Eguna: 5-31

  • 2016-5-31. Bost proiekturen artean banatu zituzten Udalak eta Kultur Mahaiak lehen Sorkuntza Bekaren sei mila euroak: Ikus-entzunezko bi proiektu, maketa baten eta CD baten grabazioak, eta euskal mitologian oinarritutako txotxongiloak.
  • 2016-5-31. Espainiako bandera kendu eta ikurrina jarri zuten udaletxean 'azpeitiar bizardunek'.
  • 1960-5-31. Anaia Maristentzat Ikastetxe berria altxatzeko gestioak egitea erabaki zuten.
  • 1960-5-31. Udal arrandegia botatzea erabaki zuten, eta udal arkitektuari toki berean eraikin bat egiteko proiektua egiteko eskatu zioten, udal zerbitzuak bertan jartzeko asmoz.
  • 1928-5-31. Azkoitia eta Azpeitia arteko mugen akta sinatu zuten, Lete eta Larrume baserrien inguruan Munategi edo Arrupe errekarekin topo egiten duen tartean.
  • 1920-5-31. Urola trenari buruzko gestioak Madrilen nahiko ongi zirela esanez idatzi zuen Inazio Perez Arregik.
  • 1915-5-31. Musika Bandaren zuzendaritza eskuratu nahi zuten zazpi lagunen eskaerak irakurri zituzten baina, adostasunik izan ez zenez, bozketa egin zuten. Sebastian Perez Clavijok bost boto lortu zituen eta Hilario Bereziartuak lau; lehenena izendatu zuten.
  • 1868-5-31. San Inazio Gasteizko apezpikutza eta Gipuzkoa eta Bizkaiko zaindari izendatu zutelako ekitaldia ospatu zuten goizean.
  • 1858-5-31. Iruñeko apezpikuari igande eta jaiegunetan San Agustingo elizan meza izatea eskatzeko prestatu zen txostenaren berri eman zuten, eta onartu egin zuten.
  • 1849-5-31. Espainiako erregearen gobernuak San Agustin komentua herriari emateko jarritako baldintza bat bertan irakaskuntza publikoa egokitzea izan zenez, arkitektu bat izendatu zuten planoa egiteko.
  • 1829-5-31. Frontoiaren inguruan Juan de Dios Alzagak egin nahi zuen etxearen diseinua onartu zuten.
  • 1812-5-31. Goizeko zortzietarako 500 zatiko haragia prest edukitzeko aginduz, Roke Antonio Aizpuru komisarioak aurreko egunean idatzitako gutunaren berri eman zuten. Horren berri jakin ondoren, alkateak adierazi zuen nolatan egin zioten mehatxua 500 makilkada emango zizkiotela goizean eskatutakoa prest izaten ez bazuen. Probintziako Kontseiluari idaztea erabaki zuela esan zuen. Alkateak ez ezik, agintari guztiek euren karguak uzten zituztela esan zuten, herria gobernurik gabe gelditzen zela. Kontseiluaren berehalako erantzunaren zain gelditzen zirela agertu zuten. Bertaratzen ziren tropei erantzuteko herriaren aldetik aurreraturik zuen diruaren berri ere adierazi zuen.
  • 1780-5-31. Mehea burdinoletara ekartzean eta burdina Beduara eramanez gurdiek kaleetan egiten zituzten kalteen jakinean izanik, eta egurra eta simaurra erabiltzen zuten baserritarrak kontuan hartuta, gurdiak kaleetan ibiltzea debekatu zuten kaleko etxeren batean ez bazuten gurdia bete edo hustu behar. Beduara burdina eraman behar zutenek edo bertatik mehea ekarri behar zutenek beheko portaletik Enparan zubira pasatu behar zuten eta bertatik burdinola edo baserrietara.
  • 1741-5-31. Parrokiko erretaula nagusia urreztatzeko behar zen dirua aurreratzea erabaki zuten.
  • 1711-5-31. Zumaiako alkateari 50 dukateko isuna ezarri ziotela jakinarazi zuten, herrirako generoak ekartzen zituen hornitzailea Beduan geldiarazi zuelako.
  • 1675-5-31. Probintziaren aginduaren arabera, Izpiritu Santuaren Bazko bigarrenez alardea urtean behin egingo zen abisua auzoetara pasatzea erabaki zuten. Elizaren bidez jakinaraziko zuten 18 urtetik 60ra bitarteko herritar eta biztanle guztiak agertu behar zirela; bestela, mila maraiko isuna izango zuten.
  • 1571-5-31. Amador Alzagak jakinarazi zuen Donostian izan zela inkisidoreari Gorputz egunean antzerki bat egiteko baimena eskatuz. Baiezko erantzuna jaso zuen. Inkisidoreak beste toki askotan ikusi zuela adierazi zion, eta egokia iritzi ziola.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan