Eguna: 6-10

  • 2018-6-10. Siriako ehun bat errefuxiatu Loiolan izan ziren, Jesusen Lagundiko Migratzaileen Laguntzarako Zerbitzuak, Alboan gobernuz kanpoko erakundeak eta Europan bizi diren hainbat errefuxiatu siriar batzen dituen Go Forward Europe taldeak antolatutako Hospitalitatearen Bideak egitasmoaren lehen edizioaren barruan. Erakundeetako ordezkaritza zabalk egin zien harrera, IƱigo Urkullu Eusko Jaurlaritzaren lehendakaria buru zutela.
  • 2014-6-10. Mari Jose Aranguren Orkestra Deustuko Unibertsitateko Lehiakortasunerako Institutuko zuzendari nagusi izendatu zuten.
  • 2014-6-10. Aitor Zulaika futbol entrenatzaileak Real Unionekin fitxatu zuen.
  • 1991-6-10. Ikastola Bizirik-en lehen bilera egin zuten.
  • 1973-6-10. Joxe Solorzano 'Aretxa II.a' eta Mikel Gurrutxaga nuarbetarra neurtu ziren 11 arroako kubikoa erabilita, zazpi minutuko hiru ekitalditan. Aretxa II.ak 55 jasoaldi egin zituen eta Gurrutxagak 53.
  • 1940-6-10. Udalak aho batez erabaki zuen aktan idatzirik uztea bere protesta, frankismo mugimenduaren aldeko batzuek Joxe Aizpuru Goenaga zinegotzia kolpatu zutelako.
  • 1938-6-10. Joxe Mari Iriondo Unanue kazetaria, aurkezlea eta idazlea jaio zen, Urrestillan.
  • 1875-6-10. San Agustingo eliza zabaldu zuten berriro, elizkizunetarako.
  • 1824-6-10. Bergarako Seminarioa Loiolara aldatzeari buruz idatzi zuen Granadako Dukeak, herriak eginiko eskaerari erantzunez. Dukeak nahiko gaixo zegoela agertu zuen eta zail egiten zitzaiola bertako arduradunekin harremanetan jartzea, berak aurrez ezagutzen zituenen ordez beste batzuk zeudelako.
  • 1823-6-10. Diputazioaren agindua bete zuten. Diputazioak bidalitako zerrendan, erregearen gobernuaren aurka zeudenei armak jasotzea erabaki zuten. Gauza bera egin zuten antzeko gainontzeko guztiekin. Ondoren, arma guztiak udaletxera eraman behar zituzten, eta alkateari justizia banatzeko eskatu zioten, ahalik eta zakarren herriaren defentsararko jendea prestatzeko.
  • 1820-6-10. Politiko Nagusiari erantzutea erabaki zuten, Urrestilla eta Azpeitiaren arteko lurren mugaketa egin gabe zegoelako. Mendien erdiak oraindik neurtu gabe zeuden, eta Urrestillako Udalari ezinezkoa egiten zitzaion zergak kobratzea egoera horretan. Horrez gain, Politiko Nagusiari adieraztea erabaki zen Udalak lehenaz gaian beste bi laurden gehiagoko zerga kobratzen zuela ardo pitxar bakoitzeko. Diru hori helburu partikularretarako erabiltzen zuten susmoa zegoen.
  • 1820-6-10. Politiko Nagusiak herri milizia osatzeko egindako deialdi zintzilikatzea erabaki zuten, aurkeztu nahi zuen boluntariorik baldin bazegoen ere. Zortzi eguneko epea eman zieten eskaera zuzentzeko udaletxera. Ondoren, euren zerrenda osatu eta sor zitezkeen gastuei aurre egiteko herriak bere aldetik neurriak hartuko zituen.
  • 1781-6-10. Larraar baserritik Lasao auzora bitartean eginiko bideak ikustea erabaki zuten, ongi amaiturik ziren edo ez jakiteko.
  • 1760-6-10. Batzordea izendatu zen Eskuztako zelaian herritarren aldetik hainbeste eskatzen zen iturri berria jartzeko gestioak egiteko.
  • 1760-6-10. Alkatea eta fidelari eskatu zieten herria eta Frantziskanen artean egindako lurralde trukaketaren eskritura egitea. Beharrezkoa egin zen horrela jokatzea, Gorostiolatik Enparan etxera bitarteko bidea egiteko.
  • 1677-6-10. Diputazioak agindu bezala, guardiak egitea erabaki zuten gau eta egunez. Guardia postu bat ospitalean zegoen, bestea Madalenean eta hirugarrena Enparan inguruan, izurritea zegoen herrietako inor ez sartzeko. Igandean hasiko ziren guardiak egiten; lehenik agintariak eta ondoren gainontzeko herritarrak.
  • 1589-6-10. Elola kaperaren ataldea margotzeagatik ordaindu egin zioten Arrasateko Juan Elizalde margolariari.
  • 1579-6-10. Kale eta galtzadatan gurpiletan burdina zeukaten gurdiak ibiltzea debekatu zuten, obretarako harria herrestan ematea izan ezik, eta agindua betetzen ez zuenak lanean ziren idiak galduko zituela.
  • 1562-6-10. Eliza egiten hasteko itxurak ikusi zituzten. Juan Lizarazu maisuak aurkeztutako proiektua ontzat hartu zuten, baina obrak hasi aurretik Martin Perez Palaciorekin harremanetan jarri ziren.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan