Eguna: 6-8

  • 2011-6-8. Udalerriaren 700. urterreneko liburu bilduma osatzeko falta ziren bi lanak aurkeztu zituen Udalak: Mikel Aizpururen Antzinako Azpeititik, Azpeitia berrira eta Lola Valverderen Familia, ezkontzak eta genero harremanak Azpeitian.
  • 2003-6-8. Zezenketen eta herri kirolen historiaren ehungarren urteko liburua aurkeztu zuten. Zezen-plazaren ehun urteak ospatzeko argitaratu zuten liburua. Imanol Elias, Luis Mari Loinaz, Jose Mari Iriondo, Jose Luis Iriarte eta Markel Mendizabal izan ziren lanaren egileak. Liburuak bi zati ditu: zezenketaren atala eta herri kirolena. Zezen-plaza atarian Antonio Oteizak egindako eskultura erakutsi zuten. Mendeurrena gogoratzeko irudia Zezenzale Elkarteak Azpeitiko herriari egindako oparia zen.
  • 1996-6-8. Kiroldegian errokodromoa inauguratu zuten, eta Euskadiko Kirol Eskalada Txapelketa hasi zen.
  • 1969-6-8. Antxieta Jakintza Taldeko sortzaile eta kide Andoni Albizuri eta Rafael Rezabalek Ekaingo margoak aurkitu zituzten, Zestoan.
  • 1954-6-8. Gobernadoreak Perdillegiko lurraldeen desjabetzari buruzko onartutako prezioaren erabakiaren berri eman zuten.
  • 1931-6-8. Eusko Ikaskuntza Elkarteak prestatutako Euskal Estatutuaren aurreproiektua jaso zuten, Zangoza, Getxo, Laudio eta Azpeitiko alkateek sinatutako gutunarekin batera. Aurreproiektu horren inguruko azterketa egin behar zuten, eta Iruñean hilaren 14an ospatuko zen Udal Asanbladarako deia ere jaso zuten. Gonbitea onartzea erabaki zuten eta bertara joateko Kasto Orbegozo alkatea eta Silbestre Madrazo zinegotzia izendatu zituzten herriko ordezkari gisa.
  • 1931-6-8. Diputazioko Gestora Batzordeak bidalitako deialdiaren berri eman zuten: Udala hil honen 14rako eta probintziako jauregian egingo zen asanbladara ez joatea erabaki zuten.
  • 1914-6-8. Orbegozo zinegotziak adierazi zuen gazte batzuek zezen-plaza denboraldi baterako eskatu ziotela futbolean jokatzeko. Erantzuna eman aurretik ondo aztertzea erabaki zuen Udalak.
  • 1903-6-8. Herria eta Anai Maristen arteko konbenioaren oinarriak onartu zituzten ikastetxe bat herrian jartzeko.
  • 1868-6-8. Juan Amezua organo-egilearen txostena jaso zuten, zor zizkioten zenbait ordainketa eskatuz. Amezuari jakinarazi zioten Udalak Nikolas Ledesma izendatu zuela parrokiko organoa ikusteko, eta bere aldetik beste norbait izendatzeko. Bi ikuskatzaileen iritziz, organoa amaitu gabe bazegoen, eta herriak beste maisu bati esango zion organoak zituen akats guztiak Amezuaren kontura ordaintzeko.
  • 1743-6-8. Enparantzan konpainia prestatua zegoen Getariko bidean jartzeko. Abiatu aurretik Getariko albisteak iritsi zain gelditzea erabaki zuten, herriaren esku utzirik Getarira joatea edo ez. Soldaduak beraien etxeetara sakabanatu gabe joateko eta herrian bertan egoteko agindu zitzaien.
  • 1699-6-8. Gasteiz eta Bergaran aleak neurtzeko erabiltzen zituzten bezalako neurri berriak prestatuta zituzten. Neurri horiek alondegian jartzea erabaki zuten eta, hain zuzen, handik aurrera erabiltzen hasi ziren.
  • 1691-6-8. San Agustin komentuko prioreak jakinarazi zuen hilaren 10ean ospatuko zutela euren aita eta anaia Sahagungo San Juan kanonizatuaren jaialdia. Herria elizkizunetara gonbidatu zuten, komentuko patroia zelako. Bertara korporazioan joatea erabaki zuten, eta hurrengo egunerako zezenketa antolatzea eta gauean suak piztea.
  • 1638-6-8. Hilaren 5ean, larunbatez, Diputazioaren bi gutun iritsi zirela jakinarazi zuten. Batean, maiatzaren 31koan, erregearen agindu bat zegoen, eta bestean, berriz, maiatzaren 28koan, Velezko markesaren idatzia. Bi gutunetan esaten zen probintziak erregeari agindutako bi mila soldaduak berehala alistatu behar zirela. Gai berezia izanik, eta herritar bereziei deitu ondoren, Azkoitiko alkatearekin harremanetan jartzea erabaki zuten, bi herrien artean iritzi bera agertzeko Diputazioari.
  • 1583-6-8. Herriak salatu zuen zenbait apaizek nahiko erreta amaitzen zituztela ikasketak. Salaketa horren aurren, Iruñeko apezpikuak bidalitako komisarioa etorri zen, gertatzen zenaren berri jakin nahian. Harentzat ostatua prestatzea erabaki zuten.
  • 1527-6-8. Parrokiko patroi Loiolako jauna Frantziskanetako lekaimeek komentua egitearen kontrakoa zen. Hark Carlos V.a erregearengandik agindu bat lortu zuen. Agindu horrekin debekatu zuen apaiz, fraide eta mojek euren ondasunak saltzea edo beraiek erostea Azpeitian.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan