Eguna: 3-7

  • 2020-3-7. Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa irabazi zuen Mikel LarraƱagak, Izarraitz pilotalekuan.
  • 2015-3-7. Nagore Aranburuk aktore onenaren saria jaso zuen Palentziako Nazioarteko Zinema Erakustaldian, 'Zarautzen erosi nuen' film laburrean egindako lanagatik.
  • 2013-3-7. Udalak harrera egin zion Oihana Goenaga azpeitiar igerilariari, Infantil Mailako Espainiako Txapelketa irabazi zuelako.
  • 2002-3-7. Izazpi-SamiƱo-Oleta eta Hirukurutzeta-Karakate zentral eolikoak atzera bota zituen Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak. Arrazoi nagusitzat bertan dauden metal garaiko aztarna arkeologikoak hartu zituen.
  • 2000-3-7. Elkarri taldeak Bake Konferentzia proiektua aurkeztu zuen Aitonenako aretoan.
  • 1974-3-7. Urola eta Errezilgo ibaiek bat egiten duten ingurua estaltzeko proiektua eta aurrekontua onartu zituzten.
  • 1974-3-7. Betharram Ikastetxe inguruan kirol instalazio batzuk egitea erabaki zuten.
  • 1935-3-7. Martzelo Guibertek Guardia Zibilaren kuartela egiteko eginiko proiektua onartu zuten, eta enkantean jartzea erabaki zuten.
  • 1906-3-7. Auziari buruz gobernadoreak horrela erabakita, zezen-plazaren kontratista Nikolas Azpiazu jaunak berehala eskatu zuen 8.279'44 pezeta ordaintzeko. Ogasun Batzordera pasatzea erabaki zuen Udalak.
  • 1892-3-7. Udaletxeko eskailera gainean kupulatxo bat egitea erabaki zuten, eta ondoren inguruko paretak txukundu zituzten.
  • 1887-3-7. Posta eta Telegrafoko zuzendariak eginiko idatzia irakurri ondoren, esanez herriko Osasun Juntarekin bilera bat egin nahi zuela -orduan bulegoak Inazio Unanuek Erdi kalean zuen 24. zenbakian zeuden, eta etxea bizitzeko egokia edo ez erabaki nahi zuten bileran-, Udalak erabaki zuen hil hartako 9an bilera hori egitea.
  • 1876-3-7. Udal liberala osatu zuten, eta Grazian Zelaia jarri zen alkatetzan.
  • 1830-3-7. Peritu bat izendatzeko eskaera egin zuten, Aratz-Errekako eliza ikus zezan, Joxe Inazio Artizek eta Esteban Goenagak amaiturik zituztelako obrak, eta Udalak Elorza errejidorea izendatu zuen.
  • 1701-3-7. Bere txanda betetzen korrejidorea herrian izanik, San Agustin komentuko sagrarioko giltza Ostegun Santu egunez hari eskaintzea erabaki zuten, kontuan izanik herria zela bertako patroia.
  • 1701-3-7. Jauna Beheratzearen Kofradiako buruak eginiko eskaerari erantzunez, Ostiral Santu egunean kaleratu ohi zuten talde armatuaren alferiza izendatzeko bandera emateko. Udalak erabaki zuen fidela izendatzea.
  • 1677-3-7. Frantziskotar Hirugarren Ordenako Anaiei Elola kaperan Paduako San Antonioren irudi bat jartzeko baimena eman zieten.
  • 1656-3-7. Parrokiko obra handiak berehala hasteko asmoarekin herriratu zen Joan Ansola maisuak eginiko eskaerari erantzunez, herriak hari 500 dukat ematea erabaki zuen.
  • 1636-3-7. Martin Iraolari eman zioten ahalmena herriaren izenean Sevillako (Espainia) alkabalatan Elola memoriak 1634an sortu zituen interesak kobratzeko; 270.000 marai, hirukiko lehen zatia.
  • 1636-3-7. Lorentzo Agirre idazkariak bere testamentuaren bidez parrokiari utzitako 50 dukat eta ospitaleari utzitako beste hainbeste kobratzeko ahalmena eman zuen herriak.
  • 1558-3-7. Azken gerrateetan sortutako zorrak ordaintzeko 1.000 dukat osatu nahirik, derrama bat egitea onartu zuten herritarren artean.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan