Eguna: 2-1

  • 2019-2-1. Gurutz Ansola politikaria hil zen, 94 urterekin, Donostian. Eusko legebiltzarkide izan zen 1980 eta 1987 urteen artean, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente 1987-1991 urteen artean, eta Gipuzkoako Ikastolen Federazioko lehenengo presidentea ere izan zen azpeitiarra.
  • 2016-2-1. Lapatxek Gipuzkoa osoko zaborrak hartzen jarraitzea erabaki zuen Urola Erdiko Mankomunitateak, bete arte, baina zabortegia handitzeari uko eginez.
  • 1959-2-1. Juan Ibarguren Manterola eta Joakin Atxega neurtu ziren 152 kiloko harri kubikoarekin, Atxegak bederatzi altxaldiren aldea zuela. Manterolak 215 eta 82 bider altxatu zuen, eta Atxegak abantailaz zituen bederatzi eta 72 bider hasieran eta 82 bider bigarrenean. Biek ere 15 minutuko bi saioetan egin zituzten altxaldiak.
  • 1915-2-1. Udaletxeko balkoietako burdin lanak egin zituen Frantzisko Xabier Lapeirari aldaketa batzuk egitea agindu zioten.
  • 1910-2-1. Iñaki Azpiazu jaio zen.
  • 1909-2-1. Santa Ana enparantzatxoko 6. zenbakia zuen etxearen horman zen Inazio donearen irudi margotua txukuntzea erabaki zuten.
  • 1886-2-1. Errukietxeko juntak bertara ura ekartzeko lanak oraindik ez zirela amaitu adierazi zuen, aurrez garbitoki bat egin behar zelako.
  • 1869-2-1. Gasteizko Telegrafo Probintzialeko buruari, telegrafia estazio bat jartzeko behar zen gelak nolakoa izan behar zuen galdetzea erabaki zuten.
  • 1869-2-1. Inauterietan, igande eta asteartean, zezenkoak jolasteko enparantza nagusian itxitura jartzea erabaki zuten.
  • 1869-2-1. Herriaren beheko sarreratik Plaza Txikira bitartean harriztatze berria egin eta urak jasotzeko, kalearen erdian hodieria jarri zuten. Ondoren, etxeetako jabeei, teilatuko urak jaso ahal izateko eurek kanaleratzeko eta hodieriak jartzeko eskatzea erabaki zuten.
  • 1861-2-1. Erdi kaleko harriztatze berriaren likidazioa onartu zuten.
  • 1858-2-1. Udala eta errukietxeko juntak etxea zabaldu eta egokitzeko Elias Mendiolarekin eginiko hitzarmenaren berri eman zuten.
  • 1849-2-1. Probintziako politiko buruak eman zuen baimenaren berri adierazi zuten: ezabatutako San Agustin komentuko atarian bi arku egitea.
  • 1829-2-1. Frontoi berri bat eta iturria egiten ari zen herria, baina Simon Bidaurrek inguruan zuen baratza horretarako beharrezkoa zuenez, Bidaurrerekin konponketa batera iritsi bitartean lanak aurrera eramateko ez zen erabakirik hartuko.
  • 1815-2-1. Probintzian ziren tropak zituzten beharrei erantzuteko, hilean 80.000 erreal behar zirela jakinarazi zuen Diputazioak. Dirutza hori herrien artean banatuz eskura zitekeen. Egoki hartu zuen herriak, bertan zen tropari erantzuteko bi hilabetean beharko zuen olioa, egurra eta lastoa biltzeko gestioak egiten ari baitzen inguruko herriekin bat eginda.
  • 1739-2-1. Elolaren kaperan egurrezko zoru berria jartzea erabaki zuten.
  • 1693-2-1. Herritar gutxi agertu zirelako bertan behera utzi zuten udalbatzarra, berriro iluntzerako deituz eta 500 maraiko isuna izendatuz joaten ez zenarentzat.
  • 1653-2-1. Probintziak Bidaniko San Bartolome elizan hilaren 17an egin zen batzar berezira deitu zuen, eta herriak Iñigo Alzaga alkatea, Martin Eleizalde eta Saloguen lizentziatua izendatu zituen prokuradore Bidanira joateko. Batzarreko gai nagusia erregeak laguntza eske eginiko deialdia izan zen. Herria, berriz, sekulako larrialdian zen orduan.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan