Eguna: 5-30

  • 2018-5-30. Esklabetako eraikinaren atzean 129 etxebizitza babestu eta tasatu eraikitzeko proiektua iragarri zuen Azpeitiko Udalak.
  • 2010-5-30. Enrike Zurutuza albaitari eta euskaltzalea hil zen.
  • 1993-5-30. Agustin Arruti Landarbide eta Jexux Mari Oiarzabal Arantzeta neurtu ziren 100 kiloko kubikoarekin. Hamar minutuko hiru ekitaldi egin zituzten; lehenenak 174 aldiz jaso zuen eta bigarrenak 103 bider.
  • 1979-5-30. Karmelo Etxegarai Ikastolak 667 ikasle zituela eta hurrengo ikastaroan 763 izango zituela esanez aurkeztu zuen idatziaren aurrean, Udalak ikerketa egitea erabaki zuen, 12.000 edo 15.000 metro koadrako lurraldea eskaintzeko ezeren truke.
  • 1933-5-30. Eliz kaleko 2. eta 4. zenbakiak zituzten etxeen azpian labe biratzailea jartzeko baimena eman zioten Frantzisko Bikendiri.
  • 1933-5-30. Loiolako errepidea egiten jarrai zezan Diputazioari eskaera egitea erabaki zuten. Izarra Hotelera bitartean egina zegoen, eta inguruko errepidearekin bat egitean bihurgune arriskutsua zegoen.
  • 1933-5-30. Txalintxo inguruan, Azkoitiko herriaren lurrak mugatzen zituen hiru harri kendu zirela adierazi zuen zinegotzi batek. Lehengo tokietan harriak jartzea erabaki zuten.
  • 1917-5-30. San Luis eta Mariaren Alabak kongregazioetako buru Inazio Oruesagasti eta Eujenia Oiarzabalen diru laguntza eskaera jaso zuten, San Agustin elizako erretaula nagusia garbitu eta eliza zuritzeko. Derrigorrezkoa zen horrelako zerbait egitea. Udalean bat egin zen, eta 250 pezetako laguntza ematea erabaki.
  • 1900-5-30. Alondegi zaharrean Aurrezki Kutxa Probintzialaren bulegoak jartzeko obren enkantea onartu zuten.
  • 1802-5-30. Soreasu errotan Frantzisko Joxe Enparanek zuen zortzi eta erdiko jabetza herriak eskuratzea erabaki zuten. Horren ordez, Enparan errotan eskaini zioten beste hainbeste.
  • 1800-5-30. Juan Larraarekin eskritura egitea erabaki zuten, frontoia konpondu eta bederatzi urtean bere gain izan zezan, behar ziren egokitze lanak eginda.
  • 1788-5-30. Lamiosena zubiaren pilareak konpontzea erabaki zuten, Errazti harginak jakinarazten zuelako urak eraginda nahiko hondatuta zeudela.
  • 1761-5-30. Korrejidoreak agindu erreal bat bidaliz idatzi zuen, agintarien aukeraketak urtearen lehen egunean egin beharko zirela esanez.
  • 1753-5-30. Gaztelako Kontseilu Nagusiak alkatea eta agintarien aukeraketa abenduaren 27an egiteko baimena eman zuen, herriak 1752ko urriaren 22an eginiko eskaerari erantzunez.
  • 1741-5-30. Parrokiko erretaula nagusia urreztatzeko behar zen dirua nonbaitetik lortzea erabaki zuen herriak, aho batez.
  • 1718-5-30. Olioaren hornikuntza egiten zuen Pedro Olarteri 25 libra olioko isuna ezartzea erabaki zuten. Olartek baimenik gabe saldu zuen. Beste hainbesteko isuna jarri zioten, saltzea debekaturik zegoelako, txarra baitzen.
  • 1701-5-30. Martin Zaldua maisuarekin eskritura sinatu zuten, parrokiko 'Bataio' kapera egiteko.
  • 1692-5-30. Parrokiko erretaula nagusia ikusi ondoren maisuak aurkeztu zuen txostenaren arabera, eskribauari eskatu zioten erretaula egiten aritu zirenek ordura arte kobratu zutenaren berri emateko.
  • 1638-5-30. Herrian zen tropako 20 edo 25 soldadu eta beraien kabo bat Urrestillara pasatzea erabaki zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan