Eguna: 3-11

  • 2015-3-11. Azpeitian 1936-1945 epean errepresaliatutako 300 bat lagunen zerrenda plazaratu zuen Aranzadik.
  • 2012-3-11. Andoni Azpillagak zakur-leren Espainiako Txapelketa irabazi zuen.
  • 2000-3-11. Langarbi Barnizatuak tailerra erre zen.
  • 1985-3-11. Urolako II. Altzari Astea hasi zen.
  • 1962-3-11. Agirrezabalaga eta Igartua neurtu ziren 5.000 metroko lasterka saioan, Igartuak 50 metroko abantaila zuela. Agirrezabalagak irabazi zuen, 18 minutu eta 28 segundotan; bigarrena 4.900 metro egin ondoren erretiratu egin zen.
  • 1956-3-11. Erlora apustua jokatu zuten Gregorio Alzibar eta Inazio Iturgainek. Iturgainek irabazi zuen, 48 minutu eta 11 segundo eginik; Alzibarrek 48 minutu eta 13 segundo behar izan zuen.
  • 1946-3-11. Loiolako etorbidean zen Azkue eta Konpainia enpresan aldaketak eta zabaltze lanak egiteko baimena eman zizkion Udalak Roman Azkueri.
  • 1912-3-11. Keixeta aizkolaria lehen aldiz plazetan aurkeztu zen, 31 urte zituela, Joxe Mari Irizar izanik arerio. Egin beharreko lana: 20 enbor 54 ontzakoak eta 14 kilometro lasterka zezen-plazan. Keixetak 69 minutu eta 32 segundon ebaki zituen enborrak, eta 14 kilometro egiteko 70 minutu eta 30 segundo behar izan zituen. Arerioak, lana amaitu baino lehen pott egin zuen. Jokatu zituen 31 apustuetatik denak irabazi zituen Keixeta urrestildarrak.
  • 1907-3-11. Katekistek Olatzen egin nahi zuten eraikina bere gain hartuta zuen Frantzisko LarraƱaga kontratistari eman zioten baimena Loiolarako bidetik bertara bitartean egin zezan eraikin berria; horretarako, baina, aurretik planoak aurkeztu beharko zituen.
  • 1901-3-11. Martin Altunarengan Azoka plaza estalia egiteko errematea onartu zuten.
  • 1896-3-11. Kubako gerran zeudenei laguntzeko, 750 pezetako laguntza emanez diru laguntza zerrendari hasiera ematea erabaki zuten.
  • 1895-3-11. Batzorde baten eskuetara pasatzea erabaki zuten Urrestillako biztanle batzuk bertako frontoian konponketa lanak egiteko eskaria, oso gaizki zegoelako frontoia.
  • 1872-3-11. Elizbarrutiko arduradunaren eskaeraren berri eman zuten: Udalak San Agustin elizako giltzak ematea erretoreari, baina idatzi baten bidez berari aurkeztea erabaki zuten; herriak zeukan eskubidea giltzak berekin izateko, komentuaren jabea zelako.
  • 1872-3-11. Apezpikuari Agustin Jauregi erretoreordearentzat zigor bat eskatzea onartu zuten, orduan herritarren artean nabaria zen urduritasuna nolabait mozteko.
  • 1829-3-11. Jabeturik nolako mesedea sor zezakeen frontoi berria egiteko parrokiak zituen lurraldeak trukatzea, ahalik eta azkarren gestioak egitea eta apezpikuari, denbora galdu gabe, baimena eskatzea erabaki zuten.
  • 1673-3-11. Diputazioak adierazi zuen derrigorrezkoa zela, lurraldean ziren lapur eta arloteekin amaitzeko beharrezkoa egingo bazen, herri bakoitzeko biztanle armatuak zabaltzea erreka eta basoetan, egun bat aukeratuz horretarako. Herriak erabaki zuen lehen astelehenean ateratzea sei taldetan banatuta, 50 erreal emanez talde bakoitzari.
  • 1640-3-11. Udalbatzarrera agertu gabe herritar asko gelditu zirenez, bakoitzari 500 maraiko isuna ezartzea erabaki zuten.
  • 1636-3-11. Korrejidorearen aginduaren berri eman zuten, Espainiako erregearen aldetik otoitz eta errogatibak egitea eskatzen baitzen, beraren eta Frantziako erregearen artean bakea nagusitu zedin. Parrokiko elizgizonei horrela eskatzea erabaki zuten; herriko kaleetan eta hiru egunez jarraian prozesioak egingo zirela, egunean bertan hasita.
  • 1576-3-11. Amuko zubi berria aztertu zuten, ordainketa egin aurretik.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan