Eguna: 3-10

  • 2021-3-10. Torturak jasandako azpeitiarrei aitortza egin zien Azpeitiko Udalak.
  • 2020-3-10. Pako Aristiren 'Euskal kantagintza berria' liburua berrargitaratu zuten.
  • 2020-3-10. Joxe Anjel Aristi udaltzainburuak erretiroa hartu zuen, eta aitortza egin zion udalak.
  • 2017-3-10. Lagun Onak Futbol Taldeak Iñigo Arregi buru zuen zuzendaritza berria aurkeztu zuen.
  • 2014-3-10. Emakume bat hil zen Loiolan, autobusak harrapatuta.
  • 2011-3-10. Urola Erditik Donostiara eta Zumarragako Ospitalera joan-etorriak egiteko autobus zerbitzua hobetzeko asmoa iragarri zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak.
  • 2010-3-10. Imanol Murua Uriak 'Loiolako Hegiak' liburua aurkeztu zuen Donostian.
  • 2005-3-10. Fagorrek Grumal taldea erosi zion Mascori.
  • 2001-3-10. Urola kalean, Tren Museoaren ondoko geltokian, Eusko Trenen autobus bat erre zuten, 22:00ak aldera.
  • 1983-3-10. Berehala Eusko Jaurlaritzari zuzentzea erabaki zuten Udalean, Izarraizpe Irakaskuntza Kooperatibak egiten zuen gela premiaren salaketaren aurrean erabaki bat har zezan.
  • 1927-3-10. Joxe Lizaso bertsolaria jaio zen.
  • 1927-3-10. Zezen-plaza Peña Taurina Usabiaga elkartearen eskuetan jarri zuten, bertan antolatzen ziren jaialdi guztien berri zortzi egun aurrez alkateari adieraztekotan. Udalari ordaintzeko sarrerak %10 osatzen zuten, gainontzeko zergak beraren kontura izanik, baita gobernadorearen baimena lortzea ere.
  • 1909-3-10. Errekarte eta Lete baserrietatik Azkoitiko mugara iristen zen bidearen konponketan ari zirenei ogia eta ardoa ematea erabaki zuten.
  • 1909-3-10. Elorza alkateordeak Donostiako Udalak deiturik probintziako udalek eginiko bileraren berri eman zuen, zera jakinaraziz: bera eta batzordea osatzen zutenak ahalegindu zirela agertzen orduan arte bezala udal guztiek diputazioarekin bat eginik jarraitu behar zutela; atxikimendu ekintza bat antolatu eta guztiak bat eginik probintziaren jauregira joan ziren.
  • 1802-3-10. Aratz-Errekarako eta Zestoarako bidea erabat hondatuta zeudela ikusita, konponketa lanak egitea erabaki zuten.
  • 1746-3-10. Erre berri zen Loisoro baserria ikustea erabaki zuten, baserriaren jabe Manuel Alzagak egur eskaera egin zuenean.
  • 1746-3-10. San Agustin komentuko obrak egiteko, Inazio Iberok eskatutako egurra non ebaki zitekeen adierazteko eskatu zieten basoen zaindariei.
  • 1746-3-10. Idiak herritik kanpo saltzea debekatu zuten, hamar dukateko isuna eta zortzi eguneko kartzela zigorraren mehatxupean.
  • 1690-3-10. Herriko behartsuen zerrenda egitea erabaki zuten, bakoitzari hilean behin hiru erreal emateko.
  • 1676-3-10. Aurreko astean erre zen Igartza baserria altxatzeko, Domingo Arregiri egurra ebakitzeko baimena eman zioten.
  • 1644-3-10. Santo Domingo komentuari baimena eman zioten 40 dukaten egurra ebakitzeko.
  • 1594-3-10. Iruñeko bikario nagusiaren aginduz, Urretxuko Juan Bikuña bikarioa herriratu egin zen aurreko egun batean, eta Juan Ramos fraidea herriak errebalean zituen etxe batzuetatik bidali nahi izan zuen. Baina Miguel Saez Goiazek horrelakorik egitea debekatu egin zion, monastegi bezala ez baitzuen erabiltzen fraideak. Gertatutakoaren berri jakiteko gestioak egitea erabaki zuten, Juan Bikuñak herritarren laguntza eskatu baitzuen etxeak botatzeko; ez ematean, eskomikua eman zioten.
  • 1562-3-10. Urrestillako elizari buruz abokatuek zuten iritzia jakitea erabaki zuten.
  • 1561-3-10. Nikolas Saez Elolaren hezurrak haren kaperara eramatea eta haren aita Juanen hileta elizkizunak egitea erabaki zuten.
  • 1523-3-10. Adierazi zuten azken deialdira 87 soldadu joan zirela, Lope Garzia Loiola kapitainaren esanetara, eta beste 32 soldadurekin, kapitain moduan, Juan Perez Egurza joan zela, 20 egunean zehar zerbitzua eskainiz 1522ko azaroaren 27tik aurrera. Aipaturiko Egurza bera joan zen berriro beste 32 soldadurekin, 1523ko urtarrilaren 24an. Loiola jauna, berriz, gaixorik itzuli zen herrira.
  • 1523-3-10. Bergarako Martin Olazabal jotzeagatik ordaindu zuen herriak.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan