Eguna: 8-1

  • 2008-8-1. Hainbat herritarren ekimenetik abiatuta, lehenengo aldiz Bakailao Txapelketa egin zuten, herriko plazan.
  • 1996-8-1. Parrokiko erretoreak hartutako erabakiaren ondoren, Loiolarako ohiko prozesio elizkoia bertan behera utzi zuten, eta haren ordez lehen prozesio hirikorra egin zuten.
  • 1990-8-1. San Agustin elizan San Inazioren ikonografiari buruzko erakusketa inauguratu zuten, Loiola'91 Batzordeak antolatutakoa.
  • 1988-8-1. Instituzioen aurkako manifestazioak egin zituzten, eta haien eta herriko udaltzainen artean iskanbilak sortu ziren eguneko prozesio garaian.
  • 1955-8-1. Inazio Perez Arregi hil zen, Donostian.
  • 1918-8-1. Inazio Perez Arregi herritarrak bultzatuta Diputazioko klarineroek 'Agur Jaunak' estreinatu zuten.
  • 1902-8-1. Plazan altxatzen zen egurrezko zezen-plazan azken zekorketa ospatu zuten. Beriain semeen zezenekin Tomas Alarcón 'Mazzantinito' toreatzailea neurtu zen.
  • 1841-8-1. Banderillak jartzean, Joxe Buenabentura 'Laka' toreatzailea zauritu egin zuen Erlete baserriko zezenak. Hurrengo egunean hil zen.
  • 1814-8-1. Arratsaldez plazan jolastu zen zezen bat baionetarekin zauritu zuen guardian zegoen soldadu batek.
  • 1812-8-1. Intendenteak idatzitako ofizioaren berri adierazi zuten. Genaro Jauregi kontseilari izendatu zuten abuztuan eta irailean Udalaren buru izateko. Genarori deitu eta jabetza eman zioten gainontzeko agintariek.
  • 1812-8-1. Egindako eskaerak erantzuteko, 1.800 zatiko eman behar izan zituzten agintariek. Haragia honela banatu zuten baserritarren artean: Oñatz auzokoek 32 erralde, Odriakoek 18, Aratz auzokoek 22, Loiolakoek 17, Eizagirre mendikoek 28, Izarraitzekoek 32, eta, horiez gain, 24 anega arto banatu zituzten.
  • 1774-8-1. Manuel Bentura Figueroak herriak uztailaren 15ean idatzitako gutunari eman zion erantzuna irakurri zuten. Bertan Loiolako Santutegian, San Inazio egunean, jesuitak bertatik bidali aurrez egin ohi zen bezala meza ospatzeko baimenaren eskaera Kontseilu Nagusira pasatuta zuela esaten zuen.
  • 1774-8-1. Udalak, lortuta zuen erreal probisioa kontuan izanda, herriko semeen hezkuntzarako sortu nahi zuten Gramatika katedraren deialdiak egin zituela jakinarazi zuen. Maisutza postua lortu nahirik Alejandro Cabañas, Joseph Tejada, Antonio Ballenilla eta Domingo Etxeberria aurkeztu zirela ere jakinarazi zuen. Azterketak egiteko Martin Erro eta Inazio Xabier Balzola, Andoainen eta Bergaran Gramatika maisuak izendatzea erabaki zuten.
  • 1763-8-1. Alkateak adierazi zuen parrokiko apaizekin harremanetan jarri ondoren eta Frantziskanetako lekaimeen erreguak entzun ondoren, egokia zela Loiolako Santutegira egun hartan egingo zuten prozesioa bide berritik pasatzea. Ontzat hartu zuten gainontzeko agintariek ere horrela egitea, baina ondorengo urteetarako inolako zerikusirik gabe.
  • 1745-8-1. Azkoitiko lurraldearen mugatik Loiolara bitarteko bidea egitea erabaki zuen herriak, Inazio Ibero maisuak zuzenduta. Norbait obra hori egiteko inolako interesik gabe dirua aurreratzeko prest zen eta harekin harremanetan jartzea erabaki zuten. Herriak dirua mendiak saltzean emango ziola jakinarazi zion, hiru zatitan banatuta: 1748, 1749 eta 1750ean.
  • 1682-8-1. Gauean herriko San Martin ospitalearen zati bat erre zen.
  • 1551-8-1. Frantzisko Borjak bere lehendabiziko meza eman zuen Loiolako San Inazioren otoiztegian.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan