Eguna: 12-6

  • 2020-12-6. Hutsik zegoen etxe baten etxaurrea erori zen 1766ko Matxinada kalean.
  • 2018-12-6. Xake Produkzioak taldearen 'Lur' antzezlanak, Erika Olaizola aktore azpeitiarrarekin, irabazi zuen XXXVI. Euskal Antzerki Topaketetako Ikusleen Saria.
  • 2003-12-6. Imanol Elias Odriozolak herriko efemerideen liburua aurkeztu zuen, udaletxean. Uztarria Kultur Koordinakundeak argitaratu zuen.
  • 1990-12-6. Azpeitiarrek parte hartu zuten 'Euskaldunon Egunkaria' euskarazko kazetaren sorreran -1990eko abenduaren 6an jaio zen-. Izan ere, Egunkaria Sortzen talde sustatzaileko 75 kideetakoak izan ziren Imanol Lazkano eta Xebaxtian Lizaso bertsolariak, eta Pako Aristi idazle eta kazetaria, eta Azpeitian Egunkaria Batzordea sortu zuten herritarrek -Euskal Herrian beste 184 batzorde egon ziren-. Txema Auzmendi ordiziar jesuita eta kazetaria -1985-1988 artean Iraurgi Ikastetxeko irakasle- eta Gotzon Garate elgoibartar jesuita, filologo eta idazlea -Azpeitian aritu zen euskara ikasten- ere Egunkaria Sortzeneko taldekide izan ziren.
  • 1980-12-6. Ignacio Lasa Rezola enpresaria hil zuen ETAk, Azpeitian.
  • 1934-12-6. Alkateak San Millango markesarekin lur sail batzuk erosteko tratuan ibili zela adierazi zuen. Lur sailok Guardia Zibilarentzat kuartela egiteko erosi nahi zituen Udalak, eta prezio onean lortu, gainera. Lurrak eskuratuta, Udalak Martzelo Gibert arkitektuarekin harremanetan jartzeko erabakia hartu zuen, lur horiek aztertu eta proiektu horri buruzko iritzia eman zezan.
  • 1781-12-6. Urte hartako urriaren 6an, etxebizitzak egiteko herriak emandako egurraren salneurriarri buruzko neurriak hartu zituzten. Neurrien arabera, ezinbestekoa zen burdinoletarako eta errotetarako, eta etxebizitza zein fabrikak egiteko erabiltzen zuten egurra bereiztea.
  • 1628-12-6. Herri Batzar nagusian eliz musika alderdia bultzatzea erabaki zuten, herritarren mesederako baitzen. Beraz, parrokian ospatuko zituzten elizkizunak indartu eta erarik egokienak aukeratzeko Frantzisko Goitia erretorea eta Domingo Kortaberria etxezainarekin harremanetan jartzea onartu zuten, Pedro Arriaga Ormaegi eta Martin Agirreren bitartez. Horiek esango zieten erabakita zela Juan Abaloz, Santurun Olaskoaga, Domingo Eizaga eta Nikolas Garituri sei dukat ordaintzea, eta datorren urtearen hasieratik beste 11 dukat; urtero zazpina dukat gehituko zituzten. Guztiaren berri jaso eta eskritura egitea erabaki zuten, Iruñeko apezpikuari guztia ontzat hartzeko eskatuz.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan