Eguna: 6-22

  • 2018-6-22. Lehen Euskaraldirako Azpeitiko bi hamaikakoak aurkeztu zituzten.
  • 2016-6-22. Iñaki Bergara 'Pio' aktorea hil zen.
  • 1966-6-22. Hidraulika Obretako zuzendari nagusiak emandako baimena irakurri zuten, Errezilgo lurretan jaiotzen den Utzate errekako urak herriak jaso zitzan, herriko ur sarea zabaldu ahal izateko. Segundoan 30 litro hartzeko baimena eman zioten herriari.
  • 1891-6-22. Kontuan izanik garbitokiko hiru inskripzio harriak apurtuta zeudela, marmolezko hiru berri jartzea erabaki zuten, aurrekoek zituzten inskripzio beraiekin.
  • 1813-6-22. Antzuolako alkatearen eskaera jaso zuten, frantziar soldaduei 600 zatiko eman beharrean baitzen. Herriak azken egunetan Bergarara bidali zituen janarien berri ematea erabaki zuen: zazpi mila ogi zatiko, zortzi mila haragi eta hogei anega arto hilaren 19an, eta, beraz, jakinarazi zuen ezinezkoa zitzaiola Antzuolako eskaerari erantzutea.
  • 1810-6-22. Talde gaizkileak herri inguruan zeuden albistea iristean, herriko sarrerak ixteko neurriak hartzeari buruz hitz egin zuten. Langintza horri buruzko deialdia zabaltzea erabaki zuten: 800 errealen truke norbaitek langintza hori beregan hartzeko. Herriaren aldetik beharreko materiala emango zioten lan hori hartzen zuenari.
  • 1794-6-22. Herriko bi konpainia osatzeko, kapitainak, tenienteak eta sarjentuak izendatu zituzten San Agustin komentuko arkupean. Lehen tertzioko kapitain Felipe Neri Etxaleku aukeratu zuten, Frantzisko Agustin Etxeberria teniente, Joxe Joakin Arzelus alferiz, Juan Joxe Etxeberria lehen sarjentu eta Joxe Anzuaga bigarrengoa. Beste tertziorako, berriz, Manuel Mari Altuna kapitain, Joxe Mari Azurmendi teniente eta Inazio Abarrategi alferiz.
  • 1736-6-22. Donostian zeuden hemezortzi soldaduak txandatu behar ziren uztailaren 1ean. Alkateak gestioak egin zituen eta horien ondorioz ez zegoen soldaduak txandakatu beharrik, igaro behar zuten hilabete bakoitzeko ezkutu bat ordaintzea erabaki zutelako. Alkatearen jokaera egokitzat hartu eta diruzainari eskatu zioten hark behar zuen dirua aurreratzeko, beharreko ordainketak egiten joan zedin denbora igarotzen zen bezala.
  • 1642-6-22. Alkateak jakinarazi zuen Azkoitiko alkatearekin bildu zela eskatzen zituzten 500 soldaduri buruz hitz egiteko. Gai hori Gipuzkoako batzar batean erabakitzea adostu zuten.
  • 1638-6-22. Diputazioaren gutuna jaso ondoren erabaki zuten Irunera bidali beharreko 26 soldaduak osatzeko falta ziren hamabostak bidaltzea. Gainontzeko herritarrek prest egon behar zuten hilaren 27an herriko enparantzan egingo zen bileran, orduan gai horri buruz hitz egingo zutelako.
  • 1571-6-22. Gorputz egunean Eskritura Sakratuan oinarritutako antzerkia egin zutenez, Juan Egurzak laguntza eskatu zuen, lana antzeztu zutenek eginiko gastuei aurre egiteko. Udalak 132 erreal ematea erabaki zuen.
  • 1571-6-22. Urak eraman egin zuen Amuko zubia, eta Armentia maisu harginei iritzia eskatu zieten.
  • 1571-6-22. Baratzetan eta soroetan gauez egindako lapurretak sortutako iskanbilak zirela-eta, isunen bidez lortutako dirua zaintzailearentzat izatea erabaki zuten. Horrez gain, gaizkileek sei egunetan kartzelaratuta egon beharko zuten.
  • 1571-6-22. Urbieta zubian konponketa lanak egitea erabaki zuten.
  • 1305-6-22. Soreasuko Monastegia eman zion Fernando IV.ak Oñatiko jauna zen Beltran Ibañez Gebarari, Araban Ibañezek berak zituen lurralde batzuen truke.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan