Eguna: 6-24

  • 2019-6-24. Julen Egiguren pilotariak profesionaletan debuta egin zuen. 22 eta 13 nagusitu zen azpeitiarra, Zabaleta bikote zuela, Zabalaren eta Martijaren aurka Eibarko Astelena pilotalekuan.
  • 2018-6-24. Azpeitiak 2 eta 1 galdu zuen Gipuzkoako Herriarteko I. Gomazko Paleta Txapelketaren finala Donostiaren kontra, Donostiako Altzan.
  • 2015-6-24. Haurrentzako jolas parkea jarrita, bukatuta gelditu ziren Aratzerrekako plaza berritzeko lanak.
  • 2015-6-24. Javier LarraƱaga Gipuzkoako Finantza eta Ogasun diputatu izendatu zuten.
  • 2013-6-24. Mikel Labakak futbolari izateari utzi zion, 32 urterekin. 2011ko udaran Reala utzi behar izan zuen, eta Madrilera joan zen, Rayo Vallecano taldera.
  • 2003-6-24. Izarraizko estazio megalitikoa kultur ondare izendatu zuen Diputazioko Gobernu Batzordeak.
  • 1996-6-24. Zelai Luzen zen Joxe Artetxe idazlearen irudia Urola ibaian agertu zen goizean.
  • 1914-6-24. Juan Goikoetxea jaio zen Akotei-Orkazarre baserrian, 'Akotei-Orkazarre' bertsolaria.
  • 1809-6-24. Bezperan herriratutako Frantziako troparen komandanteak idatzitako gutun baten berri eman zuen alkateak, ordena berri bat jaso bitartean herrian gelditu behar zuela esanez. Kontuan izanik sortuko ziren gastuak, Diputazioari erregutzea erabaki zuten herriak aurreratutako generoak ordaintzeko, gutxienez 85.000 erreal jasotzeko zituelako.
  • 1775-6-24. Udalbatzar nagusian, aurreko egunez Juan Domingo Elolak aurreratutako korrejidorearen idatzia irakurri zuten. Bertan, korrejidoreak bete beharreko txandei buruz hitz egin zuten, toki batean izatea hobe izan zitekeela jakinaraziz. Ezaguturik nolako zail egiten zen hiru hilabetean herrian izan ohi zen txanda alde batera uztea -antzinatik horrela ezagutu zenez-, aho batez erabaki zuten korrejidoreari eta Diputazioari erantzutea, esanez txandak ordura arte bezala egitea zela herriarentzat egokiena. Juana erreginak baimendu zion korrejidoreari Gipuzkoan nahi zuen hiri edo herri baten bizitzea. Baina Batzar Nagusiak eta Diputazioak protesta egin zuten, eta aipaturiko herri horietan txandatzen jarraitu beharko zuen. Baina bakoitzean egin beharreko denboraldia luzatu egin zen 1697an; urtebete egitea erabaki zuten, eta 1746an hiru urtera luzatu zen bakoitzean egin beharreko denboraldia. Batetik besterako aldaketa uztailean ospatzen ziren Batzar Nagusietako egunetan egiten zen. Esan beharrik ez da korrejidorea herriratzean Gipuzkoako hiri nagusia bihurtzen zela bera zegoen herria; batetik, haren gorte guztia ondoan zuelako eta bestetik, edozer erako auziak erabakitzeko Gipuzkoa osoko biztanleak azaltzen zirelako. Azpeitia zen herri horietako bat. Ahalegin guztiak egiten zituen hura herriratu aurrez gauza guztiak egokitu eta txukuntzen, festarik handienak ospatzen zituena hura herrian izatean, gainontzeko agintari nagusiak ere bertara etortzen zirelako. Ohiko txandak alde batera uztea ez zitzaion ongi iruditu herriari, eta ahalmena emango zieten Azpeitian Miguel Alzaga alkateari, Joxe Jazinto Azkue fidelari, Frantzisko Xabier Altube erregidoreari eta Antonio Inazio Barrena Saroberi gestioak egiteko korrejidorearen nahia bat-batean mozteko.
  • 1767-6-24. Antzinatik herriak zuen ohitura bat indartu nahi zuten: San Juan egunean Eskuztan eta San Pedro eta San Pablo egunean Loiola aurrean txistua eta dantza izatea. Kontuan izanik 1746ko ekainaren 27an Udalak ohitura hori debekatu egin zuela, debekua altxatu eta ohiturari jarraipena ematea erabaki zuten, alkatea ospakizun horietan bertan izanda. Eta ohitura hori guztiz betetzeko, alkateak aginduko zuen bezperako elizkizuna amaitu ondoren enparantzatik txistuak noiz irten, aipaturiko tokietatik pasatuz. Azken dantza enparantzan izaten zen, otoitz orduaren inguruan, horrela sor zitezkeen iskanbila guztiak moztuz.
  • 1709-6-24. Parrokiko 'Bataio' kaperako barrotegia egiteko arduradun Frantzisko Inazio Sorarrainek adierazi zuen langintza hori Juan Eizmendi errezildar maisu eta arkitektuak egin zuela, eta barrotegia jada bere tokian jarrita zela. Beraz, ikusi eta egindako lana neurtzeko Inazio Bazasabal eta Martin Zaldua maisuak izendatu zituzten.
  • 1531-6-24. Juan Alzagak egin zuen testamenduaren bidez, 'Alzaga' kapera sortu zuten parrokian.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan