzeko, Konstituzio eta Guadalajarako erregimenduei eskaintzeko. Joxe Agirre aukeratu zuten lan horretarako, eta honek herriak aipatutako zerga ahalik eta azkarren kobratzeko eskatu zuen.
  • 1813-12-18. Une hartan herriak zuen egoera larriaren berri emateko politiko nagusiari idaztea erabaki zuten. Izan ere, Azpeitiko herria bi erregimenduren hornikuntza egiten ari zen, inolako laguntzarik jaso gabe. Gainera, egunean 312 erreal ordaintzen zizkion Elgoibarko ospitaleari. Egoeraren larriaren berri emateaz gain, baimena eskatu zioten politiko nagusiari lurjabeei %4ko zerga ezartzeko.
  • 1811-12-18. Probintziko Kontseiluari 24.000 edo 30.000 erreal balio zuten lurrak saltzeko baimena eskatzea erabaki zuten, udal langileei soldatak ordaintzeko. Izan ere, 24.000 erreal hartzeko zituzten langileok. Salgai jarri nahi ziren lurrak erosteko inor agertuko ez balitz, lur horiek langileen artean banatzeko baimena ere eskatzea erabaki zuten.
  • 1648-12-18. Azkoitian egindako Gipuzkoako Batzar Nagusien bileran esandakoaren berri eman zuten. Batzarrean apaizen semeak herriko agintari ez aukeratzea erabaki zuten. Erabakia garaia iristen zenean kontuan izatea eta albistearen berri lehen Herri Batzar Nagusian ematea erabaki zuten.
  • 1643-12-18. Pedro Egurza eta Juan Larraar izendatu zituzten Azpeitian zeuden sagardo -hutsa zein urarekin nahasturikoa- upelen berri emateko. Horiek kontatu ondoren, salgai jartzeko zozketa egiteko txandak izendatu zituzten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan