Eguna: 5-25

  • 2021-5-25. Corrugados Azpeitiaren Amue eremuko lantegia desmuntatzen hasi zirela jakinarazi zuen udalak, Eusko Jaurlaritzak Azpeitiko herri erakundeak enpresa horren balizko berrirekitzearan auzian izandako jarreragatik bere "ezinegona" adierazi zuen egun berean.
  • 2019-5-25. Iraurgi SBren Txintxu Gozotegia emakumeen bigarren taldea Euskal Ligara igo zen.
  • 2016-5-25. Gurutzea jarri zuten berriro Erloko tontorrean, 2014ko abenduaren 31n desagertutakoaren tokian.
  • 2014-5-25. EH Bilduk irabazi zituen Europako hauteskundeak. EAJ bigarrena izan zen, 451 botora.
  • 2010-5-25. Mireia Epelde txirrindulari azpeitiarra Euskadiko txapeldun izan zen.
  • 2003-5-25. Udal hauteskundeetan lortutako emaitzak: EAJ-EA koalizioak 15 zinegotzi, PSE-EEk bat eta PPk beste bat. Habea ezker abertzaleko plataformak, berak emandako datuen arabera, 2.027 boto lortu zituen eta lau zinegotzi, baina Habea baliogabe jota zeukan Espainiako Justiziak, ezker abertzaleko alderdi legez kanporatuekin harremana zuelakoan.
  • 2003-5-25. Kepa Peñagarikano pilotariak erraz irabazi zuen Lehen Mailarako pasea. 22-9 nagusitu zitzaion Haritz Berraondori Bigarren Mailako finalean. Sakez 11 tanto egin zituen.
  • 1975-5-25. Lagun Onak futbol taldeak lehen aldiz Espainiako Hirugarren Mailara igotzea lortu zuen.
  • 1966-5-25. Epaitegia jartzeko lanak adjudikatu zituzten Udalean.
  • 1959-5-25. Musika Bandari diru laguntza kentzea erabaki zuten. Horrela, idazkaritzak hartu zituen bandak zeuzkan udal instrumentuak eta materiala jasotzeko eta entseguak egiten erabiltzen zituen lokaleko giltzak.
  • 1931-5-25. Mateo Mujika apezpikua atzerriratzea salatu zuen herriak.
  • 1903-5-25. Bustinzuri errebaleko biztanleen eskaerari erantzunez, iturria jartzea erabaki zuten Sagastizabal baserrirako bidea hasten den tokian.
  • 1887-5-25. Enparan eta Santiago kaleak harriztatzeko baldintzak onartu zituzten.
  • 1868-5-25. Juan Amezuak eginiko organoa ikusi eta euren iritzia agertzea ezinezkoa egiten zitzaiela adierazi zuen Joxe Inazio Aldalur organojoleak. Organoaren arazoa noizbait amaitu nahirik eta era guztietako iritziak jaso ondoren, Amezuari proposamena egitea erabaki zuen herriak. Proposamena: hiru mila erreal emango zizkioten, akatsak zuzentzeko egin zituen aparteko lan guztien ordain bezala. Horrela, gainontzeko eskakizun guztiak moztu egin ziren.
  • 1868-5-25. Nahiz eta publikoki ezagutzera ez eman, egia zen aita santu Pio IX.ak San Inazio izendatu zuela Gasteizko apezpikutzako zaindaritzat. Gipuzkoa eta Bizkaiari zegokionez, atsegina izan zen herritar guztientzat, eta hurrengo igandean ospatzea erabaki zuten. Herria korporazioan joango zen parrokiraino eta bertan meza entzun ondoren, 'Te Deum' abestu. Albistea aurrez jakinarazi zieten apaizei.
  • 1835-5-25. Juan Eizagirre apaizak arerioarekin bat egin zuela esan zuten, eta haren ondasunak bahitzea erabaki.
  • 1819-5-25. Olazko ermitan eta Elosiagako elizan eginiko konponketa lanak ordaindu zituzten.
  • 1739-5-25. Loiolako langileen artean batzuk iskanbila sortu nahian zebiltzala jakin zuten: aleen neurria aldatzeko herritarrak zirikatzen ari ziren batzuk. Alkateak haietako bi atxilotu zituela adierazi zuten eta, ondoren, probintziko kartzelara eraman zituela. Errudunak zirela eta zigortzeko esanez, korrejidoreari eta Diputazioari idaztea erabaki zuten.
  • 1732-5-25. Saltzeko basoak seinalatu zituzten, eta Lasaoko burdinoletako jabe Frantzisko Agirre Okendok erosteko gogoa adierazi zuen. Herriak debekatua zuen basoak kanpora saltzea eta, beraz, Valladolideko (Espainia) Erreal Chancilleriako abokatu batekin harremanetan jartzeko bi ordezkari jarri ziren. Horien egitekoa debekua bertan behera uztea izango zen, herriarentzat kaltegarria baitzen.
  • 1685-5-25. Getarian ospatutako Gipuzkoako Batzar Nagusiaren agindua beteta, Izpiritu Santuaren Bazko bigarrenean alardea egitea erabaki zuten. 18 urtetik 60ra bitarteko gizasemeak deitu zituzten enparantzara, arratsaldeko ordubietarako. 500 maraiko isuna ezarri zuten herritarrentzat eta 200ekoa biztanleentzat.
  • 1685-5-25. Bernardino Azpillagak eta Juan Etxeberriak nahastu gabeko sagardoa kanpotik ekartzeko baimena eskatu zuten, gero, herrikoak amaitutakoan, saltzeko. Baina herriak ezezkoa ematea erabaki zuen eta, bide batez, kanpoko sagardoa ekarri eta saltzen zuenari 50 dukateko isuna ezarriko ziotela jakinarazi zuten.
  • 1683-5-25. Apezpikuak parrokiko erretaula nagusia egiteko baimena eman zuen.
  • 1668-5-25. Batzordea izendatu zuten Soreasu errotaren presa ikusteko, errotariaren iritziz gaizki baitzegoen. Ikusi ondoren egoera txarra zela baieztatzen bazen, Martin Garatetxea maisuari aginduko zioten konponketa.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan