Eguna: 2-29

  • 1932-2-29. Euskaltzaleak Elkarteari urtean 750 pezetako diru laguntza ematea erabaki zuen Udalak.
  • 1932-2-29. Elkarteko kideei zegokionez, edonor izan zitekeela esaten zen, urtean 3,65 pezeta ordainduz, baina gizonezkoek bakarrik izango zuten aukera Elkarteko Zirkuluko kide izateko, Juntak erabakitzen zuena ordainduz hilean. Urteko ordainketa egin eta hemezortzi urte zituen kideak eskubidea zeukan batzar nagusian bere botoa emateko. Umeentzako, eta inolako ordainketa gabe, beste talde bat osatu zuten.
  • 1932-2-29. Batzar nagusian aukeratutako Juntak zuzenduko zuen Euskaltzaleak Elkartea eta batzordeak izendatuko zituen zenbait langintza aurrera eramateko, horien artean Euskara Eguna, Euskaldun Umearen Eguna, Olerki Eguna eta abar antolatzeko, Udalari eskatuz eskola munizipaletan euskara indartzea eta zabaltzea...
  • 1864-2-29. Herriak eginiko eskariari Diputazioak emandako erantzunaren berri eman zuen alkateak: 4.824'75 erreal emango zituen Errepideetako Zuzendariak eginiko txostenaren ondoren, Loiolako zubia zabaltzeko, haien artean eginiko konbenioa gogoan izanik. Udalak erabaki zuen zubia zabaltzeko lanak egin zituen Inazio Joxe Beristain maisuari guztira 17.000 erreal ordaintzea.
  • 1864-2-29. Pedro Guibertek Plaza Txikian Udalak zuen etxea denboraldi batean uzteko eskaera egin zuen. Izan ere, Erdi kaleko 7. zenbakia zuen etxea bota behar zuen derrigorrez, toki berean beste bat egiteko. Udalari eskatutako etxean, dendan zituen trasteak jaso nahi zituen. Baiezkoa eman zion Udalak, baina hilero bi duro ordaindu beharko zituen utzitako etxeagatik.
  • 1852-2-29. Etxeberria eta Artetxe erregidoreek urte honetako inauterietan ospatutako zekorketetan eginiko gastuen berri eman zuten. 624 erreal ordaintzea erabaki zuen Udalak.
  • 1692-2-29. San Agustin komentuko priorearen idatzia irakurri zuten: ondasun txikiak zituelako ezinezkoa zuela Antonio Urkieta predikari fraideak jarraitzea, Ponferradako (Galizia) komentu eta ikastetxera joateko agindua hartu zuelako. Haren tokian, eta urte hartan behintzat, herriari predikari lanetarako Aita Alegria eta Pedro Kortazar eskaini zizkion, herriaren nahiak ongi beteko zituzten ustean; Garizumako asteazkenetan predikatuz, Aste Santuan eta Bazko egunean bezala. Eta jakinean zenez Garizumako igandeetan parrokian euskarazko sermoia besterik ez zela eskaintzen, eskertuko lukeela aipaturikoaz gain besterik ez izendatzea urte horretan behintzat. Udalak eginiko eskaria onartu egin zuen.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan