Eguna: 8-16

  • 1920-8-16. Zumarragatik Zumaiara bitartean egingo zen Urola trenaren proiektua ontzat hartu zutela jakinarazi zuten.
  • 1897-8-16. Orbegozok, Zumarragatik Zumaiara bitartean jarri nahi zen tranbiaren proiektuaz herritarren artean jasotako iritzien berri jakinarazi zuen. Horrela, bilerara agertu ziren ehun lagunetik kontrako iritzia bik bakarrik agertu zutela esan zuen eta biok oinarririk gabe eman zutela iritzia. Beraz, proiektua aurrera eramateko benetako gogoa nabaritzen zela azaldu zuen. Gauzak horrela, Udalak 272.287 pezeta ordaintzea erabaki zuen, proiektuaren konpromiso osoa hartuta.
  • 1897-8-16. Lodosako biztanle Meliton Catalanen izenean idatzi zuen Bartolome Uzinek, herritarrek eta azken saninazioetako zezenketa antolatzaileek azken zezenketako animalia guztiek agindutako pisua osatu zutela esanez, zinegotzi batzuek zezen batek bi libra gutxiago pisatu zituela adierazi bazuten ere. Udalak Uzinek adierazitakoa aintzakotzat ez hartzea erabaki zuen.
  • 1774-8-16. Etxetxo baserriko Antonio Arregik hazitarako zuen idiskoa gaixorik zela jakin zuten, hamabi bat egun aurrez Tolosatik jira egin ondoren. Jabeari toki aparteko batean edukitzea eskatzea erabaki zuten, etxean bertan, atera gabe, eta inguruan guardiak jarriko zituzten. Ondoren, Antoniori berari udaletxera deitu zioten eta, egunik galdu gabe, goizeko zortzietarako idiskoaren berri alkateari eman beharko zion.
  • 1765-8-16. Herriko dorrean zen ordularia ikusi ondoren, Guillermo de la Prada maisuak konpontzea baino berria egitea hobea zela adierazi zuen, berak 3.300 errealean egingo baitzuen. Horrela egitea erabaki zuten, eta sinatu beharreko eskrituran 1763an parrokiko ordularia egitean jarritako baldintza berak ipini zituzten.
  • 1753-8-16. Frantzisko Ostolazak enkante publikoan hartu zituen Caracasko Erreal Konpainiari emandako berrehun zuhaitzen hondakinengatik, 274 ikatz zama ordaindu zituela adierazi zuten.
  • 1670-8-16. Parrokiko eliza egiten aritu ziren Joan Ansola eta Martin Garatetxea maisuak, eta Juan Setian Aguero izendatu zuten maisutzat eurek egindako lanak ikusteko, eta herriak Simon de Pedrosa izendatu zuen.
  • 1641-8-16. Herriaren lurralde zatiak lantzeko baimena eman zieten Juan Lopez Eizagirreri eta Juan Gurrutxagari, Eizagirre eta Pagaola baserrikoei.
  • 1639-8-16. Frantzisko Goitia parrokiko erretorea eta Frantzisko Zelaiaran, Esteban Berrasoeta, Juan Bautista Arbiza eta Adrian Elordi apaizak udaletxean agertu ziren, probintziak emandako aginduak kontuan hartuta Andre Mariaren eguna antolatu nahi baitzuten. Irailaren 7an Hondarribiko setioan erregearen armak lortutako garaipena ospatzeko, kaleetan prozesioa egitea erabaki zuten.
  • 1570-8-16. Juan Zuola, Pedro Uranga, Gaspar Urbieta eta Mandiola batxilerrak eta Elolako kaperauak txosten bat aurkeztu zioten herriari. Bertan, dotea eskaintzeko urtean sei emakume gazte baino gehiago ez izendatzea eskatzen zuten, aurreko urtean ere hiru edo lau bakarrik ezkondu baitziren; eta semerik gabe gelditu ziren alargunei dotea itzultzeko ere eskatzen zuten, besteak beste. Herriak, kaperauek emakume ezkongaiak zenbat izan behar zuten aukeratzeko ez zuela inolako eskubiderik erantzutea erabaki zen.
  • 1570-8-16. Herriz kanpo bizi zirenekin sortutako eztabaidak izan ziren, eta Pedro Goiazi agindu zioten Gasteizera joan eta bertan gertatzen zenaren berri ematea, Azpeitiko herriak foru bera baitzuen.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan