Eguna: 5-17

  • 2017-5-17. Euskarazko Internet Egunaren bigarren edizioa Azpeitian ospatu zuten, PuntuEus Fundazioak eta Kulturaz kooperatibak antolatuta.
  • 2015-5-17. Zurt ISB taldeak Espainiako Emakumeen Bigarren Mailarako igoera lortu zuen, herriko kiroldegian jokatutako igoera fasean nagusitu ondoren.
  • 2011-5-17. Uztarria Komunikazio Taldeak maiatzaren 22ko udal hauteskundeetara aurkeztutako alkategaiekin mahai-ingurua egin zuen Sanagustin kulturgunean. Jesus Larrañagak (EAJ), Eneko Etxeberriak (Bildu), Juan Karlos Arellanok (Aralar), Iñaki Uribek (PSE-EE) eta Aitor Arangurenek (Hamaikabat) hartu zuten parte mahai-inguruan. PPren hautagaiak, Manuel Palaciok, ez zuen parte hartu, Uztarriak luzatutako gonbidapenari ez baitzion erantzunik eman.
  • 2002-5-17. ELA sindikatuak egoitza berria inauguratu zuen Azpeitian, Arana auzoan.
  • 1925-5-17. Joxe Aranburu 'Keixeta' eta Joxe Inazio Elorza 'Kortaberri I.a' neurtu ziren hamabi enbor 60 ontzakoekin. Lehenenak irabazi zuen 63.41rekin. Bigarrena zortzigarren enborrean erretiratu zen.
  • 1922-5-17. Gregorio Segurola izendatu zuten zezen-plazako torilak egiteko.
  • 1915-5-17. Remigio Egigurenek eraikin bat egiteko baimena eskatu zuen Iturriza inguruetan, bertan organo fabrika jarri nahi zuela-eta. Aurkeztu zuen planoa onartu egin zuten eta baimena eman zioten, materiala Astigarraga zinegotziak esandako tokian uzten bazuen.
  • 1852-5-17. Eliz kaleko 17., 19. eta 21. zenbakiak zituzten etxeak botatzea erabakita zegoen, atzeko edo frontoi aldetik, eta plano geometrikoak agintzen zuen bezala altxatuko zituzten. Genaro Enparanek eta irailaren 22an izendatutako batzordeko kideek guztiaren berri zutenez, haiei kopia bat eskatzea onartu zuten, etxeen jabeekin harremanetan jartzerakoan Udalak kontuan izan zezan.
  • 1811-5-17. Tolosako komandanteari idaztea erabaki zuten. Apirilaren 24ko eta maiatzaren 8ko ofizioak bidali zizkioten, Azpeitiko herriari gotorlekuak prestatzen egin zituen gastuak ahalik eta azkarren ordaintzeko, gobernuaren aurrean erregutu zezan.
  • 1804-5-17. Jakinean izanik Elormendiko San Pedro ermita erortzeko zorian zela -batere egurrik gabe zegoen, frantziarrek erre egin zituztelako azken gerratean-, eta inolako irudirik gabe barnean, apezpikuari bere profanazioa eskatzea erabaki zuten.
  • 1794-5-17. Lehen tertzioko kapitainaren gutuna jaso zuten. Bere konpainiarekin Irunen zegoela zioen gutunean, eta soldadu guztien zerrenda bidali zuen. Guztiaren berri gordetzea erabaki zuten.
  • 1786-5-17. Herriaren dorrea erortzeko moduan zegoela ikusita, arrisku handiena agertzen zuen tokiraino botatzea enkantean jartzea erabaki zuten.
  • 1786-5-17. San Inazio beatifikatzean herriak egin zuen botoaz hitz egin zuten, bezpera eta egunean urteko elizkizunetara korporazioan joateaz. Eta botoaren kopia bat egitea erabaki zuten, baita Iruñeko apezpikuaren onarpen idatziarena ere, ondoren abokatuen iritzia jasotzeko.
  • 1786-5-17. Herriko diruzainari herriaren bandera berria egitea agindu zioten, momentukoa erabat apurturik zegoelako.
  • 1715-5-17. Maiatzaren 20an Loiolako bidearen konponketa hastea erabaki zuten. Langileei eguerdiko janaria emango zieten, libra erdi haragi eta libra bat ogi. Lehen konponketak Perdillegi baserriaren inguruan egin zituzten, nahiko gaizki zegoelako.
  • 1654-5-17. Mendiak erosi zituztenei ordainketa zati bat eskatzea erabaki zuten, herriari tokatzen zitzaizkion soldaduei ordaintzeko.
  • 1654-5-17. Harategiko obrak ikusteko batzordea izendatu zuten, ondoren ordainketa egiteko horrela irudituz gero.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan