Eguna: 7-29

  • 1981-7-29. Behin-behinekoz onartu zuten Basarte industrialdearen hirigintza proiektua.
  • 1979-7-29. Itsasi Dantza Taldeak ttuntturroak desfilatu zituen lehen aldiz herrian.
  • 1972-7-29. Zelaitxo antzokian aurkeztu zuten 'Mariñelak' zartzuela, Agustin Zubikarairen hitzekin eta Joxe Mari Altunaren musikarekin.
  • 1936-7-29. Udalak langabezian ziren ezkongabeei egunean bi pezeta ematea eta ezkonduei hiru pezeta ematea erabaki zuen, Frente Popularrarekin eta ELArekin eginiko bileraren ondoren.
  • 1926-7-29. Diputazioak herriko epaitegiari heltzeko nola jokatu behar zen adierazi zuen: Udalak bost mila pezeta probintziaren Altxortegi Nagusian sartzea, bi mila pezeta Udalak ordaintzea eta hiru mila pezeta lurraldeko udalen artean banatzea erabaki zuen.
  • 1907-7-29. Herriko kartzelan ziren sei presok egindako eskaera gogoan izan zuten eta, uztailaren 31n San Inazio eguna ospatzen zenez, sei litro ardo ematea erabaki zuten.
  • 1861-7-29. Alkateak adierazi zuen errukietxeko juntak erabakia zuela Elormendi baserriaren inguruan zen Bilitain iturburutik ura ekartzea, eta kontuan izanda gastu handiak sortuko zituela erabaki bat hartu beharko zutela jakinarazi zuen, Udala baitzen bertako patroia. Proiektua egiteko modukoa zen, eta baimena ematea erabaki zuten.
  • 1811-7-29. Parrokiko erretoreari abuztuaren lehen eguneko Loiolako elizkizunak bertan behera uztea erabaki zutela esanez albistea pasatzea erabaki zuten.
  • 1793-7-29. Parrokiko erretoreari eta Urrestillako bikarioari elizetan prozesioetara ahalik eta biztanle gehien joateko deialdia egiteko erregutzea erabaki zuten. Prozesiora, ohikoa zen bezala, jantzi beltza zutela eta armak zituztela azaldu beharko zuten. Eta bi konpainietako gazteei -armak erabiltzeko trebezia zuten-, lerroan jarri eta ohoreak eginda tiroak botatzea agindu zieten.
  • 1773-7-29. Kontseilu Errealak ohiko San Inazio festak ospatzeko eman zuen baimena irakurri zuten, eta gastuak ordaintzeko gehiengoz 2.800 erreal izendatu zituen.
  • 1767-7-29. Aurreko egunean Udalak idatzitako gutuna erantzun zuten parrokiko apaizek. Gutunean prozesioei buruz zerbait esan zezakeen bakarra apezpikua zela adierazi zuten. Hori jakin ondoren, berriro idaztea erabaki zuten, Udalaren nahia ohiko prozesioari heltzea zela adierazteko. Eta prozesioan erretoreak onartutako aldaketa txiki bat baino ez zutela proposatzen zioten: Enparan kaletik igaro beharrean hiru zubietatik jira egitea.
  • 1733-7-29. Sañu mendian -herriaren basoan- sua izan zen arratsaldez eta, kanpaiak jo ondoren, herritar asko agertu zen bertara eta sua itzaltzea lortu zuten.
  • 1712-7-29. Herri barruko etxe batzuk hondamenean eta erortzeko arriskuan zireneko kexa jaso ondoren, Lazaro Lanzeira eta Bartolome Larraar maisu hargin eta zurgina izendatu zituzten iritzia agertzeko.
  • 1685-7-29. Kanpoko sagardo asko saltzen zen herrian eta baserrietan inolako baimenik gabe. Hori sagardoa egiten zutenentzat kaltegarria zenez, bostehun maraiko isuna ezartzea erabaki zuten.
  • 1681-7-29. Alcañizasko markesak Juan Martinez Agirreri Aiota Paskual Casanuevak izendatutako zuenarekin batera Loiolako Fundazioaren tokia aukeratzeko ahalmena eman zion.
  • 1646-7-29. Kataluniara joango ziren bederatzi boluntarioak aurkeztu zituzten, eta bakoitzari zilarrezko zortzi erreal ordaintzea erabaki zuten; erdia orduan eta beste erdia bertaratzean.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan