Eguna: 3-17

  • 2021-3-17. Corrugados enpresaren balizko irekitzearen inguruan aurreko asteetan zabaldutako informazioak argitze aldera, batzar irekia egin zen Soreasu antzokian, udalak deituta.
  • 2019-3-17. Azpeitiko zezen plazan hogei kanaerdiko ebaki, Hernio igo eta jaitsi, eta Tolosako zezen plazan beste hogei kanaerdiko ebaki zituen Xabier Orbegozo 'Arria V'.a errezildarrak. Lan guztiak bost ordu eta hamar minutuko denboraren azpitik osatzea zuen erronka eta bete egin zuen, lau ordu 49 minutu eta 35 segundoko marka eginda.
  • 2018-3-17. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ateak itxi zizkion Pasaiako segadaren auziari, Azpeitiko Udalak eta segadan hildakoen senideek jarritako helegiteak atzera botata.
  • 2001-3-17. II. Rallysprintean, Urraki bidean, Iñigo Uria gidari eibartarra hil zen, istripuan.
  • 1991-3-17. Slalom proban Xabier Madinak munduko errekorra egin zuen buru elbarritasuna dutenen artean, 2.27rekin.
  • 1936-3-17. Aratz-Erreka auzora eginiko errepidea inauguratzeko egitaraua ontzat hartu zuten. Suziriak hil honen 28 arratsaldez eta ondorengo egunean goizez, meza nagusia hamarretan, hori bukatu eta umeen artean gozokiak banatuko zituzten, eta berehala bazkari ofiziala egingo zuten bertara joandako agintariekin.
  • 1862-3-17. Probintziako Batzar Nagusiak ospatuko ziren berehala herrian, eta enparantza nagusia txukuntzea erabaki zuten, batez ere Santo Domingo komentuan eta udaletxean obrak eginez, bertan ziren egur eta harriak kenduz.
  • 1856-3-17. Probintziako Monumentu Artistikoen Batzordeak, herriak enparantza zabaltzeko lurreratu nahi zuen San Domingo komentuko aurreko horma botatzeko baimena eman aurrez, galdera batzuk egiten zituen eta erantzutea erabaki zuten.
  • 1824-3-17. Ikusirik herriari ezinezkoa egiten zitzaiola bertan zen tropari janariak eta edariak ematea, Azkoitia, Zestoa, Errezil, Bidania eta Beizamako herriei idaztea erabaki zuten, haietako ordezkariekin bilera egin eta nola lagundu zezaketen jakiteko.
  • 1815-3-17. Herrian zen Gaudalajara erregimenduko komandanteak zera adierazi zion Udalari: tropa zegoen tokia beharrezkoa zela garbitzea eta txukuntzea. Herriak hari adierazi zion ezinezkoa egiten zitzaiola beste toki bat hobea aurkitzea, eta herriko etxeetan eta konpainia batzuk inguruko herrietara zabaltzea egokia izango zela egun batzutan behintzat, orduan zuten tokia egokitzeko.
  • 1774-3-17. Izoztegia baino gorago Izarraizko Usalain deituriko tokian dagoen putzua garbitzea erabaki zuten, han inguruan ganaduak zituzten jabeei deituta.
  • 1758-3-17. Inazio Ibero maisuak eginiko itxuran parrokian Vera Cruz aldareko erretaula egiteko, Juan Agirre maisuarekin egin zuten eskritura.
  • 1719-3-17. Gerrarako prest izateko albistea jasota, eta ikusita alkatea nahiko gaixorik eta zahartua zela, haren ordez kapitain bezala Frantzisko Inazio Alzibar aukeratu zuten.
  • 1690-3-17. Espainiako erregeari aurrez emandako baimena baieztatzeko eskatzea erabaki zuten, ardoaren eta haragiaren hornitzaileek herriari eskainitako dirua San Inazio festetan gastatu ahal izateko.
  • 1685-3-17. Apezpikuaren baimena lortuta, parrokiko elizako behea lauzatzea erabaki zuten.
  • 1593-3-17. Gaspar Hernandosoro maisuari Santo Domingo komenturako herriko harrobietan harria ateratzea debekatu zioten, partikularra zelako hura eta herritar bezala ez zelako domingotarren ordenakoa.
  • 1567-3-17. Enparan errotaren irabaziak nola banatzen ziren adierazi zuten. Zortzi zatitik bost herriarentzat, beste hiru zatiren erdia Enparan etxearentzat, eta beste hainbeste herria eta Bikuña etxeen artean banatzen zen.
  • 1562-3-17. Diego Alzega urrestilldarra hil zen, Kordobako (Espainia) apezpikua.
  • 1541-3-17. Baserri jabeen artean suteetan elkarri laguntzeko arautegiaren eskritura sinatu zuten agintariek.
  • 1456-3-17. Enrique IV.a Espainiako erregeak herriaren pribilegioak baieztatu zituen.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan