Eguna: 3-31

  • 2019-3-31. 'Nuarbe, 29 urteko soka' liburu aurkeztu zuten. Nuarbeko sokatira taldearen 29 urteko ibilia jasotzen duen lana Laxaro Azkunek idatzi eta Azpeitiko Udalak eta Nuarbeko sokatira taldeak argitaratu zuten.
  • 2012-3-31. Eunice Kirwa keniarrak emakumezkoen marka ondu zuen XIX. Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdian.
  • 2009-3-31. Xabier Etxeberria 'Txapi' presoa Espainiaratzeko agindua eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Mureteko (Frantzia) espetxetik Seyssesko (Frantzia) espetxera eraman zuten, espetxe prebentibora.
  • 2001-3-31. Diego Garcia lasterkalari azkoitiarra hil zen Loiolan, entrenatzen ari zela, bihotzekoak jota. Azpeitian bizi zen.
  • 1920-3-31. Gasteizko alkateak Urola trenari buruz eginiko aldaketa proposamenari erantzutea erabaki zuten. Azpeitiko Udalak, Zumarragakoak, Urretxukoak, Azkoitikoak, Zestoakoak eta Zumaiakoak Gipuzkoako Diputazioaren eskuetan utzi zuten gaia.
  • 1913-3-31. San Inazio jaietarako zezen-plaza enkantean jartzea erabaki zuten.
  • 1866-3-31. Herriko gauzainen arautegia ontzat hartu eta sinatu egin zuten.
  • 1778-3-31. Soreasuko errota berria egin zuen Frantzisko Ibero maisuari, errota alokatzen zuenaren eskuetan jartzea agindu zioten.
  • 1771-3-31. Kantauriko Erregimendurako 240 soldadu eskaintzea erabakita zuen Gipuzkoako Batzarrak, bakoitzari 1.500 erreal emanez. Pregonariaren bidez herriko enparantzan, boluntario zerbitzua eskaintzera edozein gizaseme ezkongabe ager zedin, albistea ematea erabaki zuten.
  • 1702-3-31. Bataioko kapera ixteko zer egin zitekeen erabakitzeko, balkoiak eta zerraileak egiten zituen Bartolome Elorza maisu elgoibartarrari deitzea erabaki zuten.
  • 1702-3-31. Azken uholdeak izugarrizko kalteak egin zituelako Loiolarako bidean eta San Joxe ermitaren inguruan horma bat altxatzea erabaki zuten.
  • 1702-3-31. Enparan errotarako harri berri bat prestatzea erabaki zuten.
  • 1698-3-31. Baimenik gabe sagardo upel bat salgai jarri zuelako hiru ezkutuko isuna jarri zioten Arizuriagako Domingo Arregiri.
  • 1688-3-31. Udaletxean obra batzuk egitea erabaki zuten.
  • 1656-3-31. Pedro Larrea maisuak adierazi zuen Elolaren Ikastetxea prest zuela, eskatutakoa baino material gehiago jarri bazituen ere, eta herriak erabaki zuen maisu bat izendatzeko azterketa egitea.
  • 1638-3-31. Kontuan izanda Batzar Bereziak 200 soldadu prestatzea erabaki zuela, eta haietako 11 herriari tokatzen zitzaizkiola, boluntario joan nahi zuenik bazen jakiteko pregoiaren bidez deialdia egitea erabaki zuten eta, boluntariorik ez bazen, nekazaritzan gutxien falta egiten zutenak aukeratuko zituzten.
  • 1570-3-31. Armentia maisuek parrokirako Anardi inguruko zelai batetan karobi bat erretzeko egurra eta Komuntzo baserriaren azpian aurkitu zuten harria ateratzeko baimena eskatu zuten.
  • 1557-3-31. Hiru egunen barruan Enparan kalean bota zen dorrearen hondakinak kentzea eskatu zioten Aszensio Eizagirre jabeari.
  • 1535-3-31. Harzubiko zubiaren konponketa ordaindu zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan