Eguna: 4-26

  • 2020-4-26. 14 urtetik beherako umeei eta gaztetxoei ordubetez kalera ateratzeko aukera eman zieten.
  • 2017-4-26. Miren Garate kazetari azpeitiarrak 'Ekaitzaren zipriztinak' liburua aurkeztu zuen, Tene Mujika beka jaso ondoren idatzitakoa.
  • 2015-4-26. Iñigo Ibañezek Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa irabazi zuen.
  • 1986-4-26. Urola trenaren aldeko manifestazioa egin zuten.
  • 1981-4-26. EAJren batzokia inauguratu zuten, Olazko Amaren plazan.
  • 1973-4-26. Inazio Perez Arregiren finka erostea erabaki zuten, frontoiaren kontra zegoena.
  • 1930-4-26. Herriak Azkoitiko herriarekin zituen mugei buruz emandako sententzia irakurri zuten, eta Azpeitiaren aldekoa izan zen.
  • 1928-4-26. Azkoitia eta herriaren arteko mugekin gertatu ziren eztabaidaren berri eman zuen alkateak. Felix Ortiz ingeniariaren aurrean bi herrietako batzordeel beraien arrazoiak agertu ondoren, Ortizek hartutako erabakia irakurri zuten ondoren, eta esan zuen XV. mendetik ezagututako mugaketa aldatzea ez zela komenigarria. Herriak ontzat hartu zuen.
  • 1928-4-26. Diputazioak lehen mailako errepidetzat hartu zuen Urrestillatik Aratz-errekara egin nahi zena, eta herriak batzordea izendatzea erabaki zuen, Diputazioaren aurrean gestioak egin zitzan, honek lanen %65 ordaintzeko.
  • 1920-4-26. Julian Elorza Diputazioko presidenteak eta Inazio Perez Arregi Diputazioko presidenteordeak bidalitako telegrama jaso zuten. Bertan, Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak Urola trena aurrera ateratzeko aurrekontua eta ustiatzea sinatuta zutela azaltzen zen. Aho batez eskerrak ematea erabaki zuten.
  • 1915-4-26. Herriko kaleak baldintza onean edukitzeko kontratua egin zuten Frantzisko Altunarekin eta Nikolas Arrietarekin.
  • 1893-4-26. Inazio Orbegozok eta Tadeo Zabala Antxietak aurkeztu zuten gutuna batzorde baten eskuetan jarri zuten. Kartari atxikita 60 laguneko zerrenda bidali zuten, eta zerrenda horretan zirenak herritar deklaratzea eskatzen zuten, agirien bidez gutxienez bi urtean herrian bizi zirela adierazten baitzen.
  • 1858-4-26. San Agustin komentua baztertua zegoen eta, haren egoera ikusita, behar zen tokian gestioak egitea erabaki zuten, elizan gutxienez igandeetan eta jaiegunetan meza bat izateko.
  • 1804-4-26. Espainiako Armadako Flotako komandanteak hesiak egiteko zuhaitzak ebakitzeko baimena eman zuen; bakoitzeko hiru aldatzeko agindu zuen.
  • 1766-4-26. Fidelak esan zuen okinen artean 300 anega gari baino gehiago zabaldu zituela, hilaren erdian herriratutako tropari eskaintzeko.
  • 1766-4-26. Hondarribiko batzar nagusian Diputazioaren agindua ontzat hartzean, aurtengoz ohiko zezenketak alde batera uztea erabaki zuten.
  • 1750-4-26. Goizean, utzitako haur bat aurkitu zuten parrokiko atarian. Neska zen, jaioberria.
  • 1746-4-26. Domingo Etxepare teilagin berriak esan zuen teileri berria zen tokian baino lur hobea zegoela Aintzibarrena baserriak zeukan lurralde batean. Herriak baserriaren jabearekin hitz egitea erabaki zuen.
  • 1739-4-26. Plaza Nagusian eta arkuen gainean Orendandietxea egitea erabaki zuten, Antonio Kortaren etxetik hasi eta herriko dorrearen ingurura bitartean, enparantzarentzat apaingarria zelakoan.
  • 1716-4-26. Juan Bautista Garmendiak, Egibar-handia baserriaren derrama -garaiko zerga- kobratzeko eskatu zuen.
  • 1668-4-26. Matias Zuezolaren aurkako auzia jarraitzea onartu zuten, parrokiko patronatuari buruz agiri berriak aurkitzean.
  • 1559-4-26. Izarraizko putzuak ez zuen ura behar bezala gelditzen eta konpontzea erabaki zuten. Bidez batez, baita Azketako iturria ere.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan