Eguna: 2-20

  • 2020-2-20. Elmubas enpresa handitzeko obrak hasi zituzten.
  • 2004-2-20. 'Urola Kostako Hitza' egunkariaren 1. zenbakia atera zuten.
  • 1988-2-20. Urola trenaren aldeko martxa egin zuten Gasteizera, EAJ partaide izan gabe. Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ez zituen hartu Urola bailarako ordezkariak.
  • 1905-2-20. Urrestillara ura ekartzeko proiektua onartu zuten.
  • 1905-2-20. Zumaiatik Zumarragara jarri nahi zuten tranbiaren proiektuari buruz interesa zuten herrietako ordezkariekin Azpeitian eginiko bileran erabaki zena adierazi zuen alkateak: herri guztiei eskatzea ahalik eta azkarren kontzesioa lortzeko, legeak agintzen zuen diru alderdia osatzeko ekarpenak egitea eta Azpeitiko herriari 28.000 pezeta tokatzen zitzaizkiola. Diru kopuru hori onartzea erabaki zuten.
  • 1899-2-20. Santos Altolagirrek eta beste herritar batzuek azoka plaza estalia frontoiaren inguruan egiteko eskatu zuten -orduan jardina edo lorategia zen tokian-. Beranduago, Udalak Azoka Plaza non kokatu behar zen erabakiko zuela erantzungo zuen.
  • 1876-2-20. Alfonso XII.a Espainiako erregea iritsi zen herrira.
  • 1865-2-20. Herritar batzuen eskaerari erantzunez, herriak Loiola eta Igarate bitarteko bidearen eta Juanarro tokitik Loiolara bitartekoaren egoera ikustea erabaki zuen, haien konponketa beharrezkoa zen edo ez jakiteko.
  • 1865-2-20. Diru laguntza txiki baten truke, Mikel Bereziartuak inauterietan zezenak ateratzeko proposamena egin zuen, esanez prest zegoela enparantza ixteko. Baina Nikolas Uzinek baimena eskatu zuen, toki berean tendidoa jarri -hau da, Santo Domingo komentua eta Mantekape aldean- eta inauteri asteartean zekorketa antolatzeko, han esertzen zen bakoitzak erreal bat ordainduz. Azkenean, herriak batarekin eta bestearekin harremanetan jartzea erabaki zuen.
  • 1814-2-20. Loiolako ospitalean soldadu zauritu eta gaixo asko zeudelako, hango zuzendariak herriaren laguntza eskatu zuen. Baina herriak ezin zuela lagundu azaldu zion; izan ere, herrian geldituta zen tropari lagundu beharra zuen.
  • 1795-2-20. Ospitalean gaixo asko zenez, herriak laguntzeko pertsonak aurkitzeko ahaleginak egitea erabaki zuen, batez ere Frantziako armadakoan, kutsadura arriskua nabaria zelako. Elizari ere errogatibak egiteko eskatzea erabaki zuten.
  • 1768-2-20. Herriak parrokirako Loiolako bitxiak jasotzeko Arandako Konteak emandako aginduaren berri eman zuten. Kontseiluak Frantzisko Iberori Loiolako apaingarri eta gauza sakratuen inbentarioa egiteko agindu zion.
  • 1707-2-20. Erregina haurdun zela jakitean, herriak errogatibak egitea erabaki zuen eta egun horretan bertan meza nagusia amaitzean 'Te Deum' abestea. Eta Mateo deunaren eguna ospatuz ostegunean, berriz, prozesioa egitea.
  • 1671-2-20. Uholdeek erabat desegin zuten Malkorra burdinolako presa konpontzeko baimena eman zioten Jazinta Arregiri.
  • 1665-2-20. Usurbilera iritsi ziren lau zezenak herrian ospatu behar ziren, Gipuzkoako Batzar Nagusietara ekartzea ezinezkoa zela ikusita. Hango eskribauari horren berri ematea erabaki zuten, hau adieraziz: haien jabeari esateko gauzak bertan behera uzteko. Nafarroatik hiru zezen ekartzeko erabakia hartu zuen herriak, horrela egiteko aginduz Inazio Odriozola eta eskribauari.
  • 1630-2-20. Agustindarren Probintzialari idaztea erabaki zuten, esanez lehengo batzarrean komenturako priorea aukera zezatela eta ordura arte bezala predikari egokia izan zedila.
  • 1310-2-20. Garmendia de Iraurgui izenpean, Garmendi gainean herria sortzeko baimena eman zuen Fernando IV. erregeak.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan