Eguna: 8-30

  • 2019-8-30. Irudi Onenaren Saria jaso zuen Xanti Rodriguezen 'Lekaime' filmak Veracruz Short Film jaialdian.
  • 2015-8-30. Hego Tiroleko eta Suitzako selekzioak gailendu zirenLoiolako zelaietan jokatutako Europako Sega Txapelketan.
  • 1997-8-30. Lurrikara txiki bat sentitu zuten herrian, gehienez ere 3,6 gradukoa. Ez zen ezer gertatu.
  • 1970-8-30. Ostolaza eta Mendizabal I.a neurtu ziren bederatziko harri zilindro zaharrarekin. Lehenenak 155 jasoaldi egin zituen, hiru saiotan, eta bigarrenak 72 jasoaldi, lehen saioan.
  • 1869-8-30. Gobernadoreak hilaren 23an, errukietxera Karitateko bost alaba ekartzeko sinatutako baimenaren berri eman zuten. Gai horretaz Madrilen herriaren ordezkari zen Agustin Etxanizek bidalitako gutunaren berri ere eman zuten.
  • 1858-8-30. Apezpikutzako bikario nagusiak eman zuen dekretuaren berri adierazi zuten. Aurrez herriak San Agustin komentuko elizan goizeko zortzietan igande eta jaiegunetan meza izateko gogoa azaldu zuen, ordu berean parrokian izaten zena aldatuz. Bikario nagusiak baiezkoa eman zuen, parrokiko erretorearen aldetik eragozpenik ez bazen behintzat, eta azken horri dekretuaren berri jakinaraztea erabaki zuten.
  • 1858-8-30. Herriak ordaintzen zituen irakasleek nolako maila zuten jakiteko azterketa batzuk egitea erabaki zuten; irailaren 2an eta 3an egingo zituzten azterketak. Albistea irakasleei eta parrokiko erretoreari jakinarazi zieten, eta toki egokia aukeratu zuten gurasoak ere azterketako lekuko izan zitezen.
  • 1732-8-30. Igarate baserria maiztertzan zuen Pedro Etxeberriak, eta 48 erreal eman zizkioten, bere etxeko estalpean bost egunean zehar saninazioetarako Nafarroatik ekarritako sei zezen eta zortzi zaldi eduki zituelako.
  • 1732-8-30. Astean eta hilean behin ospatzen ziren azokatan saldutako aleen berri emateko norbait izendatzeaz hitz egin zuten. Alondegiko pisua zaindu, zergak kobratu eta antzeko lanak egin beharko zituen. Iritziak jaso ondoren, Joseph Inazio de Villar izendatu zuten lan horretarko, egokia ikusi baitzen eskola baitzuen.
  • 1692-8-30. Herriak lur zatiak barazkiak jasotzeko bakarrik eskaintzen zituela kontuan izanda eta, ikusita aginduaren aurka aleak egiten zirela, erabaki zuten adieraztea lurrak emandako lanerako bakarrik erabili beharko zirela, eta horrela egiten ez zuenari kendu egingo ziotela.
  • 1682-8-30. AlcaƱicesko markesari idaztea erabaki zuten, herriko lurraldean zituen baserrien lurrak eta basoak mugatzeko ordezkari bat izendatzeko eskatuz.
  • 1648-8-30. Hildako animaliak ibaira botatzen zirela-eta kexak jaso zituzten, ibaiak ur gutxi baitzuen eta ura kutsatu eta gaitzen bat sortzeko arriskua baitzegoen. Hildako animaliak ibaira botatzea debekatuta zela herrian zabaltzea erabaki zuten, bostehun maraiko isunaren azpian. Hildako animaliak erre edo lurperatu egin beharko zirela adierazi zuten.
  • 1639-8-30. Alkateak jakinarazi zuen Mateo Larretxe fidelarekin enparantzan zela, Pedro Arriaran Ormaegi, IƱigo Alzaga eta Juan Lopez Ondarrak dei egin zietela, Diputazioari idatzitako gutun bat erakutsiz. Herriak prestatutako ehun laguneko soldadu konpainiaren zerrenda zuten, eta bertan aipaturiko hirurak ez ziren agertzen, Domingo Kortaberriak eta Antonio Altunak boluntario joateko eskaintza egina bazuten ere. Eskribauari agindu zioten Diputazioaren aurrean gauzak garbi uzteko.
  • 1579-8-30. Altxamendua izan zen eta Behobiara joan zen jendea.
  • 1493-8-30. Erreal zedula baten bidez bost mila marai gehitu zizkioten Juan Antxieta musikariari, aurrez kobratzen zituen hogei mila maraiko soldatari.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan