Eguna: 8-26

  • 1983-8-26. Izugarrizko uholdeak izan ziren.
  • 1946-8-26. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko lehendakariak idatzi zuen, Azpeitiaren eta Azkoitiaren arteko mugako ermitaren egoera larriaren berri emanez. Bi herriak elkartuz konponketa lanak egitea proposatzen zuen, baita bertan irudi erlijioso bat jartzea ere. Azkoitiko herriarekin harremanetan jartzea erabaki zuten, ideia aurrera eramateko.
  • 1926-8-26. Bixente Gibertek eta Juan Etxezarretak Loiolako zelaietako kioskoetan hamar urtean opari erlijiosoak saltzeko baimena eskatu zuten. Aho batez erabaki zuten haiei sei urterako baimena ematea eta urtean bakoitzari 50 pezeta kobratzea. Bide batez, adierazi zieten sei urteko baimena amaitzean Udalak, Giberti eta Etxezarretari inolako ordainketarik eskatu gabe, kioskoak ezerezean uzteko ahalmena izango zuela.
  • 1912-8-26. Gustavo Hastoy margolariak egindako San Inazioren pintura bat erostea erabaki zuten, 300 pezetan, udaletxeko areto nagusian zintzilikatzeko.
  • 1802-8-26. Udalak San Agustin komentuko priorearen gonbitea onartu eta bertako patroi bezala egun horretako elizkizunetara agertzea erabaki zuen.
  • 1794-8-26. Herrian zehar berrehun frantziar soldadu pasatu ziren, eta Loiolako elizan topatutako guztia bereganatu egin zuten. Herrian frantziar soldadu asko izango ziren 1795eko uztailaren amaiera aldera arte.
  • 1740-8-26. San Millango markesak idatzi zuen, Erdi kaleko bere ostatuko etxe errearen horma berriro altxatuko zuela aginduz. Udalak eskerrak ematea erabaki zuen.
  • 1734-8-26. Diputazioak idatzitako gutun baten berri eman zuten. Bertan, bide eta mendietan bandidoak zirela adierazi zuten, batez ere Ordizian, Tolosan, Zestoan eta Iturriotz inguruan, eta segurtasun publikorako ahalik eta neurri gogorrenak hartzeko eskatu zuten. Alkatea jakinean zen eta agindua betetzen saiatuko zela erantzutea erabaki zuten.
  • 1734-8-26. Juan Arrigunaga fraide eta San Agustin komentuko prioreak santuaren egunerako ohiko gonbitea egin zuen, eta herriak onartu egin zuen.
  • 1714-8-26. Olazko ermitan konponketa lanak egitea erabaki zuten, benetan gaizki baitzegoen. Horretarako, bertako serorak eskainitako dotearen berri jakitea erabaki zuten.
  • 1683-8-26. Juan Apaeztegi eta Martin Olaizola maisuekin parrokiko erretaula nagusia egiteko eskritura sinatu zuten.
  • 1562-8-26. Gauean taldeak osatuz lihoa lantzen aritzen ziren neskatxek iskanbilak sortzen zituzten. Hala, emakume haietako batek emandako labankada batez zapatari gazte bat zauritu egin zen Aszensio Gorriaranen etxean. Bestalde, mutikoekin baratzetan sartuta lapurretak ere egiten zituzten. Guztia bat-batean mozteko, gau erditik aurrera lihoa lantzeko neskak eta emakumeak elkarrekin ez biltzea erabaki zen, eta ehun maraiko isuna ezarri zuten agindua betetzen ez zuenarentzat.
  • 1516-8-26. Nafarroako matxinadara joan ziren 79 herritarrei ordainketa egitea erabaki zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan