Eguna: 6-19

  • 2021-6-19. Felix Ugarte elkarteak jaso zuen 2021eko Joxe Takolo beka, 'Izarraizko lurpeko altxorraren bila' espeleologia proiektuarekin.
  • 2018-6-19. Pako Aristik 'Maitatu zure egunak' poesia liburua aurkeztu zuen.
  • 2018-6-19. Iñaki Urangak irabazi zuen XXXVI. Euskal Antzerki Topaketen kartel lehiaketa.
  • 2015-6-19. Eguzkiñe Egaña zarauztarrak irabazi zuen XXXIII. Euskal Antzerki Topaketen kartel lehiaketa.
  • 2014-6-19. Azpeitikoak eta Gipuzkoako beste 75 udalek datuak trukatzea adostu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiarekin.
  • 2013-6-19. Fernando Morillok 'Pasio krimena' liburua aurkeztu zuen, Donostian.
  • 2011-6-19. Sevilla taldeak irabazi zuen I. Iraurgi Cup-a, alebin mailako futbol txapelketa, Bartzelonako Espanyolen kontra Garmendipen jokatutako finalean. Neurketa 4-4 bukatu zen eta penalti jaurtiketen bidez erabaki zen azkenean.
  • 2004-6-19. Erdi Aroko azoka ospatu zuten ekainaren 19 eta 20an. Artisau eta animazio taldeak ikusteko aukera izan zen; baita herriko eraikin historikoak ikusteko ere.
  • 2003-6-19. Udal sustapeneko 57 etxebizitza zozkatu zituzten. 525 lagunek eman zuten izena.
  • 1912-6-19. Udal ordenantzak gobernadoreak onartu zituela adierazi zuten, eta herritarren artean zabaltzea erabaki.
  • 1912-6-19. Arozena Ugalde eta Konpainia elkarteko ordezkari Miguel Ugaldek baimena eskatu zuen Zumarragatik Zumaiako tranbia elektrikoaren linea jartzeko eta zenbait poste jartzeko. Udalak baimena eman zion.
  • 1905-6-19. Pedro Maiztegiri agindu zioten ordulari publikoaren esferari elektrika indarra jartzea.
  • 1893-6-19. Udalak debekatu egin zuen gomazko pilotak xixtera jokoan erabiltzea udal frontoian, herritar batzuek hala eskatu zutelako.
  • 1847-6-19. Politiko Nagusiari aurkezteko, ur sulforosoen iturburuari buruz batzordeak prestatutako txostenaren berri eman zuten.
  • 1802-6-19. Uholde handiak izan ziren egun honetan eta hurrengoan.
  • 1788-6-19. Parrokiko atarirako harria garraiatuta zegoenez, eskribauari eskatu zioten Frantzisko Ibero maisuari albistea pasatzea, harria lantzeko agindua eman zezan eta behar zen hondarra ekarri eta lanean has zedin.
  • 1768-6-19. Korrejidoreari baimena eskatzea erabaki zuten, parrokiko ataria egiteko beharrezkoa zen harria Loiolako harrobitik ateratzeko.
  • 1746-6-19. Eliza diruz nahiko ongi zebilenez, San Inazioren erretaula berria urreztatzea eta parrokiko atariarekin jarraitzeko baimena eskatu zioten apezpikuari. Ataria bukatu gabe gelditu zen; bera egiten ari zen maisua hil egin zen.
  • 1707-6-19. 'Jainkoaren laguntzaz' haurdun zegoen erreginak, bere haurra egoki munduratuko zuelako itxaropenean, ospakizuna prestatu nahi zuten. Horretarako, Nafarroatik edo Gaztelatik sei zezen ekartzea erabaki zuten, eta suzirien jeinu bat ere erosi zuten.
  • 1667-6-19. Beharrezko bolbora eta gainontzeko munizioak erostea erabaki zuen herriak.
  • 1667-6-19. Prudentzio Goiri izendatu zuten herriko armak garbitu eta zaintzeko soldatapean, herri guztiaren baimenik gabe arma bakar bat ez emateko aginduz inori. Eta Zarautzen ospatutako Gipuzkoako Batzar Nagusietan agindu zuten bezala, herritar guztiek libra bat bolbora, hamabi bala alkabuza edo mosketearentzat eta behar hainbat metxa izan behar zuten. Erabaki hori parrokiaren bitartez jakinaraztea erabaki zuten.
  • 1667-6-19. Herritar Joseph Iturriagari ebaketa baterako basoak 105.000 errealetan saldu zizkiotela adieraztea erabaki zuten. Eskritura egitean 55.000 erreal ordainduko zituen eta beste guztia lau urtera, %5eko interesarekin. Gainera, Nafarroako zezen bat ekarri beharko zuen Iturriagak San Inazio egunerako.
  • 1667-6-19. Nafarroako beste zezen bat ekartzea erabaki zuten San Inazio egunerako. Toreatzaileak kontratatu zituzten.
  • 1665-6-19. Erregearen agindu batekin Diputazioko gutuna jaso zuten. Bertan soldadu iheslariak eta arloteek atxilotzeko agindu zuten. Erantzutea erabaki zen.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan