Eguna: 12-31

  • 2017-12-31. Hilda aurkitu zuten Pirinioetan Iñigo Larrañaga 24 urteko gazte azpeitiarra. Bezperatik ari ziren haren bila La Mongie (Frantzia) eski estazioaren inguruetan, eskiatzen ari zela desagertu ondoren.
  • 2017-12-31. Aitor Mimenzak eta Maite Etxezarretak irabazi zuten San Silbestre lasterketa.
  • 2017-12-31. Mikel Larrañagak Urrezko Aizkolari Kopa irabazi zuen, Asteasun jokatutako finalean.
  • 2014-12-31. Erloko tontorreko gurutzea desagertu zela jakinarazi zuen Lagun Onak Mendi Bazkunak.
  • 2013-12-31. Ion Etxeberria eta Uterga erremontistek 43. Binakako Erremonte Txapelketa irabazi zuten.
  • 2002-12-31. Azken urteetan bezala, euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen aldeko manifestazio isil eta jendetsua egin zuten.
  • 2001-12-31. San Silbestre herri lasterketaren lehen edizioa antolatu zuen Iraurgi Atletismo Taldeak. Lehenengo aldi hartan 269 lagunek hartu zuten parte.
  • 1985-12-31. Jose Mari Bastida alkatearen autoa suntsitu egin zuten.
  • 1981-12-31. Estanislao Narbaizak eginiko proiektuan jasotzen zen bezala, Loiola inguruan Urola ibaiaren ertzak egokitzea beharrezkoa zela esan zuen alkateak, laguntza lortzeko bideak baitziren. Proiektua eta aurrekontua onartzea erabaki zuen Udalak.
  • 1925-12-31. Posta eta Telegrafoak zeuden eraikineko lehen eta bigarren solairuan Anaia Maristen Ikastetxea jartzeko egindako obren likidazioa onartu zuten.
  • 1900-12-31. Azoka plaza estalia enkantean jartzeko baldintza osagarriak onartu zituzten.
  • 1866-12-31. Gasteizko Pontziano Legariak idatzitako gutun bat aurkeztu zuen alkateak. Bertan suhiltzaileen ur bonba herrira ekartzeko prest zegoela adierazi zuen, Udalak jarritako baldintzetan. Egin beharrekoak azkar egingo zituztela esanez erantzutea onartu zuten.
  • 1788-12-31. Frantzisko Iberorekin adostasun batera iritsi ondoren, Joseph Antonio Amenabar eta bere anaiek bidalitako hamabost mila errealen agiria sinatzeko eta parrokian egindako obrak jarraituz ordainketak egiteko, guztiaren berri ondorengo agintariei ematea erabaki zuten.
  • 1782-12-31. Agintarien aukeraketa egitean hitza eta botoa zuten herritar denak ez ziren biltzen azken urteetan, erregeak -1695eko ekainaren 13an- agertzen ez zenari hogei dukateko isuna jartzeko agindua eman bazuen ere. Hurrengo egunean egingo zen aukeraketan ahalik eta gehien bildu zitezen, erregearen zedulak agintzen zuen hogei dukateko isuna kobratzea erabaki zuten. Bandoa eman zuten aurretik.
  • 1768-12-31. Herriak parrokiko obrei buruz idatzitako gutunari erantzunez, bere anaia Sebastianekin bat eginik hamar mila erreal eskaintzen zituela adierazi zuen Joseph Antonio Amenabarrek. Gainera, anaia Agustinek seguruenik beste bost mila emango zituela adierazi zuen. Denera hamabost mila erreal osatuko zituztela horrela, Ameriketan zeuden herritarren artean bildu nahi zutenaren erdia. Beste herritar batzuei eskaera luzatzen ahaleginduko zela ere jakinarazi zuen.
  • 1766-12-31. Guillermo de la Pradari 1.100 erreal ordaindu zizkioten, herriko dorrean jarri zuen ordulariaren azken zatia ordaintzeko.
  • 1766-12-31. Herritar behartsuek urtean zehar bizi zuten egoera larria kontuan izanik eta matxinadaren ondoren ezarritako zigorrak handiak zirenez, aurreko urteetan basoetan egindako kalteak zirela-eta kobratzekoak ziren 1.800 errealen ordez 260 kobratzea erabaki zen.
  • 1766-12-31. Matxinadak sortutako gastuen berri eman zuten: apirilaren 14an eta 15ean herritar dendariei eginiko kalteak 343 erreal pasatxoan baloratuak zirela; lasto tropari eskaintzeko herriratu behar izan zituztela 11 gurdi; herriaren hornikuntza egiten ibiltzen zirenei eginiko kalteak beste 3.119 erreal zirela; eta abar.
  • 1762-12-31. Volpinik Loiolako egonaldia amaitu zuen.
  • 1711-12-31. Herritar bereziekin bildurik, erregearen zedula baten berri eman zuten. Bertan, urte berriko kanpainarentzat ahal zen diru gehien emateko eskatu zioten Gipuzkoari. Urrezko bi ezkutu zituen 50 dobloi ematea erabaki zuen herriak. Erabaki hartzeko batzar berezia egitea ez zela beharrezko adierazi zioten Diputazioari.
  • 1668-12-31. Parrokiaren patronatuari buruzko auziaren berri adierazi zuten Herri Batzar nagusian.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan