Eguna: 8-8

  • 1974-8-8. Alkateak Enparan kaleko Bazasabal etxea egoera larrian zela adierazi eta honen berri Monumentu Historiko eta Artistikoen Probintziako Batzordeari jakinarazi ziotela esan zuen, 1972ko irailaren 25ean idatzitako ofizio baten bidez. Inork ez zuen erantzunik eman, eta aho batez Bixente Gibert arkitektuari zer egin jakiteko txostena eginaraztea erabaki zuten.
  • 1935-8-8. Udalak Guardia Zibilarentzat erositako eraikinean egindako obren likidazioa onartu zuen.
  • 1933-8-8. Alkateak Inozentxio Larrañaga EAJko herriko Juntako buruak hilaren 7an sinatutako gutun bat irakurri zuen. Bertan, abuztuaren 1ean Loiolan Sabino Arana eta Goirik sortutako 'Iñaki Deuna' ereserkia kantatzea debekatu zela adierazi zen. Eta euskal hizkuntzari begirunerik gabe kaltea egin eta herriko apaizek euskal giroarentzat zuten gorrotoa agertzeaz gain, abertzaleen sentimenduak ukitu eta euskara kolpatu zutela ere esaten zen. Emandako iritziarekin bat egiteko eta protestaren berri apezpikutzara eramateko ordezkari bat izendatzeko eskatu zioten Udalari. Azpeitiko Udalak aho batez protestarekin bat egitea erabaki zuen, eta alkatea izendatu zuten osatu nahi zen batzorderako.
  • 1918-8-8. Parrokiko Juntak adierazi zuen Udalak parrokiari San Inazioren zutoihala oparitzeko asmoa zuela. Zutoihala herritarren artean bildutako laguntzarekin erositakoa zen eta apezpikuak uztailaren 31n bedeinkatu zuen.
  • 1900-8-8. San Inazio egunean ospatutako zekorketan bigarren zezena hil zuenean alkateak Cocherito toreatzaileari eskainitako hogei pezetako saria ematea erabaki zuten.
  • 1900-8-8. Saninazioetan ospatutako zekorketan hildako Nafarroako sei zezenetatik baldintzetara bakar bat baino ez zen iristen, eta bakoitzeko ehun pezeta gutxiago ordaintzea erabaki zuten. Guztira, beraz, 1.700 pezeta. Baina azkenean zezenetako bat bidean gaixotu zela jakinda, 1.200 pezeta gutxiago ordaintzea erabaki zuten.
  • 1898-8-8. Zinegotzi batek proposatuta, herriz kanpo zezen-plaza egiteaz hitz egin zuten, eta behar zen azterketa egiteko alkatea eta Orbegozo eta Klemente zinegotziak osatutako batzordea izendatu zuten.
  • 1880-8-8. Zinegotzi batzuek adierazi zuten okindegietan behar bezalako pisu gabeko ogia saltzen zelako kexa handiak zirela herrian eta, txandatuz, astean behin okindegiak bisitatzeko baimena eman zieten.
  • 1859-8-8. Diputazioak Getarian egindako Batzar Nagusiak hartutako erabakia adierazi zuen. Hain zuzen ere, Azkoititik Urretxu eta Zumarraga bitartean, Urola ibaiaren inguruan, errepidea egitea. Diputazioak errepidea egiteko prest zela ere adierazi zuen, herrien aldetik behar zen diru laguntza lortuz gero. Gai horri buruz Azkoitiko alkateak idatzitako gutuna ere irakurri zuten. Bertan, bailarako herriak Azpeitiko udaletxean hilaren 9an bilera egiteko prest zirela esaten zen. Alkatea aukeratu zuten bilera horretara joateko.
  • 1690-8-8. Herria, tokatzen zitzaizkion lau soldadu eta erdi ordaintzeko dirua bildu beharrean zen, eta auzo biztanle guztien zerrenda osatzea erabaki zuten.
  • 1690-8-8. Joxe Abarrategiri ehun errealeko isuna ezarri zioten, uztailaren 31n eta abuztuaren 1ean elur libra lau maraitan saldu baitzuen, hiru maraitan egin beharrean.
  • 1599-8-8. Hilaren 28an ospatuko zen San Agustin egunerako herritarrek hamabi zezen eskaini zituztela adierazi zuten. Zezen horiekin jolastea erabaki zuten, eta korrejidorearentzat eta honen laguntzaileentzat oholtza jarriko zen.
  • 1599-8-8. Herriko haragi hornikuntza egiten zuenari hiltegirako behi eta idiak kaleetan ez ibiltzea agindu zioten, hamar mila maraiko isunaren azpian.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan