Eguna: 8-13

  • 2020-8-13. Irene Altuna lore dendak aitortza jaso zuen bere 25. urtemugan.
  • 2011-8-13. Gazte kristauen topaketen baitan, bigarren jardunaldiak izan ziren Loiolan. 5.000 gazte inguru elkartu ziren bertan.
  • 1918-8-13. Frantzisko Altunari Azpeitiko udaletxeko eskaileran herriko armarria jartzea ordaindu zioten.
  • 1888-8-13. Lurraldeko kartzelako obrak egin zituzten eta Udalak lehen zatia ordaintzea erabaki zuen.
  • 1883-8-13. San Inazio hirugarren egunez herritarren artean ospatutako zekorketan parte hartutako toreatzailerik onenaren saria Felipe Iriarteri ordaindu zioten.
  • 1873-8-13. Herriko hiru agintari ez beste guztiak kanpoan ziren eta horientzat laguntzaile batzuk topatzeko batzarra egin zuten. Batzarrera herritar berezienak edo agintaritzarako gai izan zitezkeenak deitu zituzten, eta ondoren batzordea izendatu zuten. Juan Bautista Altube, Agustin Erentxun, Miguel Castiella, Inazio Mari Fernandez eta Nikolas Goia bildu ziren batzar horretan, baina herrian ziren hiru agintariak ez ziren azaldu.
  • 1855-8-13. Koleraren menpean ziren herritarrei laguntza emateko herrian hiru emakume erizain zirela adierazi zuten. Lanean ari ez ziren bitartean bakoitzari bi erreal ematea erabaki zuten eta lanean ari zirenean sei erreal.
  • 1837-8-13. Erregidore zaharrenak zuzendu zuen Herri Batzarra, eta bertan jakinarazi zuten lau egunetan alkatea aukeratuta ez bazen ehun dukateko isuna ezarriko ziola Diputazioak herriari. Kontuan izanik urtearen hasieran aukeratutako bi erregidore preso zirela eta beste hiru ez zirela batzarrean, batzarrean ziren hiru erregidoreen artean aukeraketa egitea erabaki zuten, Diputazioak ikus zezan bere aginduak bete nahi zirela. Horrela, Juan Bixente GastaƱaga aukeratu zuten alkate, Frantzisko Arregi teniente eta Manuel Etxeberria erregidore.
  • 1815-8-13. Diputazioak agintari nagusiek jesuitak penintsulara itzultzeko laguntza aurkitzeko egin nahi zuten postulazioaz idatzi zuen. Herriak erantzun zuen hilaren 10ean 2.648 erreal bildu zirela eta oraindik Urrestillakoa egiteko zela.
  • 1814-8-13. Probintziak hilaren 12an idatzitako gutun batean adierazi zuten erregeak hiru probintzietako (Araba, Bizkai eta Gipuzkoako) foruak, ohiturak eta askatasuna onartu zituela. Herriak pozik jaso zuen berria.
  • 1811-8-13. Unean herriak zituen beharrak kontuan izanda, Frantzisko Jauregi diruzainari ahalik eta azkarren Joxe Inazio Altunaren gari guztiaren jabe egiteko ahalmena ematea erabaki zuten. Altuna herritik kanpo zen eta kontribuzioa oraindik ordaindu gabe zuen. Luis Bombaliarrekin gauza bera egitea erabaki zuten, eta herriak kontuak ondoren konponduko zituela erabaki zuten.
  • 1787-8-13. 1526an herria eta apaizen artean iritsitako konkordia apaizen Ondasun Planari erantsi behar zitzaiola erabaki zuten, eta erretoreak adierazi zuen bere kontura ordezkari bat edo bi izateko zuen betebeharra.
  • 1705-8-13. Azkoitian zen Diputazioa eta hilaren 20an batzar berezia ospatzeko deialdia egin zuen, erregearen idazkari Joseph Grimaldik egindako soldadu eskaeraz erabakia hartzeko. Herriak bere ordezkariak aukeratu zituen.
  • 1705-8-13. Alkateak Egibar etxean saninazioetan inolako baimenik gabe ardoa saldu zutela jakinarazi zuen, eta erabaki zuten salaketa egin ondoren kartzelaratzea eta 50 dukateko isuna ezartzea.
  • 1705-8-13. Atxarango presa berria ikusteko Akotegi erregidorea eta Domingo Segurola peritua izendatu zituzten.
  • 1681-8-13. Hurrengo igande arratsaldeko ordubietan herritar eta biztanle guztiak euren armekin biltzeko, San Agustin egunean parrokien bidez deialdiak egitea erabaki zuten. Bostehun eta hirurehun maraiko isuna ere ezarri zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan