Eguna: 6-28

  • 2018-6-28. Azoka Herritik egitasmoak amaitutzat eman zuen bere ibilbidea.
  • 2011-6-28. IƱaki Errazkin Vitoria, Azpeitiko alkate ohia, Gipuzkoako Ahaldun Nagusiaren kabinete buru izendatu zuten.
  • 1988-6-28. 'Azpeitia Annapurna II' filma estreinatu zuten.
  • 1976-6-28. Joxe Luis Orbegozo hil zen Vignemale mendian (Frantzia), eskalatzen ari zela.
  • 1970-6-28. Joxe Mari Zulaika 'Paskualsoro' eta Joxe Martin Mendizabal 'Mendizabal I.a' neurtu ziren 11 arroako kubikoarekin, hamar minutuko hiru ekitalditan. Lehenenak 89 altxaldi egiten zituen eta bigarrenak 95.
  • 1967-6-28. Jesusen Bihotz Sakratuaren Ikastetxea handitzeko obrak egitea erabaki zuten, Roman Azkue, Bixente Orbe eta Joxe Luis Plak egindako proiektua gogoan izanik.
  • 1882-6-28. Zestoako, Azkoitiko eta Zumaiako idatziak jaso zituzten. Herriok eskerrak eman zituzten trenbideaz iritziak jasotzeko deitu zituztelako. Hurrengo asteartean egingo zen bilerara deitzea erabaki zuten.
  • 1869-6-28. Aurreko egunez udal langile batzuek Espainiako monarkiaren Konstituzioari zin egitea uko egin ziotela esan zuten. Neurriak hartzea erabaki zuten, ezinezkoa baitzen alde batera uztea gertatutakoa.
  • 1849-6-28. Joxe Miguel Artiz eta Manuel Eleizalde irakasleei oroigarri bat ematea erabaki zuten, lan bikaina egin baitzuten.
  • 1819-6-28. Egindako eskaerari erantzunez, Urrestillak Udala edukitzea lortu zuen, baina inolako lurralde mugaketa egitera iritsi gabe eta, gainera, herri bezala ezagutzeko mila biztanle osatu ezinean gelditu zen. Beraz, probintziari idatzi baten bidez Urrestillako Udalak eskuratutako zergak herriaren kaltetzat ez izatea adieraztea erabaki zuten.
  • 1810-6-28. Probintziako Kontseiluak emandako aginduari erantzunez, herriko parrokian eta Urrestillakoan astegunetan eta igande eta festetan emango ziren meza guztien ordutegiak egokitu zituzten.
  • 1804-6-28. Korrejidoreak erregeak emandako agindua adierazi zuen, Bergara eta Getaria bitarteko errepideaz. Azpeitiko herriari Enparan eta Soreasu errotak saltzeko gestioak egitea debekatu zioten. Bergara, Azpeitia, Azkoitia eta Zestoa herriek egingo zuten errepidea, eta dirua jarri beharko zuten horretarako.
  • 1781-6-28. Herriak 1610. urtean egin zuen botoaz hitz egin zuten. Loiolako Ikastetxe Erreala sortu baino lehen eta gerora ere egin izan ziren ospakizunen berri jakin zuten, herria Loiolara bertaratzen baitzen 1767. urtea arte. Urte horretan hutsik gelditu zen ikastetxea.
  • 1669-6-28. Tolosan egindako Gipuzkoako Batzar Nagusiak emandako aginduaren arabera, Santiago egunean arma erakusketa eta alardea egiteko arratsaldeko ordu bi eta erdietarako deialdia egitea erabaki zuten. 18 urtetik 60ra bitarteko gizaseme guztiei deitu zieten, eta deialdia alde batera uzten zutenek mila maraiko isuna eta hamabost eguneko kartzela jasoko zuen.
  • 1646-6-28. Sevillatik (Espainia) Frantzisko Beitiak Elolaren memoriako zilarrezko 1.600 erreal bidali zituen, eta banatzea erabaki zuten, testamenduan aginduta bezala.
  • 1641-6-28. Juan Martinez Etxeberriari parrokirako egin zuen zilarrezko gurutzea ordaindu zioten.
  • 1638-6-28. Soldaduak hiru zatitan banatu ziren eta buru bezala Pedro Egurza kaboa izendatu zuten. Erregidoreari agindu zioten bere zatiarekin Irunera bidean jartzeko. Gehienak behartsuak zirenez eta laguntza behar zutenez, zilarrezko hamar erreal ematea erabaki zuten soldadu bakoitzari.
  • 1563-6-28. San Pedro eguna garrantzitsua zenez, apaiz batzuek San Pedro ermitara prozesioa eta ondoren parrokian elizkizun berezia egitea proposatu zuten. Aho batez erabaki zuten herria, ohitura jarraituz, prozesioan San Pedro ermitara joatea eta bertan ospatzea elizkizuna, inolako aldaketarik egin gabe.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan