Eguna: 7-30

  • 2018-7-30. Izarraitz taldeko txistulariek eta Euskaraldiko ordezkariek bota zuten saninazioetako txupinazoa.
  • 2015-7-30. Europako Sega Txapelketa iragartzeko Etxebeltz-Izarrako biribilgunean jarria zuten belar-metari su eman zioten.
  • 2014-7-30. Orkatz konfiskatzeko agindua eman zuen Auzitegi Nazionalak 'herriko tabernen' auziko epaian.
  • 2012-7-30. Jose Maria Vicente Loiolako Erretore Nagusi izendatu zuten.
  • 2011-7-30. Julian Barrenetxea Abesbatzakoek eta Azpeitiko Ikastola Ikasberriko kideek bota zuten 2011ko saninazioetako txupinazoa.
  • 2003-7-30. Saninazioetako txupinazoa Ainara Epelde, Aitor Zubillaga eta Kepa Peñagarikanok bota zuten, Julian Eizmendi alkate berriarekin batera. Ordu arte, beti alkateak bakarrik botatzen zuen txupinazoa.
  • 1992-7-30. Xoxoteko harrobian eskalatzen ari zela, Asier Urkizu 'Beltza' alpinista herritarra hil zen.
  • 1990-7-30. Herbehereetan Hassen hirian ospatutako Elbarrituen Munduko Txapelketan slalom eta 100 metrotan bigarren izan zen Jabier Madina omendu zuen Azpeitiko Udalak.
  • 1977-7-30. Azpeitiko urrezko intsignia emateko arautegia irakurri eta onartu zuten. Hilabetean jendeak ikusteko jarri zuten, eta Espainiako Gobernu Ministeriora ere bidali zuten, honek ere onar zezan.
  • 1934-7-30. 'Sabino Arana Goiri' deitura zuten bi plaka ordaintzea erabaki zuten, Plaza Txikian jartzeko.
  • 1933-7-30. Elizkizun handiak ospatu zituzten parrokian, 1932ko martxoaren 26an izandako sutearen hondamenak zuzenduta baitziren. Mateo Mujika Gasteizko apezpikua han izan zen, eta Julian Barrenetxea organoan eta Lazaro Larreak zuzenduta herriko abesbatzak L. Refficeren meza kantatu zuen.
  • 1923-7-30. Herriko agintarientzat hamabost intsignia bidali zituen Bilboko L. Anduiza etxeari ordainketa egitea erabaki zuten.
  • 1888-7-30. Loiolako eliza kontsakratu zuen Valladolideko (Espainia) artzapezpikuak.
  • 1887-7-30. Erdi kaleari 'San Inazio' deiturazko plakak jarri zizkioten.
  • 1885-7-30. Vista Alegre Frontoia inauguratu zuten.
  • 1812-7-30. Domingo Tomas Zabalak herriari berak aurreratutako dirua kobratu nahirik idatzi zion. Eta Udalak, komunikazioak moztuta egon zirela, gaueko hamaiketan baioneta artean Durangoko mendietara eraman zituztela eta ondoren gau euritsuan jasotako zauriak sendatu bitartean etxean erretiratuta izan zirela jakinaraztea erabaki zuen. Gaineratu zuen hurrengo egunetan garbituko zituztela kontuak.
  • 1804-7-30. Korrejidoreak debekaturik zituen zezenketak, dantzak eta gainontzeko jaialdiak, eta alkateak jakin gabe bando bat zabaldu zuen gaueko ekintza guztiak bertan behera uzten zituela adieraziz. Goizeko bileran horri buruz hitz egin zuten, eta korrejidorearekin harremanetan jartzea erabaki. Arratsaldean berriz ere biltzeko gelditu ziren. Arratsaldeko bilera horretan, Udalak antolatuta zituen gaueko ekintza guztiak aurrera eramatea erabaki zuten, herriak Kontseiluko gobernadorearen baimena lortu baitzuen.
  • 1752-7-30. Udalak deituta, herrian ziren hamar ofizial zurgin aurkeztu ziren Ferrol hirira (Galizia) joateko. Guztiak Donostiara bidaltzea erabaki zuten, Joxe Antonio Azkueren gutun batekin, Intendentearen zerbitzura jartzeko. Herriak bakoitzari 60 erreal eman zizkion.
  • 1703-7-30. Gregorio Aranburu, Jeronimo Sarasua, Joxe Joaristi eta Aszensio Larraar harginek Urrestillako eliza lauzatze lanak entregatu zituzten.
  • 1684-7-30. Gaztelako Kontseilu Nagusiari ardoari, behi haragiari eta ahariari bi maraiko zerga ezartzeko baimena lortzeko eskaera zuzentzea erabaki zuten.
  • 1610-7-30. Parrokian eta San Inaziori eskainitako aldarearen aurrean Udalak, herritar guztien izenean, santuaren eguna urteetan ospatzeko agindua eman zuen, eta Joan Lopez Ondarra eskribauak guztiaren berri jaso zuen.
  • 1523-7-30. Gaixotasun luze baten ondoren Juan Antxieta musikaria hil zen, Azpeitian.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan