Eguna: 7-23

  • 2015-7-23. Espainiako Auzitegi Gorenak ontzat jo zuen Gallardok Corrugadoseko langileak bota izana, 2014ko epaia berretsi eta ELA eta LABeko ordezkari sindikalek jarritako helegitea atzera bota ondoren.
  • 2015-7-23. Iraurgi Saskibaloiko emakumeen talde nagusia 2015-2016 denboraldian Espainiako maila gorenean ariko zela jakinarazi zuen Espainiako Saskibaloi Federazioak.
  • 2015-7-23. Joxe Arruti 'Xurubille' tronpeta-jotzailea hil zen, 71 urte zituela. 58 urtez aritu zen Arruti Azpeitiko Musika Bandan.
  • 2000-7-23. Diego Garcia lasterkalariaren eta Andoni Egaña bertsolariaren arteko lasterka apustua izan zen zezen-plazan, Kilometroak 2000ko ekintzen barne.
  • 1936-7-23. Joxe Antonio Oiarzabal alkatearen dimisioa onartu zuten, eta Ziriako Agirre aukeratu alkatetzarako, Antonino Olaizola lehen tenientetzarako, Joxe Mari Aramendi bigarren teniente izateko eta Joxe Mari Sorozabal hirugarren tenientetzarako.
  • 1936-7-23. Olaizolak adierazi zuen telegrama bidali ziola gobernadore zibilari, esanez bat egiten zuela Errepublika Gobernuarekin eta sortu berria zen mugimendu nahikaria kondenatzen zuela. Korporazioan idatzia ontzat hartzea eskatu zuen, eta horrela egin zuten, aho batez.
  • 1936-7-23. Udalak aho batez erabaki zuen urte horretako zekorketak bertan behera uztea, Iruñeko eta Tolosako musika bandak ez ekartzea, ezta dultzainik ere, Errepublikaren aurkako altxamendua sortu baitzen.
  • 1923-7-23. Fernando Olaizola 'Etxaiz' eskultorea jaio zen.
  • 1917-7-23. Botere publikoen aurrean autonomia handiagoa eskatzeko asmoa zutenez euskal diputatuek, hil honen 27an udal guztiekin batzarra ospatzeko Diputazioak egindako deialdiaren berri adierazi zuten. Alkateak jakinarazi zuen agintaritzan ez zen edonor aukera zezakeela herriak ordezkari bezala batzar horretara joateko, eta Kruz Mari Etxeberria eta Tirso Olazabal proposatu zituzten. Biak ontzat hartu zituzten, aho batez.
  • 1902-7-23. Etxebizitzatarako ura banatzeko herriak prestatu zuen arautegia eta tarifa zerrenda Probintziako Batzordeak ontzat hartu zituela adierazi zuten.
  • 1902-7-23. Herriko Osasun Juntak egindako proposamena egokitzat hartu eta komunak estolderiara bat eginda zituzten herritar guztiak etxeetara ura sartzera derrigortzea erabaki zuten.
  • 1883-7-23. Herriko gauzainentzat erositako hiru errebolber, balak eta zorroak ordaintzea erabaki zuten.
  • 1855-7-23. Elgoibarko herrian kolera zela-eta, derrigorrezkoa ikusi zuten ospitale bat eratzea. Eztabaidaren ondoren, Ramon Beristainen Gurutzea etxea egokitzea erabaki zuten, herritik urruti baitzen. Jabearekin harremanetan jarri ziren horretarako.
  • 1815-7-23. Probintziaren eskaerari erantzunez Gaztelako Kontseilu Nagusiak emandako erreal probisioaren berri adierazi zuen Diputazioak. Elizetako pulpituetatik aginduak zabaltzeko antzinako ohitura berriro berritzeko zioen probisioak, eta erretoreari jakinaraztea erabaki zuten.
  • 1800-7-23. Plazan herriko festetan zekorketak ospatzeko Zestoako herriari itxitura egiteko langak eta egurrak eskatzea erabaki zuten.
  • 1797-7-23. Herri Batzar nagusian jakinarazi zuten ekainaren 26an Madrilen emandako erreal probisio baten berri. Bertan herriari bi azoka mota izateko ahalmena eman zioten; bat astean behin egiteko eta bestea hilean behin, lehenena janarientzat eta bigarrena ganaduentzat. Astekoa astearteetan izatea erabaki zuten, eta hilerokoa hilaren hirugarren asteazkenean.
  • 1688-7-23. Pedro Odriozola eta Mateo Etxaniz maisuei lau egunen barruan Izarraizko izoztegian eta txabolan lanean hasteko eta zortzi egunen barruan amaitzeko adieraztea erabaki zuten. Berrehun errealeko isuna izendatu zuten bakoitzarentzat, lana egiten ez bazuten.
  • 1677-7-23. Herritar bereziei deitzea erabaki zuten agintariek, korrejidorea herrian baitzen Alcañicesko Markesaren izenean Loiola etxearen jabetza eskuratzeko asmoz. Horrela egin ondoren batzarrera hamahiru biztanle azaldu ziren, eta erabaki zuten Markesaren izenean parrokiko patronatua eskuratzea nahi zuen norbait agertzen bazen bere aurka egitea.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan