Eguna: 7-28

  • 2011-7-28. Ehun urtetik gorako bost herritar omendu zituzten udaletxean: Albina Arregi, Juan Aranburu, Mari Cruz Aizpuru, Josefa Olaizola eta Jesusa Aranguren.
  • 2008-7-28. Euskal Herriko Herriarteko Pilota Txapelketan Azpeitia txapeldun izan zen. Finala Huarteren aurka jokatu eta 0-3 emaitzarekin lortu zuen txapela.
  • 1920-7-28. Inazio Fernandez Eleizgaraik hil honen 31n Feliz Ortiz San Pelayori eskainiko zioten omenaldi kontzertura gonbidatu zuen Udala, baita abuztuaren lehen egunean errukietxeari laguntza eskaintzeko egingo zen bigarren kontzertura ere. Aho batez erabaki zuten gonbitea ontzat hartzea eta ohiko zergarik ez kobratzea.
  • 1913-7-28. San Agustingo arkupean postontzia jartzeko lanak ordaintzea erabaki zuen Udalak.
  • 1871-7-28. Hilaren 25ean sinatutako idatzi baten bidez, parrokiko apaizek herriko festetan ez zirela Loiolara joango adierazi zuten, elizkizunak ospatzeko bertako kapera zabalik izango zela adierazten ez zitzaien bitartean. Udalak maiatzean errogatibetan eta meza santuan izan zirela gogoratuz erantzutea erabaki zuen eta, bestalde, herria ohiko elizkizun gabe uzten bazuten herritarren haserrea bere gain hartu beharko zutela. Erantzun idatzi horren kopia bat herritarrek irakurtzeko zintzilikatu zuten herrian, eta bertan nahi zuten guztientzat Loiolako Santutegia San Inazio festetan zabalik izango zela adierazi zuten.
  • 1856-7-28. Urtearen bigarren hiruhilekoan alondegian pisatutako ardoaren berri eman zuten: 4.118 arroa eta 22 libra. Pattarra , berriz, 271 arroa eta hamabi libra eta erdi.
  • 1786-7-28. Parrokiko sakristiako kaxoiak egin zituenez Joxe Lazkano maisuak, herriak haren lana ikusteko maisu bat izendatzea eskatu zuen, eta Frantzisko Ibero maisuarekin harremanetan jarri eta, honek bere iritzia idatziz eman ondoren, Udalak Joxe Antonio Gesalaga -Deban bizi zen- izendatu zuen sakristiako kaxoiak ikusteko.
  • 1786-7-28. Joxe Etxeberria irudigileak ere bere lanaren ordainketa eskatu zuen; izan ere, sakristian ziren kaxoien bizkarraldeko aingeruen buruak egin zituen. Gauzak garbi jakin nahirik aurrez alkatetzan ziren Joxe Iturriaga, Joxe Joakin Enparan eta Frantzisko Ibero maisuarekin harremanetan jartzea erabaki zen.
  • 1786-7-28. Parrokiko erretoreari ondorengo San Inazio festetarako Udalak Loiolara prozesioan joatea erabakita zuela esanez idaztea erabaki zuten. Prozesioan abuztuaren lehen egunean joango ziren, eta meza santua ospatuko zuten santua jaiotako etxearen ondoko elizatxoan.
  • 1767-7-28. Jesuitak kanporatuta eta Loiolako kapera itxita zenez, parrokiko apaizekin harremanetan jartzea erabaki zuten, San Inazioren omenez zer egin zitekeen erabakitzeko.
  • 1752-7-28. Diputazioak Ferrol (Galizia) hirirako behar ziren harginez eta zurginez idatzi zuen. Izan ere, herrian egindako zerrendan 11 zurgin eta hargin bakar bat bera ere ez zen, eta azken horiei hurrengo hilaren 6an Donostian Intendentearen aurrean aurkeztu behar zutela jakinaraztea erabaki zuten.
  • 1734-7-28. Frantzisko Joxe Enparanek hilaren 24an idatzitako gutunaren berri eman zuten. Bertan, erregeak Kanarietako (Espainia) komandante nagusia izendatu zuela adierazi zuen, eta Udalak zoriontzea erabaki zuen.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan