Eguna: 8-22

  • 2009-8-22. Txetxu Iriartek erremontea utzi zuen.
  • 1993-8-22. Trenaren Museoko bi bagoi zahar erre zituzten.
  • 1963-8-22. Anaia Maristen probintzialak bidalitako txosten baten berri eman zuten. Bertan Udalak ikastetxe berri bat egiteko emandako hitza bete ez zuelako, Maristek herriko ikastetxea uztea erabaki zutela azaldu zuten, eta jakinarazi erabakia ikasturte berria hasteko unean beteko zutela -1964ko irailaren 15ean-, ikastetxe egokirik ez bazuten. Aho batez erabaki zuten baldintzak betetzea.
  • 1954-8-22. Juan Ibarguren Manterola eta Florian Olaizola 'Txikerra' neurtu ziren hamarreko kubikoarekin, hamar minutuko hiru saiotan, lehenenak lau jasoaldiko abantaila zuela. Batak eta besteak 99 jasoaldi egin zituzten.
  • 1910-8-22. Enparan zubia zabaltzeko asmoz egindako proiektuak aztertu zituzten. Azkenik, aurrez Udalak bere eskuetan zuena egitea erabaki zuten, eta enkantean jartzeko baldintzak onartu zituzten.
  • 1892-8-22. Alkateak organoan konponketa lanak egiteko parrokiko erretorearekin izandako harremanen berri adierazi zuen. Udalak herriak hamar mila pezeta horretarako eskaintzea erabaki zuen, eta gainontzekoa elizak osatu beharko zuen.
  • 1837-8-22. Joan Bixente Gastañaga Ordiziako eskribauak agintaritzara iristeko ahalmeneko herritar bezala hartzeko txostena aurkeztu zuen, ondasunak baitzituen. Baiezkoa ematea erabaki zuten.
  • 1824-8-22. Diputazioaren eskaera erantzunez, herriko lurraldean ziren tabernen zerrenda osatu zuten.
  • 1786-8-22. Herriak azkeneko bederatzi urtean zuhaitz landaketan egindako gastuen berri adierazi zuten.
  • 1761-8-22. Hilaren 12an Urrestillako parrokiko atarian aurkitutako neskatxa utzia Iruñeko Ospitale Nagusira eramatean egindako gastuak ordaindu zizkioten alkateari. Ospitalera emandako ehun errealeko limosna ere kontuan hartu zuten.
  • 1742-8-22. Parrokiko erretaula nagusia ikusteko aukeratutako maisuen iritzien berri eman zuten. Horiek lana ongi amaitutzat eman zuten eta bidezkoa ikusi zen Jaunari eskerrak ematea. Horrela, apaizekin harremanetan jarri ondoren, meza santua eta 'Te Deum' kantatzea erabaki zuten, baita San Bartolome egunean arratsaldez zezenak jolastea eta gauean herria argitzea ere.
  • 1732-8-22. Tomas Inazio Kortak herriaren izenean Tuteran erosi zituen zezenak ezagutzera eman zituen. Gainontzean egindako gastuen berri ere eman zuen; guztira 4.078 erreal pasatxo. Udalak diru hori ordaintzea erabaki zuen, eta beste 600 erreal ere bai, agindutakoa ondo bete baitzuen.
  • 1704-8-22. San Agustin eguna nola ospatu eztabaidatu zuten herritarren artean, eta bozketa bidez erabaki zuten zer egin, oso iritzi ezberdinak agertu baitziren. Horrela, alkateak, fidelak eta erregidoreetako batek eskaintzen zituzten zezenkoez gain, beste bi zezenko ekartzea erabaki zuten, baita herrian zen korrejidorea gonbidatzea ere.
  • 1704-8-22. Urteetan hauteskundeetara herritar berezi gutxi agertu zen eta, inork ez aitzakiarik azaltzeko, herriak lortutako erreal probisioaren berri parrokien bidez jakinaraztea erabaki zuten.
  • 1652-8-22. Probintziak adierazi zuen Zaragoza hirian (Espainia) izurritea zela eta herrietan guardiak egitea egokia zela. Ohiko postuetan guardiak egitea erabaki zuten: Bustinzuriko Gurutzean, Madalenako ermitan eta Enparango zubian.
  • 1639-8-22. Diputazioak bidalitako gutun batzuen berri eman zuten. Gutun horietako batean herriko konpainiak berehala Hernanira irteteko eskatu zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan