Eguna: 8-23

  • 2005-8-23. Joxin Arruti azpeitiar presoa askatu egin zuten, zigor osoa betearazi ondoren. Duesoko kartzelan (Kantabria, Espainia) eduki zuten Arruti. Iluntzean lehen ongietorria egin zioten Orkatz Kultur Elkartean ehunen bat lagunek.
  • 1934-8-23. Ziriako Agirre presidenteak adierazi zuen herriaren interesak defenditzeko ahalegindu zen Joxe Antonio Oiarzabal alkatearekin bat egin zuela. Aho batez ontzat hartu zuten Oiarzabalen dimisioa, eta agintaritzan ziren beste guztiek ere uko egin zioten alkatetzari. Alkaterik gabe, batzarra ezerezean gelditu zen.
  • 1905-8-23. Alkatearen mozioa ontzat hartu eta batzordea izendatu zuten, ura etxebizitzara sartuta zeukatenek egindako gehiegikeriak nola moztu aztertzeko.
  • 1902-8-23. Ildefontso Gurrutxaga historialaria jaio zen. Euskadiko fiskal nagusia ere izan zen 1937an.
  • 1897-8-23. Harzubiko zubiaren inguruko Salete iturria konpontzea erabaki zuten, baina bertako eskailera zubia konponduko zenerako utzi zuten.
  • 1897-8-23. Urrestilla egunean bi bider posta zerbitzurik gabe gelditu ez zedin batzordea izendatu zuten, gaia aztertu eta bide egokia aukeratzeko.
  • 1897-8-23. Inazio Orbegozo zinegotzia herriko ordezkari izendatu zuten, tranbiaren batzordearen estatutuak gogoan izanda.
  • 1832-8-23. Herri Batzar nagusian bildu ziren, alkatea aukeratzeko asmoz. Herrian ziren hiru agintarien artean egin zuten aukeraketa, eta Juan Bixente Gastañaga izendatu zuten. Herriko bost agintari preso ziren Urretxun, soldaduei agindutako laguntza ez emateagatik.
  • 1813-8-23. Diputazioak idatzi zuen, esanez lau mila zatiko janari gerrako komisarioari emateko eta, aurreko egunez pulpitutik jakinarazi zuten bezala, jabeei aleak eskatzea erabaki zuten. Horrela egiten ez zuenari bi orduren barruan etxera militarrak bidaliko zizkiotela ere adierazi zuten.
  • 1711-8-23. Parrokien bitartez jakinaraztea erabaki zuten iraila bitartean mahatsa saltzea debekatuta zela, mila maraiko isunaren azpian. San Miguel egunera artean sagar gordinak saltzea ere debekatu zuten.
  • 1700-8-23. Alcañicesko markesa Loiola etxearen lurraldeei buruz hitz egiteko asmotan herriratzekotan zela-eta, batzordea izendatu zuten hari esker ona agertzeko.
  • 1692-8-23. Martin Eleizalde kapitainak adierazi zuen herrian zen korrejidorearen emazteak haur bat izan zuela eta haren nahia zela herriak aukeratutako bat aitabitxi zuela bataiatzea umea. Frantzisko Joseph Bikuña alkatea aukeratu zuten horretarako, eta korrejidoreari eskerrak ematea erabaki zuten.
  • 1687-8-23. Alkateari Erdi kaleko etxeen artean ziren karkabak garbiaraztea agindu zioten. Etxebizitzetako biztanleek ordainduko zuten garbiketa.
  • 1680-8-23. Herriak baso guztiak Joseph Iturriagari saltzea erabaki zuen, zilarrezko 70.000 errealen truke. Iturriagak hamabost urteren barruan ikatza egin beharko zuen, baina zuhaitz bakar bat ere oinetik ebaki gabe.
  • 1646-8-23. Inazio Garagarza San Agustin komentuko prioreak herria santuaren eguneko elizkizunetara gonbidatu zuen. Agintariek joatea erabaki zuten eta, ohikoa zen bezala, aulki apartekoak jarri zituzten elizan agintarientzat. Baina ez zuten bazkari eta jaialdirik ospatu, herria komentukoekin auzian baitzen.
  • 1639-8-23. Eskribauak aktan jaso zuen Probintziak agindu bezala eguerdiko hamabietan herriko soldadu konpainia Enparan dorre ingurutik abiatu zela.
  • 1629-8-23. Alkateak Aranaga etxearen muga harriez Azkoitiko herriarekin hartutako erabakia adierazi zuen. Ontzat hartu zuten egindako akordioa.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan