Eguna: 5-23

  • 2021-5-23. Ertzaintzak lau gazte atxilotu zituen, goizaldean Izarraizko Atea parkean gertatutako istiluen ondoren. Ehunka lagun elkartu ziren plazan arratsaldean, atxiloketak eta jazarpen poliziala salatzeko.
  • 2018-5-23. Mikel Zabaltza eta Alberto Fernandez mendizaleen Drangnag-rirako espedizioak jaso zuen Joxe Takolo Beka.
  • 2012-5-23. Urola Garaiko eta Urola Erdiko industrialdeen balizko bategitearen kontra azaldu ziren Azpeitiko eta Azkoitiko udalak.
  • 1996-5-23. Enekoitz Esnaolak eta Joxe Luis Aizpuruk idatzita, Lagun Onak Mendi Bazkunari buruzko liburua aurkeztu zuten, klubaren 50. urteurrenean.
  • 1994-5-23. Pio Astigarraga hil zen, organojole eta musika zalea.
  • 1983-5-23. Frankismoaren ondorengo bigarren Udala osatu zuten. Imanol Elias jarri zen alkatetzan, hamabi botorekin. Ramon Etxezarretak bi jaso zituen, beste bi Juana Odriozolak eta bat Diego Antonio Pozok.
  • 1961-5-23. Loiolako Inazioren Banda eta Solfeoko Akademiaren arautegia onartu zuten, Udalaren diru laguntza izango zutelako.
  • 1961-5-23. Zaborrak jasotzeko bi gurdi erostea erabaki zuten, aurrekoak erabat apurturik zeudelako.
  • 1938-5-23. Hilaren 6an herrian ospatuko zen jaialdira alkateak Franco jenerala gonbidatu zuela jakinarazi zuen.
  • 1932-5-23. Udaletxean kanpotik jartzeko ordularia erostea erabaki zuten.
  • 1926-5-23. Aurreko eguneko egunkarietan Espainiako Ministerioak emandako ordena erreala agertu zen. Lehen instantziko 40 epaitegi bertan behera utzi zituen; tartean, Azpeitikoa. Horren aurrean, Gipuzkoako diputatu nagusi Julian Elorzarekin harremanetan jartzea erabaki zuten, aho batez, gestioak egiteko. Elorza aukeratu zuten horretarako, unean Madrilen zegoen herritarra zelako eta gaia gogo handiz hartuko zuelako. Bide batez, Ministerioari gutuna bidaltzea onartu zuten.
  • 1923-5-23. Karetxeren alargunarekin egin zituen gestioen berri eman zuen alkateak, haren lurralde zati batean Lazaretoa egiteko. Andreak, Iriagirre baserria eta bere lur guztiak saldu nahi zituen 30.000 pezetan, baina herrika ez zuen orube osoa behar. Beraz, hiru mila pezeta eskaini zizkioten 750 metro koadro zituen zati batengatik. Azkenaldian gestioak egiten ari zela esaten zuen alkateak, orube osoa erosi nahi zuen norbait aurkitzeko.
  • 1923-5-23. Mariaren Sierbak altxatu nahi zuten nobiziagoko lanek ekainean hasi behar zuten albistea jasota, eta bertatik lur asko kendu beharko zela jakinaren gainean izanik, Udalari egokia iruditu zitzaion trenaren geltokira egin behar zen bidera eramatea. Lekaimeen zuzendariarekin harremanetan jartzea erabaki zuten, konponketara iristeko asmoz.
  • 1892-5-23. Zezilio Ezeizak hartu zuen Harzubi ingurua harriztatzeko lana.
  • 1859-5-23. Jabeturik parroki aurreko harrizko harresia egoera larrian eta itsusian zegoela, eta elizaren atariarekin inola ere bat egiten ez zuela, harresia bota eta sarrerako hiru arkupetan burdinsarea jartzeko asmoa agertu zuten. Joxe Mari Azpirozi planoak eta itxurak eskatzea erabaki zuten.
  • 1853-5-23. Eliz kaleko 5., 7. eta 9. zenbakiko etxeen atzeko alderdia egitea enkantean jartzea erabaki zuten.
  • 1749-5-23. Edozein ermitari jantzi apartekoak soinean zituela ibiltzea debekaturik zela jakinaraziz Diputazioak emandako agindua jasota, alkateari agindua gogoan izatea eskatu zioten. Ermitak zaindu behar zituztenek biztanle ezagunak izan behar zutela eta beste biztanleek bezalako jantziak eraman behar zituztela ere agindu zuen Diputazioak.
  • 1592-5-23. San Frantzisko ordenako jeneral Frantzisko Tolosa fraideari egindako oparia ordaindu zuten, Frantziskanetako leikaimeak komentu zaharretik berrira pasatzeko unean herriratu egin zelako.
  • 1592-5-23. Herriko kartzelan egindako kaperaren gastuak ordaindu zituzten, korrejidorearen aginduz.
  • 1476-5-23. Errege Katolikoek herriaren pribilegioak konfirmatu zituzten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan