Eguna: 5-3

  • 2017-5-3. Inaxio Uria hiltzea leporatuta, 44na urteko espetxe zigorra ezarri zieten Beñat Aginagalde eta Joanes Larretxea ETAko kideei.
  • 2016-5-3. Bustinzuriko Errebaleko ibai aldeko kaleari '1766ko matxinada' izena jartzea onartu zuen udalbatzak aho batez, Azpeitiko Kultur Mahaiak egindako proposamenaren harira.
  • 2015-5-3. Antonio Pedrerok (Lizarte) irabazi zuen XLV. Urrakiko Igoera.
  • 2013-5-3. Hutsik gelditu zen Joxe Takolo beka.
  • 2012-5-3. Mikel Aranburuk futbola uztea erabaki zuela jakinarazi zuen, Realaren talde nagusian 14 denboraldi osatu ondoren.
  • 1991-5-3. Azpeitia Everest'91 mendi espedizioa aurkeztu zuten. Josu Bereziartua, Amaia Aranzabal, Joxe Urbieta 'Takolo', Benantxio Irureta, Josu Arrieta, Pello Aranburu, Gurutz Larrañaga eta Pedro Aranbarrik osatua zuten.
  • 1984-5-3. Elosiaga auzorako Iturriazkiagatik ura hartzeko proiektua aurrera eramatea erabaki zuten.
  • 1955-5-3. Institutu Laboraleko irakasleentzat etxebizitzak egiteko lurraldea eskaini zuen herriak, Perdillegin.
  • 1823-5-3. Urrestillan agintaritzan izan zirenei kontuak eskatzeko agindu zion Diputazioak Udalari.
  • 1801-5-3. Erretoreak egin zituen gestioei esker Ameriketara zilarbizia bidaltzeko fraskoen fabrika herrian zabalduko zela jakin zen. Udalak biztanleentzat mesede handikoa izango zela kontuan hartu zuen, eta hari eskerrak emanez akordio horren berri adieraztea erabaki zuen.
  • 1795-5-3. Udalbatzar nagusian, Larroche jeneralak bakoitzaren jabetzak eta iritzi erlijiosoak zaintzeko hartu zituen neurriak entzun ondoren, jeneralari herritar guztien izenean esker ona agertzeko alkatea eta Enparan izendatu zituen herriak.
  • 1790-5-3. Frantzisko Ibero maisuak prestatutako diseinua aldatu egin zuela adierazi zuen parrokiko atarian egingo ziren obrak zaintzeko izendatutako batzordeak. Aldaketei buruz maisuarekin hitz egitea eta bitartean obrak geldiaraztea erabaki zuen herriak.
  • 1767-5-3. Loiolako obren maisu Xabier Inazio Etxeberria eta haren ofizialak egindako txostena aurkeztu zuten, haien sendiekin batera, unean zeukaten larrialdia adierazteko. Larrialdiak, Konpainia kanporatu zenean Loiolako obrak bertan behera uzteak sortu zuen. Arandako Konteari obrek jarraitu ahal zezaketen galdetzea erabaki zuten.
  • 1745-5-3. Itsasontzietan edo arrantzan ibili ziren herritarren zerrenda bidaltzeko eskatu zuen Gipuzkoako Batzarrak. Gestioak egin ondoren, hauek osatu zuten zerrenda: Domingo Juanperizena, Diego Betolaza, Antonio Larraza, Inazio Irizar, Antonio Atxaran, Joakin Zabala, Felipe Basauri, Joxe Amenabar, Antonio Amenabar, Joxe Gorostiza eta Esteban Barbarinek.
  • 1735-5-3. Mauria putzuaren inguruan zegoen ermitan eta Elosiaga auzoko elizan konponketak egitea erabaki zuten.
  • 1730-5-3. Frantzisko Etxeberria Bergaratik itzuli zen, mandazainek euren zerbitzua Mallorcako (Herrialde Katalanak) Batalloiari eman aurretik hiru egunen ordainketa egitea proposatu eta ezezkoa jaso ondoren. Mandazainak bertara joan ziren, baina ez zuten lanik egingo. Beraz, berriro herrira itzuli zirenean, bakoitzari hiru erreal ordaintzea erabaki zuen Udalak, egin zuten bidaiagaitik.
  • 1683-5-3. Herriaren eta jesuiten artean kapitulazio eskritura sinatu zuten.
  • 1680-5-3. Mugara 15.000 soldadu baino gehiago hurbiltzen ari ziren albistea jasorik, maiatzaren 5eko arratsaldeko ordubietarako deialdia egitea erabaki zuten, 14 urtetik 60 urte bitarteko herritar eta biztanle guztiak enparantzan ager zitezen alardea egiteko. Auzoetara albisteak bidali zituzten. Mila maraiko isuna eta hamabost eguneko kartzela izendatu ziren zigor bezala. Tomas Korta kapitaina eskaini zen soldaduak Hondarribira bidaltzeko behar zen dirua aurreratzeko.
  • 1562-5-3. Iskanbilak sor zitezkeela pentsaturik, korrejidorearen tenienteak eta Apezpikutzako bisitariak dekretu bat sinatu zuten Juan Borja eta haren lagunentzat. Urrestillako biztanleei bakean uzteko agindu zuten dekretuan, zigor gogorra jaso nahi ez bazuten.
  • 1535-5-3. Loiolako Inaziok sermoia eskaini zuen Elosiagako elizan.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan