Eguna: 4-24

  • 2021-4-24. Espainiako Urrezko LEB Ligara igotzea lortu zuen Juaristi ISB saskibaloi taldeak, igoera faseko finalaren itzulerako partidan Sant Joan Despin (Bartzelona) Bartzelona B-ri 63-66 irabazita.
  • 2013-4-24. Alfonso Gallardo Taldeak lau enpresari (Corrugados Azpeitia eta Lasao, tartean) eragiten zion Lana Erregulatzeko Txostena aurkeztu zuen, Madrilgo Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioan.
  • 2012-4-24. Urko Egañak bertsotan kontatzeko ipuinekin osatutako '11 kantatzeko' DVD-a aurkeztu zuen.
  • 1987-4-24. Azpeitiko Zine Klub Elkarteak 'Mateo Txistu' filma estreinatu zuen.
  • 1975-4-24. Joakin Montero arkitektuak Basazabal etxeari buruz prestatutako txostenaren berri eman zuten, eta Udalak erabaki zuen goi agintari guztiei eskaera zuzentzea, horiek ahalik eta azkarren neurriak har zitzaten etxeari heltzeko.
  • 1959-4-24. Anaia Maristen Ikastetxean ikasle izandakoen batzordeak, Perdillegi inguruan lurraldea erosi eta ikastetxe berria egiteko akordioak hartzea eskatu zuen. Udala, ordea, gaiari buruz erabakirik hartu gabe gelditu zen.
  • 1939-4-24. Ikusirik Joxe Olazabal arkitektuari ezinezkoa egiten zitzaiola hilerriko mausoleoa eta Perez Arregiko monumentuaren proiektuak prestatzea, lan bera Martzelo Giberti ematea erabaki zuten.
  • 1922-4-24. Belaetxe baserriaren inguruan ziren antzinako igeltsu harrobi zuloek arriskua zutela-eta, lurraldearen jabeari horiek betetzea edo gutxienez euren jiran harresi bat jartzea eskatzea erabaki zuten.
  • 1922-4-24. Olarue baserria erretzean eginiko gastuak ordaindu egin zituzten.
  • 1912-4-24. Oñatiko Udalaren eskaera ontzat hartu eta Diputazioari Gipuzkoako patroitzat Arantzazuko Andre Maria izenda zezan eskatzea erabaki zuten.
  • 1895-4-24. Errekalde ingurutik Errezilerako errepidea bitartean bidea egitea erabaki zuten.
  • 1865-4-24. Barrenola-goikoan zartaginak eta pertzak egiten zituen Manuel Bidaurretak esan zuen oso egoera txarrean zegoela Gazte ingurutik Errezilera bitarteko bidea, eta konponketa egiteko laguntza eskaini zuen, ohiko ardoa eta ogia emanik. Herriak hark eginiko eskaintza ontzat hartu zuen.
  • 1861-4-24. Gregorio Lizurume zesta puntako pilotaria jaio zen. Izen handia hartu zuen bere ibilbidean.
  • 1823-4-24. Urrestillak eman zuen erantzuna ikusirik eta Espainiako Gobernuak emandako agindua kontuan izanik, Udalak erantzutea erabaki zuen: Udalak ez zuela bertan ziren beste agintaririk ezagutzen, guztiak 1820ko martxoaren lehen eguna bitartean jarraitzen zuela eta, hilaren 18an agindu zitzaien bezala, euren postuak uzteko eskatuz. Urrestillara alkatea bera joatea ere erabaki zen, beste agintari batzuek eta bere udaltzainak lagundurik, lehenik gobernu konstituzional garaian jarritako mugarriak kentzeko eta ondoren Urrestilla eta bere lurraldearen jabetza har zezan; eskribauak guztiaren berri jaso zuen.
  • 1697-4-24. Sevillan (Espainia) zegoen Joseph Jauregi azkoitiarraren gutuna jaso zuten. Bertan, Miravallesko Konteak Mexikon 1696ko uztailaren 8an egindako aginduaren kopia eta Manilako errukietxeko juntako kide Agustin Crespo eskribauaren testigantzarekin, Juan Arana azpeitiar kapitainak utzitako testamendua ezagutu ondoren, herriko San Martin ospitalerako ehun peso eskuratu zituela azaldu zuen. Jauregiri idaztea erabaki zuten, dirua ahalik eta azkarren bidean jartzeko eskatuz.
  • 1695-4-24. Herriko agintarien aukeraketa egiteko ordenantza erregeak ontzat hartu zuela adierazi zuten.
  • 1695-4-24. Aurreko urteetan San Inazio jaietarako eginiko alferrikako gastuei buruz hitz egin zuten, eta herritarrei eta biztanleei dirua eskatu zieten Nafarroatik edo Gaztelatik (Espainia) zezenak ekartzeko. Askotan, gainera, ez zuten lortu nahi zen helbururik, eta unean herria eta herritarrak beharrei erantzun ezinean aurkitu ziren, janariak garestitu egin zirelako. Herriak herritarrei, jaiak antolatzeko, diru laguntza eskatzea debekatzea erabaki zuen.
  • 1695-4-24. Herriko agintariak aukeratzeko ordenantza berria onartu zuten.
  • 1671-4-24. Ikusirik herriko dorrea erortzeko zorian zela, konpontzea erabaki zuten. Zezenak jolasten ziren enparantza aldera egurrezko balkoi bat aterako zioten, izkina batetik bestera, apaingarria baitzen.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan