Eguna: 8-12

  • 2011-8-12. Mikel Labaka futbolariak Reala utzi eta Espainiako Lehen Mailako beste talde batekin, Rayo Vallecanorekin, sinatu zuen bi urterako.
  • 2000-8-12. Joxe Urbieta 'Takolo' mendizale ezaguna hil zen, etxean, bihotzekoak jota. 1980an Everesteko euskal espedizioan parte hartu zuen; orduan lortu zuen euskal mendizale batek lehen aldiz munduko tontorrik handiena (8.848 metro) zapaltzea -Martin Zabaletak-.
  • 1955-8-12. Gregorio Ansoalderi Foru Pasealekuan Zelaitxo zinema zabaltzeko baimena eman zioten. Aurrez herri eskubideak ordaindu zituen.
  • 1934-8-12. Indar publikoek Kontzertu Ekonomikoa eta Herri Autonomiarako Batzordea osatzeko ordezkariak aukeratzeko udaletxean hauteskundeak egitea debekatuko zuten eta, beraz, Harzubiako 4. eta 5. zenbakia zuten etxeetan bildu ziren, aktan jaso zenez. Ondoren, herriko idazkariak gobernadore zibilak emandako agindua irakurriko zuen. Bertan, legez kontrakotzat hartzen zen egin zitekeen aukeraketa.
  • 1897-8-12. Tranbia elektrikoaren proiektua aurrera eramateko sortutako batzordeak beharreko oinarriak adierazi zituen. Oraa ingeniariak egindako aurrekontua 2.430.000 pezetakoa zela jakinarazi zuten, eta horietatik 1.700.000 pezeta akzioetan lortuko zituzten. Estatutuen arabera, Azpeitiko herriak 363.045 pezeta ordaindu beharko zituen, baina herriari gehiegi iruditu zitzaion eta gehienez ere 272.284 pezeta emateko prest agertu zen.
  • 1895-8-12. San Inazio gauetan pilotalekuko lorategian argi elektrikoa jartzea ordaindu zuten.
  • 1891-8-12. Herriko artxiborako apalategi berria egitea erabaki zuten, idazkariaren zuzendaritzapean.
  • 1872-8-12. Diputazioak adierazi zuen herriko boluntario foralak armatzeko 54 Remington fusil ordaintzeko baimenik ez zuela eta Probintziako Batzar Nagusiek kontribuzioa kobratzean erdia ordaintzea erabakita zutela. Herriak arma horiek Tolosako batzarrean Diputazioak ordainduko zituela erabaki zelako erosi zituela erantzun zuen.
  • 1872-8-12. Probintzian agertu zen bandido taldea ahalik eta azkarren ezereztatzeko aholkuak eman zituen Gipuzkoako Diputazioak. Garrantzitsuena taldekideren bat ikustean kanpaiak jotzea zen, haien aurka egiteko 18 urtetik 55era bitarteko herritar guztiak udaletxean biltzeko. Agindua betetzen ez zuen edozein alkatek edo udalek hiru mila pezetako isuna ordaindu beharko zuten, eta biztanleek hirurehun pezetakoa.
  • 1861-8-12. Joxe Mari Azpiroz perituak Sotero Tapiak egindako herriko harategi eta arrandegiaren likidazioak aurkeztu zituen, eta Udalak ontzat hartu zituen.
  • 1845-8-12. Erregeak probintzian igaroko zirenez, Diputazioak eman zituen arauen berri adierazi zuten.
  • 1786-8-12. Joseph Antonio Gesalaga maisuak Joxe Etxeberriak parrokiko sakristian egindako lanak ikusi ondoren, txostena aurkeztu zuen. Bertan, aurrekontuan adierazitako 5.540 errealez gain, 1.327'50 errealeko kostua zuten hobekuntzak egin zirela esan zuen. Ordaintzea erabaki zuten.
  • 1733-8-12. Balmedianoko markesak, Frantzisko Joseph Enparan, Joxe Inazio Bikuña eta Maria Ana Portuk Loiola bitarteko bide berria egiteko euren lurralde zatiak erabiltzeko baiezkoa emanez erantzun zuten. Horrela lanak hasteko dena prest zen; izan ere, Inazio Ibero maisuak bidearen itxura aurreratuta zuen, eta ahalik eta azkarren lanean hasteko bidearen egitura seinalatzeko eskatzea erabaki zuten.
  • 1682-8-12. Fidelak adierazi zuen Madalenako ermitako sarreran bataiatu gabeko haur utzi bat topatu zuten. Ermitako etxean bizi zen Frantziska Urzelairi -Juan Ulaziaren emazteri- eman zioten umea. Baina aurretik bataiatu egin zuten, eta aitabitxi alkatea izan zuen. Umea norena zen jakiteko ere gestioak egin zituzten.
  • 1669-8-12. Parrokiko kanpai handia funditzeko eskritura sinatu zuten Pedro Foncueba maisuarekin.
  • 1665-8-12. Hildako zezenaren haragiak 290 libra pisatu zituela eta 119 libra 84 errealean saldu zirela adierazi zuten. Gainontzekoak ibaira bota zirela jakinarazi zuten, 171 libra saldu ezinean gelditu baitziren.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan