Eguna: 2-13

  • 2019-2-13. Esklabak-Iturzulo eremuan babestutako beste 67 etxebizitza eraikiko zituztela iragarri zuen udalak.
  • 2013-2-13. Ignacio Artetxe medikua hil zen, 92 urterekin.
  • 1964-2-13. Julian Elorza hil zen, Donostian.
  • 1946-2-13. Franco zoriontzea erabaki zuten, atzerrian egiten ari zen kanpainaren aurka gogor borrokatzen ari zelako.
  • 1939-2-13. Alkateak Jordana Espainiako ministroari bidali zion telegramaren berri eman zuen: "Ruego a VS transmita invicto Generalismo Franco, la alegria con que todo el pueblo de Azpeitia ha celebrado cierre frontera causante tantisimos daños, y reiterado su inquebrantable adhesion salvador España. ¡Viva España!''.
  • 1933-2-13. Herriko Euskal Langileen Elkarteak eginiko lan eskaera ikusita, Udalak Amu baserri ingurutik Gazte bitartean pasealekua egitea erabaki zuen. Bi astez hogei lagunek egin zuten lan. Gerora begira, Lazaretorako bidea egitea pentsatu zuten. Gauzak ahal zen azkarren egiteko, ordea, lehenik langabezian zirenen zerrenda osatzea erabaki zuten.
  • 1905-2-13. Anaia Maristen zuzendariaren eskaerari erantzunez, euren instalakuntzak sortutako gastuak ordaintzeko, sei hilabeteko diru laguntza aurreratzea erabaki zuten: 1.000 pezeta.
  • 1882-2-13. Inauteri asteartean kaleratzen zen zezenaz gain (tabernariek itxitura jartzen zuten), beste zezen bat kaleratzea erabaki zuten.
  • 1872-2-13. Agustin Jauregiren eskaerari erantzunez, eta nahiz eta Gasteizko apezpikutzak agindu San Agustingo giltzak berari ematea, Udalak agindua ez betetzea erabaki zuen, Joxe Manuel Larrañaga alkatearen iritzia jarraituz.
  • 1871-2-13. Inauterietan Udalak ordaindu beharreko jaialdirik ez ospatzea erabaki zuten, garrantzi handiagoko lanak zituelako.
  • 1847-2-13. San Agustin azpian eta Mantekapen asteartean ospatzen zuten azokako postuak zuritu eta zenbakiak jartzea agindu zieten udaltzainei, ordena berezi bat izan zezaten hara joaten ziren saltzaileek.
  • 1812-2-13. Donostiako Gerra Batzordeari, berak agindu bezala, herriko ospitalean ziren zenbait zauritu, gaixo eta frantziar zirujaua Tolosara eraman zirela jakinaraztea erabaki zuten, baina bertan gelditu zirela bost lagun, horiek ezin zutelako inora joan, ez oinez eta ez zaldian. Aurreko zirujauaren lekuan beste zirujau frantziar bat zutela, ospitaleak oraindik lanean jarraitzen zuela-eta, gainera, gastuak sortzen zituela ere jakinarazi zuten.
  • 1812-2-13. Urrestillako mandatariek Udala osatzeko nahia aurkeztu zuten Diputazioan eta, gainera, aurrez eginiko erroldaren zerrenda: Aratz-Errekak 288 biztanle; Mendizabal auzoak 262 biztanle; Eizagirre auzoak 300 biztanle; eta hiriguneak 384 biztanle. Guztira, 1.234 biztanle.
  • 1733-2-13. Beste batzuetan bezala, Plaza Txikian, inauteri astelehen arratsaldez 'El amor hace valientes' antzerkia antzezteko oholtza altxatzea erabaki zuten.
  • 1718-2-13. Burdinoletako jabeen eskaerari erantzunez, herriak ikatza egiteko bere mendiak saltzea erabaki zuen, baina sukalde eta labeetarako egurra erreserbatu zuen.
  • 1684-2-13. Hazteko idi eta behiak herriaren lau sarreretan barrena sartzea debekatu zuten, eta, haiek galduz gero, zigorra ezarri zuten. Herri barruan zituztenek, berriz, ondorengo hamabost egunen barruan kanporatu beharko zituzten, zigor beraren azpian.
  • 1665-2-13. Herriak Santo Domingo komentuko arkuak egin zituen Martin Garatetxea maisuari zor zizkion 550 dukat ordaindu zizkion.
  • 1522-2-13. Joanes Antxieta musikariak testamentua egin zuen, oinordeko bere iloba Ana Antxieta izendatuz.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan