Eguna: 4-17

  • 2019-4-17. Done Jakue kaleko apaizetxea botatzen hasi ziren, haren tokian udal sustapeneko etxebizitzak eraikitzeko.
  • 2011-4-17. Bolatoki berria estreinatu zuten Garmendipen, Azpeitia Hiria I. Bolo Txapelketa jokatuz.
  • 2010-4-17. Azpeitiko taldeak Emakumezkoen Herriarteko Trindoor txapelketako finala irabazi zuen.
  • 2005-4-17. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundetan EAJ-EA koalizioa izan zen irabazle: 4.907 boto (2001ean 6.248). Bigarren indarra EHAK izan zen, 2.059 botorekin (2001ean EHk 1.952).
  • 1931-4-17. Azpeitiko Udalak, aho batez, euskal errepublika bat eskatu zuen.
  • 1931-4-17. Kasto Orbegozo alkate zela, udal berria osatu zuten. Aurreko legegintzaldiko Udalak hartutako erabakiaren berri eman zuten, eta aho batez berarekin bat egitea erabaki zen.
  • 1931-4-17. Urrestillan, Nuarbe eta Araz-rrrekarekin mugan, Olatxo eta Antxieta-Olalde errotak 110 anega gari eta 1.100 arto anega ehotzi zituzten. Hala ere, urtean zehar 7.960 abega ehotzeko gai ziren.
  • 1931-4-17. Aratz-errekan, Olaberri, Bikundia eta Olajaungoa errotak, 90 anega gari eta 1.100 anega arto ehotzi zituzten. Hala ere, guztira urte osoan zehar 5.000 anega ehotzeko gai ziren.
  • 1931-4-17. Errezil ibaian, Barrenola, Urbieta eta Orendandi errotak, 1.000 anega gari eta 3.400 anega arto ehotzi zituzten. Guztira urtean zehar 11.000 anega ehotzeko gai ziren.
  • 1931-4-17. Errezil eta Urrestilla errekak bat eginik zirela-eta, Enparan errotak 5.840 anega gari eta beste hainbeste arto ehotzi zituen. Hala eta guztiz ere, guztira urtean 22.000 anegatik gora ehotzeko gai zen.
  • 1931-4-17. Urola ibaian, Soreasu errotak, 5.600 anega gari eta beste hainbeste arto ehotzi zituen. Hala ere, guztira urtean zehar 22.000 anega ehotzeko gai zen.
  • 1931-4-17. Elorriaga menditik jaisten zen Ubero errekan, Larrañaga errotak 40 anega gari eta 1.600 arto ehotzi zituen, guztira urtean 2.600 anega ehotzeko gai bazen ere; Garagartza errota, bestalde, une hartan geldirik zen.
  • 1931-4-17. Urrestillatik jaisten zen Poto errekan, Aizuriaga eta Igaraberri errotek, bakoitzak 100 anega gari ehotzi zituzten. Artoari dagokionez, lehenak 600 arto anega ehotzi zituen, bigarrenak 200. Bien artean urtean zehar 2.700 anega ale ehotzeko gai ziren.
  • 1931-4-17. Tokirik egokienean kokaturik eta ongien prestaturik ziren errotak Enparan eta Soreasu ziren une horretan, nahiko alde handiarekin, gainera. Herria, irabazi batzuk jasotzeko asmoz, ongi egokiturik edukitzen ahalegintzen zen.
  • 1931-4-17. Burdinola bakarren bat erreka berean izateak asko murrizten zuen errotaren lana, ur gutxirekin gelditzen zirelako. Udara partean ere geldialdi luzeak egin behar izaten zituzten askotan, erreka edo ibaiak indar gutxirekin izatean.
  • 1899-4-17. Udalak Azoka plaza estalia egiteko aurreratu zizkioten proiektuetako bat aukeratu zuen.
  • 1847-4-17. Espainiako politiko nagusiaren gutuna ikusi ondoren, herriak bere lurraldean zituen erroten zerrenda onartu zuten.
  • 1781-4-17. Pedro Sian tuterarrari, herrian ardo oparoa saltzeko baimena eman zioten, derrigorrezko zergak ordaintzen zituela-eta.
  • 1775-4-17. Joxe Etxeberria irudigileak parrokiko aterpe gailurrean jarri nahi zen San Sebastianen irudia egiteko eskaintza aurkeztu zuen, eta horretarako sortu zen batzordearen eskuetara pasatzea erabaki zuten, honek erabaki bat har zezan.
  • 1656-4-17. Unean Enparan zubiak agertzen zuen hondamena parrokiko obrak egiten zituzten maisuei kontsultatzea erabaki zuten, euren iritzia jasotzeko.
  • 1656-4-17. Malardategi zubia botatzea erabaki zuten, hemendik jaso zitekeen materialak Enparan zubirako ez zuelako balio.
  • 1589-4-17. Erregeak berehala herriratuko zen Quintanilla inkisidoreari ostatua eskaintzeko agindua zuen, eta Bikuña etxea eskaintzea erabaki zuten. Horretarako, aurrez, Martin Perez Alzagari, Bikuña etxearen jabeari, inkisidoreak egingo zituen gastuak herriak ordainduko zizkiola adierazi zioten.
  • 1534-4-17. Herriaren mugaren inguruan gurutzeak jartzeko agindua zuten apaizei ordaindu zieten, ekaitz egunetan otoitzak ere eskaintzen zituztelako.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan