Eguna: 4-13

  • 2016-4-13. Joxean Agirrek 'Gizajoen katalogoa' eleberria aurkeztu zuen.
  • 2015-4-13. Kiosko zaharra kentzeko lanak hasi zituzten, plaza Nagusia eraberritzeko lanen barruan.
  • 2012-4-13. Gorka Karapeto eskalatzaileak 9a mailako 'Begi puntuan' bidea egin zuen, Etxaurin (Nafarroa).
  • 1954-4-13. Matximentako Joxe Antonio Rezola Sarrondo Lasao auzoan lurreratutako alzifre bat (sei metroko zirkunferentzia eta 4.092 kilokoa) mozten ahalegindu zen. Hamabi orduko epea zuen ebakitzeko. 06:30ean hasi zen, baina eguerdi aldera eskuak odoldurik zituen. Arratsaldean, bederatzi ordu eta hamar minutuko saioa egin ondoren, lanari utzi zion. Hamahiru aizkora erabili zituen, eta laguntzaile 'Keixeta' izan zuen.
  • 1936-4-13. Zinegotzi batzuek Ormaetxe baserri inguruan zegoen ermita botatzeko egindako eskaera onartu zuten. Hondamenean zelako eta inolako zerbitzurik eskaintzen ez zuelako egin zuten eskaera.
  • 1929-4-13. Joxe Agirre bertsolaria jaio zen, Oranda baserrian.
  • 1927-4-13. Herritarren artean eginiko diru biltzeari esker Azpeitiko lehen instantziako epaileari egin behar zioten omenaldian emango zioten makila berak zeukala jakinarazi zuen alkateak. Beizamako hilketa garbitzeko egin zuen lana eskertu nahi zioten. Udalak erabaki zuen bilera amaitu ondoren haren bulegora joan eta eskaintzea.
  • 1803-4-13. Kontseilu Nagusiak 400 edo 500 haritz alferrikakoak ebakitzeko egin zuen eskaera onartu zuten. Haritzak txalupak osatzeko erabili ziren eta, bide batez, barrerak egiteko, aurrez zeudenak frantziarrek erre baitzituzten.
  • 1714-4-13. Madalena ermitan konponketa lanak egiteko herriak egurra ematea erabaki zuen.
  • 1692-4-13. Aleak eta gainontzeko janariak herritik kanporatzea debekatu zuten, isuna eta zigorra ezarriz.
  • 1641-4-13. Juan Martinez Etxeberria zilarginak parrokirako zilarrezko gurutzea prestaturik zuen eta hori aztertzeko batzordea izendatu zuten.
  • 1641-4-13. Landetako ermita guztiz eroria zegoenez, eta kontuan izanik aurrez Urrekasoro baserrian zegoena unean hutsik zegoela, hori bota eta material baliagarriak Landetakoa altxatzeko erabiltzea onartu zuten.
  • 1640-4-13. Probintziak eskaini zituen 400 soldaduetatik hamalau bidaltzera derrigorturik zegoenez herria, hamahiru prestaturik zeuden unean Lazaro Txurrukarekin Donostiara bidaltzea erabaki zuten.
  • 1598-4-13. Zuhaitz haztegia zeukan Juan Perez Eizagirrek eta harekin herriaren lurretan 8.000 haritz eta gaztainondo landatzeko tratua egin zuten.
  • 1583-4-13. Gauerdian parrokiko aldare nagusiko teilatuaren zati bat lurrera erori zen.
  • 1562-4-13. Iruñeko apezpikutzako epailea eta korrejidorearen tenientea iritsi ziren Urrestillara, hirugarren eliza egiteko emandako baimena bete zedin.
  • 1558-4-13. Erorita zegoen Amuko zubia eta hori konpontzeko behar ziren egurrak aurkitzea erabaki zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan