Eguna: 6-21

  • 2018-6-21. Grebari ekin zioten Sammic enpresako langileek, "hitzarmen duin baten alde".
  • 2013-6-21. Iñigo Ibarguren azpeitiar idazleak 'Triangelu irristakorra' liburua aurkeztu zuen jendaurrean.
  • 1982-6-21. Pub Charly Chaplinek ateak zabaldu zituen.
  • 1942-6-21. Juan Manuel Azpiroz 'Aiako Txikia' eta Eusebio Alberdi neurtu ziren zezen-plazan. Aiako Txikiak 9.900 metro egin zituen eta Alberdik 10.000. Aurrenak irabazi zuen 99 bira emanez, 37.40.1/5ean. Alberdi erretiratu egin zen, 86 bira egin ondoren 31.29an.
  • 1937-6-21. España korazatu berriarentzat diru laguntza emateko zerrenda zabaldu zuen Udalak. Honek mila pezeta eman zituen.
  • 1858-6-21. Eskuztako iturrian egindako lanen berri adierazi zuten, ur nahikorik ez zelako iturria berriro martxan jartzeko; urak beste bide bat hartu zuelako, hain zuzen.
  • 1852-6-21. Gobernadoreak adierazi zuen Genaro Enparanek eskatu zuela Elormendiko San Pedro inguruko zelaian arropak lehortzen jartzea debekatzeko, bere interesak defenditu ahal izateko.
  • 1849-6-21. Politiko nagusiak adierazi zuen, zuzenketa batzuk egin ondoren, Gipuzkoako herriek bazutela hauteskunde estatistika zerrenda. Azpeitiko herriari buruz honako hau adierazi zuten: biztanleak, 774; aukeraketan parte har zezaketenak, 131; aukera zitezkeenak, 87; alkatearen teniente izan zitezkeenak, bi; erregidore aukera zitezkeenak, 11; Udala osatzeko aukera zitezkeenak herrian, 14 zinegotzi, alkatea kontuan izanik.
  • 1797-6-21. Parrokia dirurik gabe zegoela esan zuten, nahiz eta herritar batek 22.000 erreal eman obrak egiteko. San Juan egunean egingo zen batzarrean gaiari buruz hitz egitea erabaki zuten.
  • 1754-6-21. Herri eta hirietan sortutako Miserikordiei buruz hitz egin zuten eta, batez ere, Azkoitian martxan jarritakoa aipatu zuten. Miserikordia horiek herritar behartsuentzat benetako oinarria ziren bizitza erabat egokitzeko. Kontuan izanik herrian zeuden behartsu ugariak eta kanpotik etortzen zirenak eskean zebiltzala herrian, neurriak hartzea erabaki zuten. Egokia ikusten zuten errukietxe bat egokitzea herrian. Horretarako, San Martin ospitaleak eman zezakeen erantzuna, lehen batean behintzat, egokitze batzuk eginik. Lehenik eta behin apezpikuaren baimena lortu behar zen eta hari eskaera zuzentzea erabaki zuten, ospitalea errukietxe bihurtzeko. Errukietxea mantentzeko zerga bat ezarri zuten. Gaiari buruz erabaki bat hartzeko, San Pedro egunean herritarrekin batzar bat egitea erabaki zen.
  • 1683-6-21. Herritar bereziekin egindako batzarrean eta San Agustin komentuko priore Diego Arias fraideak eginiko eskaerari erantzunez, honako hau erabaki zuen herriak: komentuko elizan hiltzen ziren fraideak Zutabeko Kristo Santuaren aldare aurrean hilobiratzea. Baina han hilobiratzeko derrigorrezko baldintza bat zuten: hilobirik ez izatea eta lauzarik ez jartzea.
  • 1671-6-21. Udaletxe berria egiteko tokiari buruz hitz egin zuten. Horretarako bozketa egin eta Frantzisko Goitia lizentziatua eta erregidorearen proposamena onartu zuten. Proposamen horren arabera, aipatutako bi tokietan udaletxea egiteak gastu handiak sortuko zituen, bertan zeuden etxeak erosi beharko zirelako. Horretarako, Inazio Beltran Oiarzabalek bakarrik agertu zuen saltzeko gogoa. Beraz, dirua hartu beharko zen zentsuan, udaletxe berria egiteko herritarrek laguntza handia eskaini beharko zutelako. Hori baino errazagoa izango zen orduko udaletxea eta kartzelak egokitzea, berriak egitea baino. Iritzi horren aldeko 38 boto jaso zituzten, eta Inazio Agirre erregidoreak egindako proposamenak 28. Azken horrek honako hau proposatu zuen: udaletxea egitea aurrez herriko dorrea zen tokian, bere inguruan zeuden hiru etxeak herriak hartuz; hau da, Juan Larraar, Inazio Beltran Oiarzabal eta Juan Martinez Eizagirrek ibai aldera zituztenak; horretarako udaletxe zaharra saltzea proposatu zuen.
  • 1563-6-21. Landeta auzotik herrira bitarteko bidea zabaldu zuten, oztopo guztiak kenduta eta mugarriak jarrita.
  • 1352-6-21. Pedro erregeak ontzat hartu zuen 1348. urteko urtarrilaren 18an herriko lurraldean bizi zirenen artean sinatutako auzotasuna.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan