Eguna: 5-8

  • 2021-5-8. Promozio mailako Binakako Pilota Txapelketa irabazi zuen Jon Alberdik. 22-11 menderatu zituzten aurrelari azpeitiarrak eta Salaverrik Elordi eta Garmendia, Logroñoko (Espainia) Adarraga pilotalekuan jokatutako finalean.
  • 2021-5-8. Julen Azpiazuk urrezko domina irabazi zuen 3.000 metroko proban, 20 urtez azpikoen Euskal Herriko Atletismo Txapelketan, Durangon (Bizkaia). Txapelketa berean zilarra lortu zuen Azpiazuk 1.500 metroetan. 18 urtez azpikoetan, zilarra (400 metro) eta brontzea (200 metro) lortu zituen Naiara Tenak, eta Uxue Ortegak zilarra (1.500 metro).
  • 1991-5-8. Loiola'91 Batzordeak antolaturik, Euskadiko Liburu Feria inauguratu zuten.
  • 1947-5-8. Lagun Onak Futbol Taldeko zuzendariekin batera Garmendipe zelaia esplotatzeko baldintzak osatzeko batzordea izendatu zuten.
  • 1916-5-8. Enparantza Nagusian kioskoa egiteko, Ramon Kortazarri planoak prestatzeko eskatu zioten.
  • 1911-5-8. Idi demak jokatzeko zezen-plazan egokitutako tokia harriztatzea ordaindu zuten.
  • 1871-5-8. Herriari, pattarra, likoreak eta izpiritu edariak ez ezik, Nuarben ardoa esklusiboki saltzea debekatu zion Diputazioak, gutunez. Horretarako erabakia hartu zenean, kontribuzio gehien ordaintzen zuten bi herritar besterik ez ziren bildu agintariekin.
  • 1871-5-8. Haurtzaro eskolara agertzen zirenak gero eta gehiago zirela ikusirik, gela handiagoa egitea erabaki zuten biztanleentzat, beharrekoa zela konturatu zirelako. Pedro Odria perituari agindu zioten egin zitekeena aurkezteko, batez ere San Agustingo patioan.
  • 1854-5-8. Joxe Mari Sugastirekin herriarentzat ordulari bat egiteko erabakia hartu zuten.
  • 1851-5-8. Gabriel Zelaiak zera adierazi zuen idatzi baten bidez: Ana Maria Inazia Manzisidorrek eginiko testamenduari esker, bi margo zituela berak, eta batek nolabaiteko meritua zuela. Parrokian zintzilikatzeko gogoa zuenez, herriaren ordezkari bat beregana bidaltzeko eskatu zuen, margoak jaso eta euren ordez errezibua emateko ahalmena zuena. Margoak parrokiko etxezainari ematea jakinarazteko erabaki zuen herriak, behar zen tokian zintzilikatzeko.
  • 1796-5-8. Aurreko egunetan deia egin bazen ere, udalbatzar nagusira hamar biztanle besterik ez ziren agertu eta bertan behera uztea erabaki zuten. Erremedio bat aurkitu nahirik, Kontseilu Nagusiari alkatearentzat ahalmena eskatzea erabaki zuten, hutsune bakoitzean biztanle bakoitzari 60 errealeko isuna ezartzeko.
  • 1795-5-8. Frantzisko Ibero maisua hil zen.
  • 1745-5-8. Jakinean izanik Domingo Juanperizena eta Joakin Zabala Gasteiz eta Portugalgo erregimenduetako desertoreak zirela, erregearen zerbitzura bidaltzea erabaki zuten, gainontzekoen artean zozketa eginez.
  • 1720-5-8. Parrokiko erretorearekin bat eginik, bertako organojolearen falta adierazi zuten. Unean Madrilen zegoen Joakin Korta herritarra izendatu zuten organojole kargurako, apaizaren aldetik. Herriari ezinezkoa egiten zitzaion hari ordainketa egiteko apezpikuaren baimena lortzea, zati bat Alcañicesko Markesak eskaintzen ez bazuen behintzat. Herriak udalbatzar nagusi bat egitea erabaki zuen gaiari buruz erabakia hartzeko.
  • 1595-5-8. Agustindarren batzar nagusia Dueñasen (Espainia) ospatuko zenez, Miguel Saez Goiaz bertara bidaltzea erabaki zuten, herriaren gutun bat eramanez. Eskutitzean zera esan zuen: herriak diru asko gastatu zuela beraien defentsan, gero monastegia sortu gabe gelditzeko, eta, beraz, herriak beraien aurkako kexa berezia zuela.
  • 1595-5-8. Urrestillako elizako etxezainak prozesioan Eizmendiko San Juan ermitara joateko apezpikuaren baimena lortu zuela kontuan izanik, gestioak egitea erabaki zuten, baimen hori ezerezean utzi ahal izateko.
  • 1353-5-8. Pedro erregeak Azpeitiko lurraldeko biztanleen aurkako eginbidea eman zuen, Valladoliden (Espainia). Herritik kanpo bizi zirenen aurka herriak jarritako auzia zen; horiek ez zuten onartzen aurrez sinaturiko herritar izateko eskubidea eta herriaren lurraldea pribilegioak errespetatu ere ez. Santxo Ruiz izendatu zuten euren prokuradore bezala. Herriaren lurraldea ontzat hartzea agindu zien erregeak.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan