Eguna: 5-11

  • 2021-5-11. Gai beraren gaineko mozioen bueltan gauzatu zen apirileko udalbatzarretik hamabost egunera, ezohiko udalbatzarra egin zuten EAJren udal taldearen eskariz, Corrugados Azpeitia enpresaren balizko irekieraz lan batzordea eratzeko jeltzaleek egindako eskaera lantzeko. Eskaera atzera bota zuen udalbatzarrak, Udal Gobernuko EH Bilduren ordezkarien botoekin.
  • 2015-5-11. Jon Lapeirak urrezko domina irabazi zuen Lanbide Heziketako SpainSkills 2015 txapelketan.
  • 2013-5-11. Benantxio Irureta (Aizarna, 1953) mendizalea hil zen Aneton, istripua izanda. Lagun talde batekin zebilen mendian eta amildegi batean erorita zendu zen azken 34 urtean Azpeitian bizi zen aizarnarra
  • 2007-5-11. San Agustinpeko barrualdea kultur erabilerarako eraberritzeko lanak hasi zituzten.
  • 2002-5-11. Gipuzkoako Txolarte Eguna ospatu zuten Azpeitian.
  • 1958-5-11. Miguel Aldaz eta Frantzisko Irizar 12.000 metrotan lehiatu ziren, zezen-plazan. Lehenenak irabazi zuen 39.08.3/5ekin, bigarrenak 39.18.1/5 behar izan zituen.
  • 1914-5-11. Gauzainei uniforme bat ematea erabaki zuten.
  • 1896-5-11. Loiolarako bidean karelak egitea eta Frantziskanen inguruko bidea konpontzea onartu zuten.
  • 1896-5-11. Zinegotzi batzuen proposamena ontzat hartuta, beste herri batzuekin harremanetan jarri eta debekaturik zeuden idi demak jokatzeko baimena eskatzea erabaki zuten. Abeltzantza bultzatzeko egokia iruditzen zitzaien, eta kirolak moralaren aurkako ezer ez zuen iritzia zuten. Bide batez, dirua lortzeko baliagarri izango zen.
  • 1896-5-11. Batzorde bat izendatu zuten, indarrean zeuden udal ordenantzak aldatzeko. Alkateak, Muguruzak eta Iberok osatu zuten batzordea.
  • 1892-5-11. Joxe Manuel LarraƱaga alkatea, Inazio Zabala Antxieta, Andres Kabredo, Meliton Izeta, Juan Mari Etxaniz, Pedro Zabala Antxieta, Frantzisko Egiguren, Joxe Mari Uranga eta Hilarion Orbea bildu ziren, Diputazioaren deialdia irakurtzeko, hurrengo egunean Tolosan ospatu zen batzar berezirako prestatzeko. Gaia: probintziaren garaiko erakundeei heldu eta armak hartu zituen karlista taldeak foruen aukera zalantzan jarri zuela.
  • 1874-5-11. Ukuiluan kaleetako zaborrak ezin zituela jaso esan zuen Inazio Joxe Segurola garbitzaileak. Zaborrak komentuko ukuiluan edo beste nonbaiten biltzeko eskatu zion Udalari. Momentuan, behintzat, eskatutako tokia emateko asmorik ez zuen agertu Udalak.
  • 1867-5-11. Zurrumurruak iritsi ziren: arriskuan zela herriko epaitegia, Madrilen kentzeko asmoa zutelako. Gaiari buruz luze hitz egin zuten, alkatearen teniente Inazio Ibero izendatuz azkenik Madrilera joan eta gestioak egiteko gai horri heltzeko asmoz.
  • 1815-5-11. Diputazioari herriaren egoera larriaren berri ematea erabaki zuten. Udal langileen soldatak ezin zituztela ordaindu eta azken urteetan ezer kobratu gabe zeudela esan zioten, eta aurrerantzean zerbait jasotzeko itxaropen txikiarekin zeudela. Erregutzea onartu zen, herrian saltzeko zegoen pitxar ardo bakoitzari lau laurdeneko zerga ezartzeko baimena eskatzeko. Lortutako dirua, sendagile, zirujaua, gramatika maisua, mutiko eta neskatxen irakasleek, eskribaua, postaria, udaltzain eta abarri soldatak ordaintzeko izango zen.
  • 1815-5-11. Aguraingo eskribauaren gutuna irakurri zuten. Bertan Frantzisko Inazio Ganboa maisuari buruz zenbait xehetasun ematen ziren. Jenio lasai eta trankila zuela eta eztabaiden etsaia zela zioten; bi hitzetan, pertsona ongilea. Haren ikasleen artean sekulako aurrerapenak nabaritu zirela ere esan zuten.
  • 1689-5-11. Herriko teilerian egiten ziren teila eta adreiluen prezioak finkatu ziren. Mila teilengatik ez zen zilarrezko 34 erreal baino gehiago eskatuko eta 24 baino gehiago ere ez adreiluagatik.
  • 1635-5-11. Alzaga etxe nagusia erre zen gauez eta Pedro Alzaga etxejabeak herriaren basoetan egurra ebakitzeko baimena eskatu zuen. Baietz esan zioten.
  • 1589-5-11. Parrokiko agintariek zituzten aulkiak kentzeko agindu zuen Quintana inkisidoreak. Beraz, abokatuen iritzia jaso ondoren hari idaztea erabaki zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan