Eguna: 6-27

  • 2004-6-27. Gipuzkoako Pilotako Herriarteko finala Azpeitiak irabazi zuen, Hernaniren aurka, Donostian. Lehen partida Hernanik eskuratu bazuen ere, ondorengo biak azpeitiarrek irabazi zituzten. Lehen txapela izan zuen Azpeitiak.
  • 2000-6-27. Herriko aldizkariaz Udalak eta Uztarria Kultur Koordinakundeak egindako hitzarmena onartu zuten udalbatzarrean.
  • 1992-6-27. Gipuzkoako Abesbatzen Federakuntzaren asanblada ospatu zuten.
  • 1963-6-27. Udal Liburutegiaren arautegia onartu zuten.
  • 1932-6-27. Udaletxerako ordulari bat erosi zioten Lezea eta Murua etxeari.
  • 1923-6-27. Alkateak herritik Loiolara bitarteko errepidearen egoera zein zen adierazi zuen. Zozketa bidez dirutza lortzea egokia izango zela zioen, eta horretarako baimena eskatzeko prestaturiko idatzia aurkeztu zuen. Aho batez egokitzat hartu zuen Udalak.
  • 1917-6-27. Loiolako Obra Elkartea eta Gipuzkoako Junta Probintzialak herritik Loiolara bitartean egin nahi zen errepidearen proiektuaren berri eman zuten. Herriak 15.000 pezeta ematea erabaki zuen ideia aurrera bultzatzeko.
  • 1900-6-27. San Agustingo arkupea eta Mantekapekoa asfaltatzea erabaki zuten.
  • 1892-6-27. Donostiako Telegrafo zuzendariari idaztea erabaki zuten, Santo Domingoko lokalera telegrafo zentroa aldatzea egokia zela esateko, posta bulegoa herriaren erdian baitzegoen.
  • 1868-6-27. Berri ontzat hartu zuten hilaren 25ean hartutako erabakia; hau da, probintziko foruen defentsarako prest egotea, haien aurka egiten bazen.
  • 1747-6-27. Azkoitiko mugatik Loiolara bitartean egindako bidearen zuzendaritza lanetan aritu zen Inazio Ibero, eta lana ordaindu zioten.
  • 1746-6-27. Alkateak eginiko mozioa ontzat hartu zuten, eta jai egunetan denda guztiak ixtea agindu zuten, hamabost errealeko isunaren azpian.
  • 1746-6-27. Alkateak jakinarazi zuen Aita Sebastian Mendiburuk auzoetan izan ohi ziren dantza saioak debekatzea eskatu ziola. Dantzak Trinitateetan Nuarben, San Juan egunean Eskuztan, San Pedro egunean eta abar egin ohi zituzten. Udalak debekatzea erabaki zuen.
  • 1696-6-27. Diputazioa herrian zen eta, Austriako Mariana ama erreginaren hiletak egin behar zirenez uztailaren 16an parrokian, gastuak herriak ordainduko zituen. San Pedro egunez, arratsaldean, gaiari buruz udalbatzar nagusia egitea erabaki zuten.
  • 1692-6-27. Parrokiko erretaula nagusia ikusi zuten. Felipe de Castillo maisua izan zen herriaren ordezkoa, Juan Bautista Balcoin Martin Olaizolarena eta Juan Bautista Sagues, berriz, Juan Apaeztegiarena.
  • 1638-6-27. Gipuzkoako Batzar Nagusian izandako Domingo Kortaberria agertu zen, frantziarren aurka egiteko bertan hartu ziren neurriak jakinarazteko. Eta gaueko hamarretan, berriz, eskribauarena diputatuak iritsi ziren ahalik eta azkarren soldaduak Irungo mugara bidaltzeko eskatuz, albiste gogorrak iristen zirelako bertatik. Guztiaren berri jakin ondoren erabaki zuten herriko lurraldea zatitu eta bakoitzera norbait bidaltzea, 17 urtetik 60ra bitarteko guztien zerrenda egiteko. Gero, parrokian bilduta zerrendak ezagutzera eman zituzten eta, berandu zenez, agintarien esku utzi zuten lau zatitan banatzea gizaseme guztiak.
  • 1574-6-27. Juan Antxieta irudigileak Zumaiako parrokiko erretaula nagusia egiteko kontratua sinatu zuen.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan