Eguna: 2-3

  • 2020-2-3. Esklabak-Iturtzulo eremuko etxebizitzak eraikitzeko obrak hasi zituzten.
  • 2019-2-3. 20 urtez azpiko emakumezkoen Euskadiko Kros Txapelketa irabazi zuen Xeye atletismo taldeak.
  • 2018-2-3. Elikagunea denda ireki eta Azoka Plaza berritua inauguratu zuten.
  • 2016-2-3. Pasaiako segadaren auzia artxibatu zuela jakinarazi zien familiei Donostiako 2. Instrukzio Epaitegiak.
  • 2011-2-3. Udalak Juanjo Olaizola Trenaren Museoaren zuzendaritzatik kentzeko erabakia berriro aztertzeko eskatzea erabaki zuen osoko bilkuran. Eusko Trenek Juanjo Olaizola Azpeitiko Tren Museoko zuzendari karguan berrezarri zuela jakin zen egun berean, museoa fundazio bilakatu eta zuzendari berria aukeratzeko prozesua bukatu bitartean.
  • 2011-2-3. Sustapen publikoko 39 etxebizitza eskaintzea onartu zuen Udalbatzarrak: 19 tasatuak, 18 alokairuko BOEak eta 2 BOEak.
  • 2007-2-3. Francisco Garate jaio zela 150. urteurrena ospatu zuten Loiolako Basilikan, Donostiako gotzain izandako Jose Maria Setien zela.
  • 2002-2-3. Azpeititik Urrakirako errepidearen inguruan sute txiki bat izan zen arratsaldeko lehen orduetan, eta denbora batez errepidea itxita izan zuten.
  • 1985-2-3. Santi Lazkano hil zen Aizarnazabaldik Zarautzerako bidean. Motorrean zihoan eta errepidea gurutzatzen hasi zen pertsona bat saihestearren, bazterra jota hil zen.
  • 1946-2-3. Azpiroz eta 'Aiako Txikia' neurtu ziren zezen-plazan, 8.000 metro egiteko. Azpirozek irabazi zuen 31'01''4/5 denbora eginez. 'Aiako Txikia' erretiratu egin zen, 4.900 metro egin ondoren (19' 08'').
  • 1902-2-3. Joxe Frantzisko Etxanizek eginiko eskaera onartuz, Urrestillan elektrika indarra sartzeko egiten ari ziren lanak amaitzeko 20 eguneko luzapena eman zioten.
  • 1897-2-3. Musika Bandaren arautegi berriaren bozketa egin eta onartu gabe gelditu ziren.
  • 1862-2-3. Madrildik idatzi zuen alkateak, esanez ate guztiak jo bazituen ere ezin zuela norbait aurkitu Santo Domingo komentuan egin nahi ziren aldaketak onartuko zituena. Komentuaren zati bat hartu eta enparantzara zabaltzea zen aldaketa. Azkenean, probintziko Foru Diputazioak zerikusia izan zezakeela zirudien, eta hara idaztea erabaki zuen herriak, Espainiako erreginari bere garaian eginiko eskariaren kopia bidaliz.
  • 1857-2-3. Errekarte baserrian Frantzisko Garate Aranguren jaio zen. Jesusen Lagundiko Anaia eta apaltasunaren ispilua izan zen, batez ere Deustuko Ikastetxe nagusian atezain bezala egin zituen urteetan. Aita santuak 1985eko urriaren 6an beatifikatu egin zuen.
  • 1835-2-3. Rodil jeneralak herriari ezarritako isunari erantzuteko, aurreko urteko irailaren 10an dirua aurreratu zuten biztanleek, ordaintzat alkatearen ordezkariak emandako errezibuak ikusi ondoren, giroa zerbait lasaitu bitartean ezin zitekeela herriari dirua itzuli erabaki zuten agintariek.
  • 1824-2-3. Udalbatzarrean Inazio Gurrutxaga, Juan Joxe Zubillaga, Joxe Bikendi eta Joxe Antonio LarraƱagak eginiko eskaria irakurri zuten. Herrian zen tropari laguntza ematean, haien idi pareak eta gurdiak galdu zituztela adierazi zuten, eta bizia galtzeko zorian izan zirela mendiz mendi ihesi egin behar izan zutelako. Eskarian jakinarazi zuten, gainera, euren ordez lan bera egiteko aukera zuten beste zenbait jauntxo lasaitasun osoan gelditu zirela. Herritarren artean eskaera egiten zutenei laguntza emateko diru bilketa bat egitea erabaki zuen Udalak.
  • 1791-2-3. Urrestillako parrokiko erretaula nagusia egiteko eskritura onartu zuten.
  • 1741-2-3. Apezpikuak parrokiko erretaula nagusiko sagrarioa eta nitxo berezia urreztatzeko baimena eman zuen.
  • 1741-2-3. Caracas (Venezuela) hirian bizi zen herriko Inazio Loperena herritarrari eta beste zenbait Inazio donearen jarraitzaileei parrokiko erretaula nagusia urreztatzeko laguntza eskatuz idaztea erabaki zuten.
  • 1708-2-3. Biztanleei deituta, Zestoara bitarteko bidea konpontzea erabaki zuten, ahalik eta saritu beharreko ofizial gutxien hartuz eta gehienbat eguerdiko ohiko freskagarriarekin konformatuko zirenak izanik horiek.
  • 1708-2-3. Hondamen osoan zen Egimendiko San Pedro ermita konpontzea erabaki zuten.
  • 1696-2-3. San Martin ospitalean berriztatze lanak egitea erabaki zuten.
  • 1690-2-3. Maisuen iritziak jaso ondoren, Frantziskanen buruari parroki atzean zituzten etxe eta labeak botatzeko agindu zioten, erortzeko arriskuan zirelako. Bestela, herriak botako zituela, baina gastu guztiak komentuak ordainduz.
  • 1645-2-3. Herriak Joanes Arangurenek Sevillatik (Espainia) bidalitako zilarrezko 6.000 erreal zituen, Nikolas Saez Elolaren memoriak sortutako interesak ziren, eta haren kaperako sei apaizen artean banatzea erabaki zuten. Berehala deitu zieten sei apaizei, hartzeko zutenaren berri eman eta ordainketa egiteko.
  • 1570-2-3. Olioa hornitzeko gogoa zuenik agertu ez zenez, nahi zuen guztiak herriratu eta saltzeko baimena ematea erabaki zuten, aurrez agintariek dastatu eta prezioa jarriz.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan